Azken asteotan kontu teknikoentzako jarri izan gara harremanetan, baina oraingoan soilik zuen partehartzea eskertu eta aurtengo Euskalguneko programazioaren berri eman nahi dizuegu, zuek ere, hobe ezagutzeko joko duzuen gune hau.
Euskalgunea Txori Barrote, Hau Pittu Hau eta Eguzkizaleak konpartsek osatzen dugu. Azken urteotan, Aste Nagusiaren ereduaren beherakadarekin batera (oro har, euskal festa herrikoietan igartzen den eredu agorpen hori, Bilboko udalaren laguntza inestimablearekin areagotzen dena), Euskalgunean pare bat urte daramatzagu buelta emateko burua estutzen. Aurreko urtean, guneari plaza forma eman nahi izan genion, eskenatokiaren ordez “kiosko” moduko bat muntatuz eta formatu txikiko emanaldiak indartuz. Emaitza, tira… lehen saiakerekin izan ohi dena.
Aurten, apur bat txukunago aritu nahian, ohiko eskenatoki bat muntatu dugu, baina hainbat emanaldi gunearen erdian emango dira, jendez inguratuta. Horrekin batera, noski, programa oso bat egiten saiatu gara, eskaintza ahalik eta integralena egiteko bilbotarrei eta Marijaiari bisita egiten datozen orori. Horren erakusle, azken bi urteotan goizak indartzea eta haurrentzako eskaintza biderkatzea. Hala ere, asko dugu aurrerantzean asmatzeko!
Beste barik, mezu honetan programaren kartela eta liburuxka atxikitzen dizkizuegu, programa osoaren berri izan dezazuen, eta bide batez, proiektu honetan parte hartzea eskertzen dizuegu, berriro, zuek ere Bilbon Jai Herrikoiak aurrera egitearen parte inportante bat baitzarete.