Abiadura Handiko Trenaren lanak direla eta, eskualdean azken hilabete eta asteetan izan diren gertakariak salatzeko asmoz, Tolosaldeko AHT Gelditu! Elkarlaneko kideok elkarretaratzea egin nahi dugu azaroaren 22an, larunbata, eguerdiko 12’30etan Tolosako Triangulo plazan.
Azken hilabeteetan Anoetan bi erreka agortu dira eta abuztu amaieran ehundik gora amuarrain agertu ziren hilik Alkiza errekan ur-arazgailuan izandako akats baten ondorioz. Anoetan bertan, bi iturri agortu dira lanen ondorioz, baita Adunako iturri bat ere. Urte luzez egindako salaketak errealitate bihurtu dira eta atzera bueltarik ez duten ondorioak jasaten ari gara gure herrietan. Hernialden agertu den zuloak alarma guztiak piztu ditu, beste behin ere. Eusko Jaurlaritzak “ohiko” gertaera dela esan du. AHTaren lanetan edozein ezusteko normaltzat hartzen da.
Lotsagarria da ohiko gertaeratzat jo eta, bizilagunen eta langileen bizitzak arriskuan jartzen direnaren jakitun, aurretiaz neurririk ez hartzea. Orain gutxi jakin da lur horretan ez zutela zundaketa lanik egin. Zundaketa lanen kostu ekonomikoa bestelako edozein ondorioren aurretik jartzen dutelako.
Bestalde, aipaturiko gertaera hauen ondorioz, AHTaren gastua etengabe gora doa. Zumarragako tunelean izandako lurjausia eta Hernialdeko zuloa konpontzen xahutuko den dirua gastu sozialetara bideratu ez dena da. Besteak beste, eskualde honetan Ospitale publikorik gabe jarraitzen dugu, prestazio sozialetarako dirua ez da nahikoa, langabezia tasak hobetu daitezen tokiko garapena bultzatu behar da, etxebizitza eskubidea bermatzeko politikak garatu behar dira. Non dago diru publiko hori?
Hernialdeko zuloa tapatzeko erabiliko dute, azken urteetan gizartearen beharretatik urrun dagoen proiektu honetan xahutu duten eta xahutzen jarraitzen duten bezalaxe.