«Proiektu txikitzaileak» eteteko protestara deitu dute Iruñean
2010-06-03
Partekatu - Compartelo
Hamahiru plataformak antolatuta, ekainaren 26an egingo dute manifestazioa, Golem zinemetatik abiatuta
Nafarroak azken hamarkadetan izan duen garapenarekin kezkatuta, lurraldeko hamahiru plataformak manifestaziora deitu dute. Nafarroa bizirik nahi dugu lelopean, «ingurumena defendatzera» deitu dituzte herritarrak. Protesta hilaren 26an egingo dute Iruñean. Horren bitartez, «herritarren argudio ekologiko eta sozialen arrazionaltasunaren alde, kapitala eta bere zerbitzura dagoen jauntxokeria salatuko dugu», dio plataformek era batuan kaleratu duten manifestuak. Agiria sinatu dutenen artean talde hauek daude: Castejon-Gasteiz goi tentsioko lineen aurkako plataforma, Monte Alduide koordinakundea, Larra-Belagua elkartea, AHT Gelditu! Elkarlana, Arga Bizirik!, Itoizko Urtegiak Kaltetutako Auzokideen Asanblada eta Aroztegia… eta gero zer? elkartea. Elkarte horretako kide da Joseba Otondo, eta, jakinarazi duenez, azken urteetan talde bakoitzak bakarka egin ditu aldarrikapen horiek, eta lehenengoz era bateratuan egingo dituzte Iruñeko protestan. Izan ere, salatu dutenez, Nafarroako Gobernuaren babesaren bitartez, zenbait herritan «proiektu irrazionalak» inposatzen ari dira. Hamahiru plataformek erreferentzia zuzena egin diete, honako proiektu hauei: Itoizko urtegia, Castejongo zentral termikoa, Lizarraldeko goi tentsioko linea, Baztango Aroztegiko hirigintza egitasmoa, Iruñeko AHTaren geltokia, Olatzagutiko errauste planta, Bardeako tiro poligonoa, Zilbetiko harrobia, Leitzako parke eolikoa eta Sarriako presa. Lurra, nekazaritza eta industria «multinazionalen eta espekulatzaileen» eskuetan daudela irizten diote manifestaziora deitu dutenek. «Garapena, modernitatea eta horrelako hitz ponposoekin mozorrotuta, herri xehearen interesak eta hitza baztertu egiten dute». Ezinbestekotzat jo dute, Nafarroako eremu askotan egin izan diren eta egiten diren «gehiegikerien» aurka ahotsa altxatzea. Manifestua sinatu duten hamahiru plataforma eta herri ekimenek deia egin diete herritarrei heldu den ekainaren 26an, 19:00etan, Iruñeko Golem zinemetatik abiatuko den manifestazioan parte hartzeko, «dagoeneko martxan dauden erantzunen elkargune eta etorkizuneko ekimen berrien abiapuntu izan dadin». Naturaren eguna Heldu den larunbatean Naturaren Nazioarteko Eguna dela eta, elkarretaratzea egingo dute Nafarroako Gobernuak Carlos III etorbidean duen egoitzaren parean Espezie asko. Planeta bat. Etorkizun bat lelopean. Lurra talde ekologistaz gain, hilaren 26ko manifestaziorako deia egin duten elkarteek ere bat egin dute elkarretaratzearekin. Lurrako kide den Juan del Barriok jakinarazi duenez, egun Nafarroako ingurumenaren egoera «oso larria» da. «CO2 gutxiago isurtzen da iazko datuekin alderatuta, baina horren arrazoia krisi ekonomikoan dago». Ziur dago krisi ekonomikoa gainditzean CO2 isurketen kopuruak gora egingo duela. Horretaz gain, Nafarroako Gobernuaren ingurumen politika ere salatuko dute. «Politika horren adierazleak hamaika izan daitezke, ez baitu gobernuak ingurumenaren iraunkortasunean pentsatzen, negozioan baizik», dio Barriok.