Albistea

  • Bizkaia: Hegoaldeko Tren-Saihesbidearen mehatxua gorpuzten ari da

    2014-12-18
    Partekatu - Compartelo

    Bizkaia Hegoaldeko Tren Saihesbidea2011 urtean, defizitarioa, ingurumenarekiko suntsikorra eta beharrezkoa ez den Supersur-AP8a inauguratu zenean, (HTS) Hegoaldeko Tren-Saihesbidearen eraikuntza iragarri zuten luze barik: trenbidearen zati bat Supersur autobiaren ondo-ondoan kokatzekoak ei ziren, eta, gisa horretan, autobideak eragindako kalte ekologikoak, paisaia-kalteak eta kalte akustikoak ugal zitezkeen.

    Halaber, HTSak Supersurraren antzeko helburuak lituzke: Salgaiak Superportutik atera eta A8ren trafikoa arintzea.

    Egitasmoa 2008an geldiarazi zuten bi arrazoigatik: krisi ekonomikoa eta gauzatzeko zailtasuna. Hala ere, Espainiako Gobernuak Seranteseko Tunela irekitzea erabaki duenez gero, HTSren balizko eraikuntza berriro jarri du mahai gainean.

    Antza, Serantes mendiko Tunelaren irekierak, HTSa eraiki gabe, Superportutik abiatuko diren salgai-trenen zirkulazioa ugarituko omen luke, eta horrek Ortuella eta Trapagako biztanleei eragozpen zein arrisku handiagoak ekar liezazkieke; horren aurrean, bada, herri horietako alkateek ozen eskatu dute HTSa eraiki dezatela. Ulergarria da: epe labur-ertainean beharrezkoa ez den desarrollismo suizida nahi dute, alabaina, ez dute horrek sor liezaiekeen inongo eragozpenik nahi. Eta horiek ekidite aldera, beti egon daitezke naturaguneak, nahiz eta gero eta gutxiago izan, non sar dezaketen euren herrietatik igarotzea nahi ez dutena. Neurrigabeko desarrollismoa gura duenak ondorioak hartu beharko lituzke bere gain. Eta bere burua ingurugiroaren defendatzailetzat duenak ez luke horrelako egitasmoen eraikuntzarik galdegin beharko.

    supersur Gorostiza

    Supersur Gorostizan

    Zehatz-mehatz, HTSaren ibilbideak, tunel nahiz bidezubien bitartez, mendialde oso bat zeharkatuko luke Arrigorriagatik Ortuellaraino, Ganekogortatik iraganik. Barakaldon, konkretuki, Supersurrak eraginiko kalte ekologikoak larriagotuko lituzke eta bestelakoak sortuko Argalarion, Gorostizan, Tellaetxen, Larrazabalen, Zubiletan eta Kaxtresanan. Trapagan, larriki eragingo lieke Ugarte eta Zaballa auzunei.

    Barakaldo Naturalak 2008an zera ohartarazi zuen:

    Eusko Jaurlaritzako Biodibertsitaterako eta Ingurumen Partaidetzarako Zuzendaritzaren arabera, trenbideak kalteturiko guneak hiru espezieren (ezpitsua, Schreiber muskerra eta baso-igel iberiararren) lehentasunezko banatze-guneak barnebiltzen ditu, baita ondorengo espezientzako interesgune bereziak ere: ezpitsua, koba-saguzarra,  Geoffroy-saguzarra,  ferra-saguzar mediterraneoa eta bisoi europarra. Mehatxatutako florari dagokionez, interes bereziko bost espezieri eragindako kalte nabarmenak atzeman dira (Ilex equifolium, Narcissus arturiensis, Narcissus bulbocodium, Narcissus nobilis eta Taxus baccata).

    Trenbideak egungo pasabide ekologikoen erabateko urraketa ekarriko du, habitat anitzen zatiketa sorraraziz.

     Burdinbideak hezegune ugariri (39ri) eragingo die, Eusko Jaurlaritzako Biodibertsitaterako Zuzendaritzak interesekotzat jo baditu ere.”

    Arlo teknikoari erreparaturik, HTSak AHTrekiko lotura funtzioa beteko du; alta, tren mota horrek ezin ditu Superportutik etorri ohi diren salgai pisutsu gehienak garraiatu, eta, beraz, merkantzia horiek errepidera edo tren arruntera bideratuko dituzte.

    Bestalde, atzeraldi ekonomikoa eta kontsumoaren murrizketa bizi ditugun honetan, bitxia da oso salgai-trafikoa areagotzea; hortaz, zerbaitek huts egiten du. Horri guztiari, gainera, eraikitze-kostuko hasierako 600 milioiak (2008an) gehitu behar dizkiogu.

    Benetan beharrezkoa al da egitasmo hori? Supersur autobia bezainbestekoa? (Espero baino askoz ere gutxiago erabiltzen da, %50 baino gutxiago) Beharrezkoa norentzat? Eraikitzaileentzat eta ate birakariak darabiltzaten politikarientzat?

    mesperuza supersur

    Supersur Mesperuzan (Gorostizan)

    Eguzkik Ortuella zein Trapagako biztanleei arrisku handiagoa dakarkien proiektu ororen aurkako jarrera du, modu berean, hain suntsikorra den HTSa eraikitzearen kontra gaude. Izan ere, Hegoaldeko Tren-Saihesbideak Supersur-AP8ak agerraraziriko kalte ekologikoak okerragotuko lituzke, tokian tokiko premiak aintza hartzen ez dituen planteamendu desarrollista batean oinarritzen delarik. Eta hori gutxi balitz bezala, kostu ekonomikoa lehenetsiko litzateke premiazkoagoak diren beste gizarte-beharrizan batzuen lepotik.

    Mehatxu horiengatik kezkatuta dauden talde ekologista eta herri-eragileei dei egiten diegu batu daitezen, horrela, Supersur-AP8a bezalako hondamendi natural eta ekonomikoak gertatzea ekidin dezakegu; halaber, Bizkaian horrelakorik atzera ez jazotzea berma dezakegu.

     Bizkaia, 2014-12-18


    Partekatu - Compartelo