I. Agroekologia Jardunaldiak

Uztaro kooperatibak I. Agroekologia jardunaldiak aurkezten ditugu eta honekin batera, “Irakurketa kritikorako materialak” txostena.

uztaro_agroekologia_jard-kartela

7 urte baino gehiago pasa dira Uztarok, herri-ekimen autogestionatu bezala, indarrean dagoen nekazal-ereduari Agroekologiarekin eta kapitalismoaren aurkako jarreraz alternatiba bat aurkeztu eta aurrera eramaten ari dela.

Krisian dagoen ereduaren aurrean ekintza zuzena planteatuz, gure ereduan taldea, parte-hartzea eta autogestioa dira tresna nagusiak lurra lantzeko, ekoizteko eta agroekologiaren oinarriekin kontsumitzeko.

Hori dela eta, oraingoan gure otarreak ez dakar barazkirik, baizik eta hausnarketarako material interesgarria. Sabela elikatu ordez, gure aukerak eta jendartearen eraldaketa kontziente baterako daukagun potentziala elikatu nahiko genuke. Izan ere, praktikan jar daitekeen proposamen koherenterik gabe proposamen teoriko batek zentzurik ez duen bezala, uste dugu garaia iritsi dela azterketa teorikoetan ere sakonduz gure eguneroko lana, taldea eta sarea indartzeko.

Beste alde batetik, bizi dugun garai historiko honetan zenbait eztabaida azaleratzeko aukera ikusirik, mahai gainean jarri nahi ditugu, alde batetik, azken urteetan hainbat ekoizpen- eta kontsumo-taldeek praktikara eramaten ari garen proposamen agroekologikoak hartzen ari diren indarra, eta bestaldetik, sistemaren kolapsoa agerian uzten diguten zantzuek bidegurutzera garamatzatela ikustea. Proposamen agroekologiko hauek kontuan hartu beharrezko aukera erreal moduan aurkezten dira, bizitzen ari garen jendarte-, ekonomia-, klima-, energia-, elikadura- eta balore-krisiaren aurrean.

Gertura begiratuz, Gipuzkoan bertan ere erraz atzeman dezakegu nekazal-eredu industriala ere irteerarik gabeko kale-kantoi batean dagoela, non ezinezkoa den berarekin jarraitzea baserritarren eta naturaren kaltean ez bada. Izan ere, geroz eta gehiago, nekazaritza eta kontsumo ekologikoa kapitalismoaren logikaren gurpila eragiteko erabiltzen da, bertako eta nekazaritza eredu txikien kaltetan.

Hori horrela, Agroekologiaren eskutik gertuko inguruari aukera berriak eskaini nahi dizkiogu, bertako kontsumo-talde edota kooperatibetan, jendarte-mugimenduetan, sindikatuetan, GKEtan, unibertsitateetan, udaletan, etab. eztabaida eta proposamen hauek lantzeko gonbita eginez. Eta horretarako, errotiko hausnarketa eraldatzaile hau azpimarratu nahi dugu, gure proiektuak ez daitezen sistemak “ekologikoa”ren alorrean darabilen dinamika zurrupatzaile eta integratzaile honetan erori eta zuzenak edota otzanak bihurtu.

Gure asmoa gaiak modu ulerkor eta gertuko batean lantzea da, kolaboratzaile eta hizlariek esan beharrekoaren mamian kalitatea galdu gabe, baita eztabaida konplexuak laburtu eta kaleko eremura ekartzeko gai diren pertsonez baliatzea ere. Bestalde, gertura begiratu nahi dugu baina ikuspegi orokor batetik begiratuz, ondoko gertaerak mehatxatzen gaituzten gertakari orokorren azterketarekin landuz.

Aukeratutako gaiak oso anitzak eta ikuspegi ezberdinekoak izan zitezkeen. Abiapuntu bezala, egoeraren azterketa egiten hasteko gure proposamena hauxe da, proposamen gehiagorako eta aldaketarako ekintzak helburu hartuz.

Bai jardunaldiak, bai aukeratutako testuek oinarrizko argudio hauetan sakontzen dute, ondo oinarritutako ikuspegi agroekologikoa emateko:

  • El Mito del Progreso, Herriak, lurraldea, kultura eta natura suntsitzen dituen ezagutza-eredu modernoaren azterketa kritikoa, baita desarrollismoa eta industrializazioaren seinalerik zorigaiztokoenena ere. Honen aurrean, balio berrietan oinarritutako etorkizun hobe bat eraikitzeko baserrietako kulturak oinordetzan utzi dizkigun baliabideen aukerak bilatuz.
  • Nagusiturik dagoen ekoizpen-eredu nekazal-industrialaren azterketa, ekoizpen kapitalista globalizatuaren paradigma eta giltzarri dena. Gosez hiltzeko janaria ekoizten duena… eta baliabide naturalak hondatzen dituena. Eredu hau suntsitzea proposatzen dugu, gure alternatibak eskainiz.
  • Energia-krisia, bizi garen mundua eta batizbat zer mundutara iragaten ari garen ulertzeko giltzarri nagusienetako bat, baita elikaduraren etorkizunean krisi honen dituen eraginak ere.
  • Azkenik, nekazaritza ekologikoaren azterketa kritikoak eredu hau kapitalismoaren laguntzaile bezala ulertzen lagunduko digu eta agroekologia aztertuko dugu benetako jendarte- eta eredu-aldaketarako proposamenak lantzeko eskema gisa.

Ahalegin guzti honek Uztaro kooperatibaren barne-trebakuntza eta eztabaidak aberasteko balio izatea espero dugu, baita gure gonbidapena onartuz gurekin bide hau ibiltzera gerturatuko zaretenontzat ere. Elkarrekin sareak josiz Agroekologia eta Autogestioa oinarri duten benetako alternatibak eratzen eta zabaltzen jarrai dezagun.

EGITARAUA / PROGRAMACIÓN
MITO DEL PROGRESO: MODERNIDAD VS. CULTURA CAMPESINA
Apirilak 27. Putzuzulo Gaztetxean (Zarautz) 19:00tan (hitzaldia)
   “La patata ideal” — Emmanuel Lizkano (UNED), Gorka Menéndez (etnobotanikoa)
Apirilak 28. Beizamako herriko plazan 10:30tan (ibilalditxo ta solasaldia)
   10:30 “Paseo por la memoria. La industrialización en una aldea vasca” 
   14:30  Bazkaria
   16:30  Solasaldia Pablo Sastre
MODELO AGROINDUSTRIAL Y CRISIS ALIMENTARIA (hitzaldia)
Maiatzak 4. Putzuzulo Gaztetxean (Zarautz) 19:00tan
    Jose A. López (Ekoizle agroekologikoa)
    Anbu (Baserritarra, EHNE)
CRISIS ENERGÉTICA Y AGRICULTURA (hitzaldia)
Maiatzak 11. Putzuzulo Gaztetxean (Zarautz) 19:00tan
    Pedro Prieto (ASPO)
AGRICULTURA ECOLÓGICA VS. AGROECOLOGÍA (tailerra)
Maiatzak 18. Putzuzulo Gaztetxean  19:00tan
    Tailerra: Kelo eta Mark (Uztaro)

OSASUNA!

Agroekologia, Autogestioa eta Umore ONA!

2012ko apirila