Aurten, 1992an Rio de Janeiron burutu zuten “Lurraren Goi-Bilkuraren” 20. urteurrena da.
EGUZKIk RIO+20 BILKURAREN AURREAN MOBILIZATZEKO DEIALDIA EGITEN DU
Aurten, 1992an Rio de Janeiron burutu zuten “Lurraren Goi-Bilkuraren” 20. urteurrena da. Hau ospatzeko, ospakizunetarako arrazoirik ez dagoen arren, gaurtik (ekainak 20) ostiralera arte (ekainaren 22) hiri horretan, mundu osoko ehun herrialde baino gehiagoren agintariak, Nazio Batuek antolatutako Garapen Iraunkorraren inguruko Biltzarrean elkartuko dira.
Garai hartan, hiru izan ziren lortu ziren akordioak: Aniztasun Biologikoari buruzko Hitzarmena, Nazio Batuen Hitzarmena Aldaketa Klimatikoari buruz eta Basamorturatzearen aurkako Borrokari buruzko Hitzarmena. Baina, hogei urte geroago, bertan parte hartu zuten herrialdeek ezer gutxi egin dute akordio hauetan zehaztutako helburuak lortzeko. Are gehiago, askok helburuak lortzeko bidetik aldentzen ari dira, ondorioz, ingurumen, ekonomia eta gizarte arazoak areagotzen ari dira.
Aurtengo bilkuran, landuko dituzten alderdien artean “ekonomia berdea” delakoa dago eta honen baitan energia berriztagarriak, hondakinen kudeaketa, energia ekoizteko metodoak eta abar luze baten inguruan mintzoko dira. Baina, izen polit honetan berde adjektiboak ez dauka pisu handirik izan ere, ekonomia izango da ardatza.
Hau argi geratu da, “Nahi dugun etorkizuna” izenarekin aurkeztuko duten, oinarrizko dokumentua egiterako orduan. Izan ere, ezadostasun gehien sortu dituen puntua “inplementazio neurriak” delakoarena izan da, hau da, garapen iraunkorra lortzeko proiektuak finantzatzeko eta teknologiaren transferentzia bermatzeko baliabideak lortzeari dagozkion neurriak.
Beraz, berriro ere ekonomiak markatuko du gailur honen ildoa eta bilkura honetan, herritarren partaidetza bermatuta dagoela esaten diguten arren, benetako parte hartzea, natura eta pertsonak eztabaiden ardatza direnean lortuko da.
Hau guztiagatik, agintariei eskatzen diegu hitzarmen hutsak baino ez diren mota honetako bilkurak egiten uzteko eta benetan, ingurumena eta pertsonak errespetatuko dituen eredu baten aldeko neurri zuzenak eta zehatzak hartzea. Eredu berri bat, non, ustezko herrialde garatuek ez duten herrialde ez garatuen baliabide naturalak ustiatzea helburu bakarra.
Beraz, EGUZKIk beste hainbat talderekin batera, Euskal Herriko herri ezberdinetan burutuko diren ekintzetan parte hartzeko deialdia egiten du.