Uliako udal lore-mintegi zaharretan, Jose Elosegi hiribidearen ondoan, hainbat etxe eta parke publiko bat egiteko plana onartu zuen Udalak joan den legealdian.
Alabaina, krisiaren ondorioz, ez dirudi plan hori berehala gauzatuko denik, ezta hurrik eman ere. Hori kontuan izanik, eta plana gauzatu bitartean, behintzat, Uliako Auzo Elkarteak zera proposatu du: gune hori herritarroi irekitzea (izan ere, erabili gabe eta itxita egon da lore-mintegiak Lau Haizetara aldatu zituztenetik) eta, horrekin batera, bertan baratze komunitarioak eta parke publiko bat egokitzea.
Auzo Elkarteak egin duen antolatze zirriborroaren arabera, auzolanean aurrera ateratzeko moduko baratze ekologiko handi samar bat egokitu liteke, eta, horrez gain, 30 metro koadroko 40 baratze. 40 baratze hauek, norbanakoek lantzeko, erretiratu, gazte, langabetu eta interesatuta egon daitezkeen herritarren artean banatuko lirateke. Espazio guztian barrena lasai ibili ahal izateko bide sarea eratzea ere aurreikusten da, baita ondare historikoa balorean jartzea ere. Honi dagokionez, gogoratu behar da mintegi zaharrotan badaudela Sorobordako eta Buskandoko depositoak, XIX. mendeko azken hamarkadetan Donostia osoa urez hornitu zutenak. Izan ere, depositoon balore handia zela eta, Udalak aldatu behar izan zuen gune honetarako hasieran zuen plana.
Auzo Elkarteak hau guztia aurrera atera nahi du auzolanean eta Udalaren aldetik ahal den gasturik txikiena eginez. Egia esan, mintegi zaharrak baratze edo parke bihurtzeak ez du zertan garesti izan.
Eguzkikooi bikaina iruditzen zaigu Uliako Auzo Elkartearen ekimen hau, eta Udalari eskatzen diogu proiektua gauzatu ahal izateko urratsak lehenbailehen ematen has dadila.