Eguzkik Foru Aldundiari eskatu dio Errekalde eta Lasarte bitartean oinez eta bizikletaz ibili ahal izateko bidea.
Eguzkik Foru Aldundiari eskatu dio, zehazki Mugikortasun eTa Bide Azpiegituretako diputatua den Laraitz Ugarteri, Errekalde eta Lasarte bitartean oinez eta bizikletaz ibili ahal izateko bidea. Lasartetik Errekaldera oinez joateko hamar minutu baino ez lirateke behar izango? baldin eta oinez joateko biderik egongo balitz. Izan ere, ez dago bide txukun formalik, ezta bestelakorik ere. Gaur egun ezin da Lasartetik Errekaldera oinez joan, ez lanera, ez tanatoriora, ez ezertara ere. Ezta Errekaldetik Lasartera ere, jakina. Oinez hamar minutuan egin litekeen ibilalditxo hori, derrigorrez trenean, autoan edo autobusean egin beharra dago. Eta Lasartetik Errekaldera oinez joaterik ez badago, are gutxiago Añorgara edo Ibaeta-Donostia aldera (Aingeru Goardakotik barrena ez bada, behintzat). Aurreko legealdian, Bigarren Ingurubidea dela eta, Irubide partean izugarri obra handiak egin zituen Foru Aldundiak. Baina, harrigarria bada ere, inguruko espazio guztia zeharo lotu gabe utzi zuen, oinezkoei eta txirrindulariei dagokienez. Aukera ona Azkenaldion oso obra handiak egiten ari dira Añorga Txiki eta Errekalde bitartean, zehatz mehatz, erreka ubideratzea, Eusko Treneko trenbideko bikoizketa eta N-1eko bikoizketa. Obra horiek burutu bitartean, Donostiako Udala hasi da, edo berandu baino lehen hasiko da, Añorga Txiki eta Errekalde bitarteko zati horren bulebarizazioa diseinatzen. Aukera bikaina, dudarik gabe, Foru Aldundiak Lasarte ere lotu diezaion bulebar horri. Abantailak begi-bistakoak dira, eta are begi-bistakoagoak izan daitezke etorkizunari begira, esaterako, Lore Tokin iragarri dituzten kultur eta aisialdi ekipamenduak egingo balira.