Irailean, Andoaingo alkate den Estanis Amutxastegik eta ADIFeko ( RENFE-ko tren sarearen kudeatzailea) lehendakari den Antonio González Marín-ek akordio bat sinatu zuten Andoaingo apeaderoan lur-azpiko pasabide bat egiteko. Akordio honen bidez, arriskutsutzat jotzen den lur-gaineko pasabidea ordezkatu nahi da eta bide batez, mugikortasun arazoak dituen jendeak gaur egun dituen trabak konpondu nahi dira igogailu bat ipiniz.
http://www.aiurri.com/berriak.php?id_edukia=14280
Eguzki taldea ekologistak beharrezkotzat jotzen du horrelako pausoak ematea, trena bezalako garraio publiko baten erabilgarritasuna errazteko, gaur egun herritar asko baitago trena erabili ahal izateko arazoak dituena.
Xelebrea badirudi ere, akordio hau 2008ko otsailean sinatutako akordioaren oso antzekoa da. Kasu hartan, sinatzailea, Jose Antonio Pérez Gabarain (une hartan Andoaingo alkatea), eta Antonio González Marín izan ziren.
Bi akordioen artean ez dago ia ezberdintasunik finantziazioa izan ezik. Hau da, 2008koan udalak eta ADIFek %50ean ordaintzen zituzten obrak eta 2010koan aldiz, ADIFek %50a ordaintzen du, Andoaingo Udalak nahiz Eusko Jaurlaritzak %25na ipintzen duten bitartean.
Trenbide gaineko bidea
Eguzkiren ikuspegitik ulertezina egiten zaigu nola sinatu daitekeen egitasmo berdinaren inguruan bi akordio eta kontuan izanik egitasmoak aurrekontu bati lotuak doazela, zenbait galdera sortzen zaizkigu:
Zer gertatu da 2008ko akordioa aurrera eramateko diruarekin? Zertan erabili da? 2010koarekin berdina gertatuko ote da? Egitasmo hau benetan aurrera eramango al da? Istripu edo hildako gehiago egon behar al dira behingoagatik pasabidea egiteko?
Etorkizuneko lur azpiko igarobidea
Gure ustez akordio hauen helburu nagusia Andoaingo Udalaren eta ADIF-en burua zuritzea da eraginkortasun itsura emanez. Eguzkitik uste dugu egitasmoa aurrera eramatea beharrezkoa dela eta espero dezagun hirugarren akordio baten zain egon behar ez izatea, egin beharreko lanak premiazkoak direla uste dugulako, herritarren segurtasuna bermatua egoteko.
Honekin batera aipatu nahiko genuke 2008an sinatutako akordiotik gaur egun arte emandako pauso bakarra apeaderoko hainbat zuhaitz moztea eta baranda ahul batez ordezkatzea izan dela.
Trenaren eta lurraren arteko distantzia arazoa izaten jarraituko du pertsona askorentzat
Bukatzeko, obra hauekin ez dira amaituko trenaren inguruan ditugun arazoak, mugikortasun zailtasunak dituen jendeak trena hartu ezinik jarraituko duelako, trenak apeaderoak dituen ezaugarrietara egokitzen ez direlako, horrelako bagoiak, plataformadunak eta nasaren neurrira egokitzen direnak, RENFE-k beste lurralde batzutan aspaldian martxan ditu. Gurean 2012tik aurrera ikusiko ditugula esaten badigute ere, beldur gara ez ote diren kea saltzen ariko eta egunero milaka herritarrek erabiltzen duten trena berritzeko eta garatzeko diru falta den bitartean, Abiadura Handiko Trena eraikitzeko milaka milio euro gastatzen ari dira. Hori da trenaren aldeko apostua egitea?
Eguzki, 2010ko azaroan
OHARRA: Textu hau bidaltzera gindoazenean, Zirzurkil- Villabonako geltokian trenak hau bat harrapatu duela jakin dugu, albistea saminez hartu dugularik. Gogorra bada ere, geltoki horretan gertatua Andoainen edo Gipuzkoako hainbat geltokitan errepika daiteken egoera da baldi eta egun egitasmo diren hauek gauzatzen ez badira eta edozein arduradun publikoren kaxoiean geratzen badira.