EGUZKIk “41 urte mehatxupean, 41 minutu elkarrekin” lelopean burutuko den kontzentrazioan parte hartzeko deialdia egiten du.
GAROÑAREN ITXIERA ESKATZEKO KONTZENTRAZIOA
EGUZKI Talde Ekologistak Araba Garoñarik Gabe Ekimenaren parte den heinean, honek larunbat honetarako, ekainak 23, antolatu duen kontzentrazioan parte hartzeko deialdia egiten du. Ekintza hau “41 urte mehatxupean, 41 minutu elkarrekin” lelopean aurkeztua izan da, izan ere, eguerdiko 12:00etatik aurrera eta 41 minutuz (zentralak 41 urte ditu eta), Arabako Foru Aldundiaren (Gasteizen) aurrean elkartuko gara. Gainera, gerturatzen denak bertan izango den liburuan, zentralaren aurka sinatzeko edota honen inguruko esaldiak idazteko aukera izango du. Ekainaren 30ean, arratsaldeko 19:00etan Gasteizeko Andra Mari Zuria Plazatik abiatuko den manifestaldiaren leloa izango den: “PP con 40 años basta! Garoña Itxi Orain!” bezalako esaldiak izan daitezke hauek.
Kontzentrazioa eta manifestaldiaren helburua, berriro ere, Garoñaren itxiera eskatzea da. Nahiz eta Arabarrak eta Euskal Herriko herritar askok behin baino gehiagotan zentral honen itxiera eskatu dute, Espainiako Gobernuak ez die herriaren eskaerei jaramonik egiten.
Are gehiago, Industria, Energia eta Turismo Ministerioak, pasa den apirilaren 27an aurkeztutako ministro-aginduaren bidez, aurreko gobernuak 2013ko uztailaren 3rako aurreikusitako itxiera-dataren baliogabetasun partziala emateko prozesuari hasiera eman zion. Erabaki hau, zentralaren bizitza luzatzeko eman beharreko lehenengo pausua da. José Manuel Soria ministroak, erabaki hau defendatzeko, momentu egokia zela esan zuen.
Baina, momentu egokia zertarako edo norentzako? Herritarrentzako ez behintzat, izan ere hauek ez dute zentralaren funtzionamendutik eratorritako inolako etekinik jasotzen baina balizko istripuaren ondorioak bai pairatuko lituzketela, natura berarekin noski.
Gainera, zentral honen segurtasunari buruzko zalantzak 2009an, agerian geratu zirela gogorarazi nahi dugu,u ziren garai hartan, CSNak Nuclenorri zentralaren bizitza 2019ra arte luzatu nahi baldin bazuen aldaketa ugari egin behar zituela esan zion eta. Hobekuntza hauek ez ziren aurrera eraman aurreko gobernuak bizitza luzatzeko baimena, 2013ra arte bakarrik eman zuelako. Baina, orain, zentrala 2019ra arte zabalik mantentzeko asmoa daukatela jakinda, geure buruari galdetzen diogu zentralaren segurtasun neurriak hobetzeko beharrezkoak diren inbertsioak egingo ote dituzten. Gainera, CSNaren azkenengo irizpenaren, 2012ko otsailekoa, arabera Nuclenorrek irailaren 6 baino lehenago Garoña 2019ra arte aktibo mantentzeko zehaztutako baldintzak betetzen dituela frogatu beharko du. Hobekuntza hauei, Fukushimako hondamendiaren ondorioz egindako estres frogei esker agerian geratu ziren gabeziak konpontzeko hartu beharreko neurriak batu behar zaizkio. Europar Batasunak egindako informean gainera, Espainiari instalazioak zaharra zirela kontuan hartu ez izana leporatzen zion.
Beraz, EGUZKIk herritar guztiak ,bai larunbatean eta baita ekainaren 30ean Gasteizen burutuko diren mobilizazioetan parte hartzera animatu nahi ditu.