Albistea

  • Gipuzkoako Nekazaritza Ekologikoaren XVII. azoka egingo da igandean Zerainen

    2011-09-16
    Partekatu - Compartelo

    Bizimodu ekologiko eta naturalaren aldekoek Zerainen dute hitzordua datorren irailaren 18an, igandean. Gipuzkoako Nekazaritza Ekologikoaren XVII. azoka egingo da urteroko legean.

    Mota askotako produktu ekologikoen salmenta-postuez gain, lanbide zaharren erakusketak, jendeak parte hartzeko tailerrak eta bestelako ikuskizunak egongo dira goizean zehar. Arratsaldean, berriz, herri-kirolak eta erromeria izango dira.

    Duela hamasei urte, oraindik nekazaritza ekologikoa gure artean hastapenetan zenean, Biolur elkarteak eta Zerain Dezagun Fundazioak elkarlanean, Gipuzkoako Nekazaritza Ekologikoaren azoka antolatu zuten lehen aldiz, modu ekologikoan ekoitzitako produktuak gizarteratzeko eta jendartean zabaltzeko helburuarekin. Zorionez, nekazaritza ekologikoak ibilbide oparoa izan du urteotan, eta horregatik, inoiz baino azoka biziagoa eta produktuz aberatsagoa espero dugu igandean Zerainen. Hala ere, oraindik egiteko asko dagoenez, azoka, festa, formazioa eta aldarrikapena uztartuko dira igandean Gipuzkoako Nekazaritza Ekologikoaren XVII. azokan.

    Azoka goizeko 10etan hasiko da Zeraingo plazan. Ekoizle ekologikoen 30 salmenta-postu baino gehiago egongo dira era guztietako produktuekin: barazkiak, fruituak, ogia, olioa, xaboiak, ehunak, ardoa, etab. Horiez gain, jendeak parte hartzeko hainbat tailer egongo dira: gozogintzakoa, garaian garaiko produktuak kontsumitzen ikastekoa, senda belarrena, etab. Hainbat ikuskizun ere egingo dira garai bateko langintzak eta ekoizpenak erakusteko: dolarea, lixiba-jotzea, artisauak eta garai batean bezala animalien ilearekin sokak egitea. eta ikazkintza txondor eta guzti. Arratsaldean, berriz, herri-kirol saioa izango da. Lehenik, harri-jasotzen eta korrika egingo dute Zeraingo bi gaztek dema beste bi zegamarren aurka. Ondoren, inguruko herrietako lau aizkolariren arteko norgehiagoka ikusi ahalko da. Eta amaitzeko, ikusleen artean animatzen direnekin txingetan egingo da saioa. Horiez gain, erromeria egiteko aukera izango da Xapre eta Jose Antonio trikitilariekin.

    Aurten gainera, iazko bideari jarraituz, Goierriko bizitza eta nekazaritza ekologikoaren IV. hamabostaldiaren baitan kokatzen da Zeraingo azoka. Horregatik, Goierriko Baratzarekin batera, azokaz gain hainbat hitzaldi, bisita eta ikastaro ere antolatu dira, irailaren amaieran eta urriaren hasieran egiteko.


    Partekatu - Compartelo