Errekatxorako autobusa (Barakaldo): burusoila ala bi ilordekin

errekatxo Kbus

Argazkia: Barakaldo Digital

Kafkianoa.

Azken hilabetetan Aldundiko Gobernua (EAJ) etengabe egon da eskatzen Udalari Errekatxorako autobus linea (3139) bere gain hartzeko. Eta zentzuko arrazoiarekin egiten zuen; hiri barruko linea zen eta legez Udalari dagokio zerbitzu publiko hori bermatzea.

Udal Gobernuari eta Udal Batzari dagozkien erabakiak hartzen (zerbitzuaren kontratazioa, langile berriak, e. a.) eta zerbitzua abian jartzen behartu eta gero, Aldundiko Gobernuak ustekabean iritzia aldatu eta Errekatxorako Bizkaibuseko lineari eusten dio. Hau da, autobus linearik gabe geratzeko arriskutik ordutegia eta zerbitzu berbera betetzen duten bi linea edukitzera igaro gara.

Txistetarako unea gainditu eta gero galdera batzuk bururatzen zaizkigu:

-Zein motako irizpide objetiboak erabili ditu Aldundiko Gobernuak iritzia aldatzeko?

-Agian uste dute Bizkaia haien kortijoa dela eta haien nahierara nahi dutena erabaki dezaketela?

-Udalak K-busaren enpresarekiko hitzarmena bertan behera utzi behar badu, Aldundiko Gobernua izango da kosteak ordainduko dituena?

-Norbait epaituko dute gaitasun ezagatik edo behintzat nagusikeriagatik? Barka, azken hauek ez dira delituak eta ez daude ezta dimititzeko behartuta ere.

Afera honek Aldundiko Gobernuak, Jose Luis Bilbao buru, Errekatxotik oso gertu gauzatu zuen beste “bilbainada” bat gogorazten digu: Supersur-a. Gorostiza eta Argalarion kalte ekologiak handiak egiteaz gain ekonomikoki guztiz defizitarioa dena. Guztion diruarekin ordaintzen ari den zorra hain zuzen ere.

Diru publikoa (guztiona) xahutzearen ohitura eta bere ezgaitasunarengatik (kasurik hoberena) inork ez ordaintzearenak kirol nazionala dirudi.

 Garraio publikoa

Eguzkin kalitatezko eta eskuragarria den garraio publikoaren alde gaude, eta hori lortzeko Erakundeen koordinazioa, planifikazioa eta erabiltzaileen parte hartzea ezinbestekotzat jotzen ditugu.

Alta, Erakundeen arteko hika mikak, gobernu bakoitzean dagoen alderdi politikoaren arabera, eguneroko ikuskizunak dira; garraioaren gaia (ia gai guztiekin bezala) eta norberaren lineak (kasu honetan Bizkaibus eta Kbus) kontrako arma gisa erabiliz bazkide-etsaia higatzeko asmoz. Hots; zerbitzua hobetzeko bideratuta eta gizarteko eztabaida tekniko hutsa izan beharko zenaren alderantzizkoa. Hori dela eta leku batzuetan zerbitzu eza edo eskasa eta beste batzuetan solapatzen diren lineak aurkitu ditzakegu.

Guzti hau esanda, eta Errekatxoko kasu partikularrean ardurak zehazteagatik, Aldundiko Gobernuaren jarrera salatzen dugu; harroputza, ezgauza eta zarrastelkeriagatik. Horretaz gain, azkeneko konpobidea izango dena izango dela, garraio publikoaren zerbitzu duina bermatzeaz gain, lardaskeria honetatik sortuko diren diru koste guztiak Aldundiko Gobernuak ordaindu ditzatela eskatzen dugu. Baina askoz hobe izango zen arduradunek haien poltsikoetatik ordaindu beharko balute.

Barakaldo 2014-11-03