Albistea

  • BIDAIATZEN ARIN GIZARTE ESKUBIDEETAN ALDIZ, HANKAMOTZ

    2011-12-23
    Partekatu - Compartelo

    Gaur, Eusko Legebiltzarrean onartzear dira Eusko Jaurlaritzaren 2012ko aurrekontuak. Alor gehienetan diru murrizketak aurreikusten diren bitartean AHTaren eraikuntzarako bideratutako diru kopurua %30ean igo nahi du Jaurlaritzak.

    Lakua1_txiki AHT 23-12-2011

    Mugitu!Mugimenduak, desobedientzia zibilaren bitartez AHTaren inposaketari aurre egitea helburu duen mugimenduak, Lakuako gobernuaren egoitzaren hormatik pankarta erraldoia eskegiz erabaki honen zentzugabekeria salatu nahi du, izan ere aurrekontuak parlamentuan eztabaidatzen diren arren Eusko Jaurlaritzako eraikin horretan planifikatzen dira.
    Egungo krisialdi ekonomikoak ondorio latzak ekarri ditu herritar guztion eguneroko bizitzan. Gerrikoa estutu behar dugula esaten digute eta inoiz baino beharrizan gehiago daudenean diru murrizketak egoten ari dira ongizate estatuaren oinarriak diren alorretan.
    Hala eta guztiz ere, Eusko Jaurlaritzak Abiadura Handiko Trenerako bideratzen duen aurrekontu partida %30ean handituko du. Arduratzekoa da benetan Eusko Jaurlaritzak lehentasunak zehazteko orduan duen irizpidea. Garrantzitsuagoa al da Eusko Jaurlaritzarentzat hiriburuen arteko bidaia 30 minututan laburtzea euskal herritar guztiok kalitatezko hezkuntza eta ganorazko osasun zerbitzua eskura izatea baino?
    Ezin dugu ahaztu, azpiegitura handiak neurrigabeki eta ikerketa serioetan oinarritu gabe egitearen politika izan dela egungo krisi ekonomikoaren eragile nagusietakoa.
    AHTa azpiegitura handi horien eta agortuta dagoen eredu ekonomiko horren ikonoa da baina hala eta guztiz ere, Eusko Jaurlaritza tren horretan sinestean tematzen da, agerikoa denaren aurrean begiak itxiz. AHTaren lanak oso aurreratuak doazela dio Arriola Sailburuak eta atzera bueltarik ez duela ohartarazten du baina errealitatea oso bestelakoa da: proiektuaren %20a baino ez dute egin eta.
    Tren horrek, Jaurlaritzako datuetan oinarrituta, errepidetatik doan merkantzia-garraioaren %1a bakarrik kentzeko gai da. Hirien arteko garraiorako baino ez du balio, hori egunero egiten ditugun joan-etorrien %0,7a baino ez denean. Beraz, gutxi batzuek erabilia eta guztiok ordaindua izango da. Zehazki, herritar bakoitzeko ia 5000 euro inbertituko dira eta hori mantentze lanak kontutan hartu gabe. Ezin dugu ahaztu bestetik, AHTak jada kalte ekologiko itzelak sortu dituela eta hiriei pisu gehiegi emanez lurralde desorekak eragiteko arriskua areagotzen duela.
    Aurrekontuak, bultzatzen dugun gizarte ereduaren isla badira, zer nolako gizarte eredua bultzatzen ari gara? Bidai azkarrak bermatuta baina hezkuntzan, eta gizarte eta osasun zerbitzuetan hankamotz dagoen gizarte eredua?
    Erokeri hau behin betiko amaitu beharra dago. Nola baina? Mugitu!Mugimenduan garbi dugu: gehiegikeriak salatuz, boteredunak zirikatuz, baina batez ere jarrera desobediente eta imajinazio eta umore dosi handi bat erabiliz.Mugitu!Mugimendua

    23/12/2011


    Partekatu - Compartelo