Zabaldi Elkartasun Etxeak XIV. Elkartasun hamabostaldirako egitaraua aurkeztu du
2010-10-16
Partekatu - Compartelo
Zabaldi-Elkartasunaren Etxearen hamalaugarren Elkartasun hamabostaldirako prestatu dugun jarduera programa aurkeztea dugu helburu. Aurten ?ZERGATIK EUTSI JASANEZINA DEN EREDUARI? izenburupean
Guztiok dakizuen moduan, Zabaldi-Elkartasunaren etxea elkartasunaren eta internazionalismoaren gaiak lantzeko hainbat kolektibo elkartzen garen gunea da. Lokala ireki zenetik, urtero aste bat edo hamabostaldi bat eskaintzen diogu elkarlanean, kolektibo guztiok garrantzitsua dela uste dugun, errealitate politikoaren edo sozialaren alderdi bat lantzeari. Aurten landuko dugun gaia garapen ereduaren jasanezintasuna da. Zabaldik beti salatu du kapitalismoak sortu duen eta, garatu duen eta garatzen jarraitzen duen garapen ereduak sortutako gaur egungo ezberdintasun ekonomikoa. Gure jarrera argia da, sistema honi aurre eginez erantzunak eta alternatibak sortzen borrokan ari diren kolektiboen eta herri zapalduen ondoan gaude. Sistema kapitalistaren krisi sakona ematen ari den momentuan gaude. Ereduaren mugak agerian uzten dituen krisiak bizi ditugu. Hasieratik agerian izan direnak baina egun herriak zorrozki eta odoltsuki gero eta modu gaiztoagoan edo erasotzaileagoan pairatzen dituenak. Krisiaren aurrean, garapen iraunkorraren panazea aurkezten digute. Ekologismoaren kutsua duten hitz hauek eredua hobetuko dutela sinestarazi nahi digute, baina mantentzea da benetan nahi dutena, hau da, munduko biztanleen % 20a, gainontzeko % 80aren eta planetaren suntsitzearen kontura oso ongi bizitzen jarraitzea. Eta hau da, gure ustez, honen aurrean zer eginen dugun planteatzeko momentua: Zergatik mantendu bere ibilbidean baztertzen duen guztia suntsitzen duen sistema suntsitzailea? zerk edo zeinek mantentzen du?, zeintzuk dira honen atzean dauden interesak? Azken finean, nondik mantentzen da jasanezina den eredu hau? Galdera hauei erantzuteko, lau zutabe nagusi (nolabait sistematizatzearren) aztertuko ditugu, ereduak irauteko eta mantentzeko funtsezkoak diren zutabeak: finantzaria, energetikoa, elikadurarena eta soziala. Honi guztiari heltzeko honako jarduerak antolatu ditugu: Urriaren 18an hitzaldiekin hasiko gara. Lehenengoa, Zer gertatzen ari da aurrezki kutxekin? hitzaldia izanen da. Finantzari-krisia ulertzeko, Nafarroako Kutxaren adibidea hartuko dugu oinarri gisa. Krisia eragin duten negozioetan bere parte-hartzea eta ematen dituzten irtenbide pribatizatzaileak aztertuko ditugu. Hitzaldia Isidro Esnaolak emanen du, ekonomista da eta zenbait komunikabideetan bere iritzi artikuluekin kolaboratzen du. 19an, asteartean, gurekin izanen dugu, Madrilgo Ecologistas en Accion erakundeko koordinatzailea den Luis González. La insostenibilidad del sistema bere hitzaldian, gaur egungo garapen ereduaren azterketa orokorra eginen du ekonomian eta erabaki politikoak hartzeko guneetan zentratuz. Asteazkenean atsedena hartu ondoren, ostegunean, 21ean, ?Feminismo crítico vs Desarrollismo sostenible.? hitzaldiarekin jarraituko dugu Emakume Internazioalistak taldeko eta Zabaldiko kide den Begoña Zabalaren eskutik. Hitzaldian, eredu sozialean hain garrantzitsuak diren zenbait alderdi xehatuko ditu: familia, zainketen krisia edo ugalketa kate transnazionalak. Urriaren 22an, ostirala, energiaren txanda izanen da Pedro Prietorekin. Pedro, AEREN-en, Baliabide Energetikoen Azterketarako Elkarteko, lehendakariordea eta Crisis Energética web orriaren sortzailea eta editorea da. ?La energía en el punto de mira? bere hitzaldian, petrolioaren zenita eta energia bereizgarriek energia fosil hau ordezkatzeko ezintasuna aztertuko ditu. Urriaren 23an, larunbata, goizeko 10etan tailer parte-hartzaile bat eginen da Bizkaiko Mugarik Gabeko Albaitarien eskutik. Tailer honek ?No te comas el mundo? izenburua du eta elikaduraren eta elikadura subironatasunaren zutabearen inguruko izanen da. Elikagaien ekoizpena, banaketa eta enpresa multinazionalek duten oinarrizko papera landuko dira. 25ean, astelehenean, hamabostaldiaren dokumentalen sailari emanen diogu hasiera. Lehenengoa, urriaren 25ean izanen da. ?El segundo desembarco. Multinacionales españolas en América Latina? dokumentala da eta Jose Manzanedak egin du Paz y dignidad GKEren laguntzarekin. Dokumentala aurkeztera egileak hurbilduko dira Zabaldira. Bigarrena, 26an, asteartean, izanen da. Elikaduraren gaiarekin jarraituko dugu Robert Kenner-en ?Food Inc.? dokumentalarekin. Zabaldiko kideak diren Mikel Muñozek eta Mertxe Gilek aurkeztuko dute. Hirugarrena eta azkena, Ecologistas en Accion-en ?27 fragmentos de ecologismo social? dokumentala da eta Iruñeko Ekologistak Martxan-eko kidea den Ester Monterok aurkeztuko du. ERAKUSKETA Hamabostaldi honek ere badu bere erakusketa. Honekin, inposatu nahi diguten garapen eredu honen aurka Nafarroako esparruan dauden ekimenak azpimarratu, agerian utzi eta laguntzea dugu helburu. Nafarroa Bizirik nahi dugu plataformak biltzen ditu erakusketa honetan protagonista izanen diren hainbat kolektibo: Itoitzeko Urtegia, Castejongo termikak, Lizarraldeako autopista elektrikoa, Baztanen Aroztegiako hirigintza-espekulatiboa den proiektua, Iruñean AHTren estazioa, Olaztiko erraustegia, Bardeetako tiro-eremua, Zilbetiko harrobia, Leitzako parke eolikoa, Sarriako presak eta ibaien, Pirineotako autobiaren, kutsadura elektromagnetikoaren? egoera. Bihar, ostirala, 20:00etan plataformako kideekin erakusketa honen inaugurazioarekin emanen diogu hasiera elkartasun hamabostaldiari. Eta hamabostaldiari amaiera emateko, urriaren 30ean, Zilbetira bisita prestatu dugu inposatu nahi diguten harrobien proiektu agertutik ezagutzeko. Monte Alduide koordinadoraren eskutik eginen dugu bisita (Zabaldin eman behar da izena). HEDAPENA Zabaldiren web orriaren bidez, www.zabaldi.org, hitzaldi guztiak zuzenean emanen dira eta kontsultarako izanen dira gero jarriak. Aldi berean, astearen emaileen eta gaiaren inguruan erreferenteak diren beste emaile batzuen artikuluekin txosten bat osatu dugu, gure web orritik jaitsi ahalko duzuena edo gure egoitzan diru kopuru txiki baten truke paperean erosi ahalko duzuena. Jarduera guztiak Zabaldin izanen dira, hitzaldiak arrataldeko 19:30ean eta dokumentalak arratsaldeko 20:00etan.