Albistea
-
Eguzkik fracking-i buruz hitz egingo du Gipuzkoako Batzar Nagusietan
2014-05-23Asteazkenean, hilak 21, 16.30ean, fracking-aren arriskuez hitz egingo du Eguzkik Gipuzkoako Batzar Nagusietako Ingurugiro Batzordean. Gehienbat fracking-arekin lotutako proiektuak gure herrialdean zertan diren azalduko du.
Izan ere, Araban eta Bizkaian ez bezala, proiektu hauek nahiko oharkabean pasatzen ari dira Gipuzkoan. Kontuan izan behar da gure herrialdean ere dagoeneko eman direla esplorazioak egiteko baimenak, baina, horrez gain, badira beste batzuk eskatuta, eta horiek herrialdeko lurren % 40 mehatxatzen dute.
Fracking-a, edo haustura hidraulikoa, lurpean diren arbel eta eskistoetatik gasa lortzeko teknika bat da. Horretarako, hainbat mila metroko zuloak egiten dira lurrean eta horien bidez ura, hondarra eta produktu kimiko batzuk sartzen dira oso presio handian. Horrek gasa lortzea ahalbidetzen du. Herrialde batzuetan, batez ere Estatu Batuetan, orain dela urte batzuk hasi ziren teknika hau erabiltzen, eta hainbat kalte eta arrisku agerian geratu dira: gainazaleko zein lurpeko uren kutsadura, eguratsaren kutsadura, pertsonen osasunean kalteak, paisaietan zein lurretan kalteak, lur kutsadura eta arrisku sismikoa. Gauzak horrela, zenbait herrialdek fraking-a espresuki debekatu dute, esaterako, Frantziak.
Eusko Legebiltzarrak ere fracking-a debeka dezan, abian da Herri Ekimen Legegile bat. Horretarako 30.000 sinadura behar dira, eta horien erdia dagoeneko bilduta daude.
Fracking-aren egoera Gipuzkoan
Gaur egun emanda daude esplorazio baimen batzuk Leintz-Gatzagan Eskoriatzan eta Gipuzkoako eta Arabako Partzuergo Orokorrean.
Hala ere, beste baimen batzuk eskatuta daude, eta eskaera horiek herrialdeko lurren % 40 mehatxatzen dute (ikus mapa). Mehatxatutako udalerrien artean Deba bailarako guztiak daude, Oñatitik Debaraino, Arrasate, Bergara eta Eibar barne; Urolako gehienak, Zumarraga, Urretxu, Azkoitia, Azpeitia eta Zestoa barne; eta Oriako asko, adibidez, Ezkio-Itsaso, Itsasondo, Legorreta, Ikaztegieta, Alegi, Tolosa, Zizurkil, Asteasu, Aia eta Usurbil.