Albistea

  • Hondakinen inguruko elkarrizketa

    2015-03-22
    Partekatu - Compartelo

    Hondakinen eztabaida Andoainen 2015 martxoaIturria: Aiurri.

    Andoaingo Eguzki eta Zero Zabor taldeek hondakin bilketa eraginkor baterako proposamena aurkeztuko dute martxoaren 25ean. Julen Begiristainek adierazi duenez, alderdi politikoei eta herritarrei  gonbidapena luzatu diete, proposamena entzuteaz gain, eurek ere beren iritziak azal ditzaten. Urigain kultur etxean jarri dute hitzordua, arratsaldeko 19:00etatik aurerra.

    Proposamen zehatz bat egiteko asmoa duzue. Ezer aurreratzerik bai?
    Julen Begiristain. Bai, jakina. Prestatu dugun txostenean hondakin bilketa eraginkor baterako proposamena azaltzen dugu. Guretzako gakoa errefusa kontrolatzean datza, bilketa sistema edozein dela ere. Horretarako, gainontzeko edukiontzien erabilera sustatu nahi da, birziklatzea gehituz. Izan ere, hasieratik argi eduki dugu beharrezkoa izan arren ez dela nahikoa bosgarren edukiontzia ezartzea; horrek ez du ekarriko gaur egun oraindik birziklatzen ez dutenek birzikla dezaten (Gipuzkoak adibide ugari eskaintzen dizkigu). Hortxe kokatzen dugu erronka, beraz: oraindik egiten ez duenak egiten hastea.

    Kontakturik eduki al duzue eragile ezberdinekin orain arte? Nolako harrera jaso duzue?
    J.B. Landu dugun txostena herriko elkarte, antolakunde, eragile eta norbanako desberdinekin elkarbanatzen hasi gara. Alderdi politiko batzuei zuzenean gonbidapena luzatzeko aukera eduki dugu ere, eta bertan parte hartzeko interesa azaldu dute.

    Mahai-ingurura zein eragile erakartzea espero duzue?
    J.B. Udalean ordezkaritza duten alderdiak zein Udaletik kanpo geratu zirenak gonbidatu ditugu ekitaldira. Alderdi politikoei bost minutuko tartea emango diegu gure proposamenaren inguruan iritzia eman eta beraien irakurketa, ideiak, egitasmoak…, herritarrei azal diezaizkieten. Jakin badakigu politikariak direla aldaketak abian jar ditzaketenak, eta horrexegatik, garrantzitsua da beraien parte hartzea.
    Nolanahi ere, herritarrak ere gonbidatuak daude; politikariek herritarren esanetara egon behar dute eta, jakin badakigu askori ezinegona eragiten diela gai honek. Aukera paregabea izango da, beraz, guztiok elkarrekin ekitea, elkarrizketa eta eztabaida tresna izanda.

    Zer lortu nahi duzue?
    J.B. Zaborraren eta hondakinen gaia aspaldi bilakatu zen arazo. Nork bere zaborra sortzen duen neurrian guztiok eragiten dugu arazoaren sormenean, baina modu berean, konponbidea ere guztiok ekar dezakegu. Horretan datza gure ideia, hots, gizarte osoa bideratzea birziklatu eta praktika egokiak egin ditzan. Hortaz, proposamena Andoaingo herritar guztiei bideratzen zaie, baina bereziki birziklatu nahi ez duenari. Izan ere, estadistikoei kasu eginez gero, biztanleriaren %30a da sektore hori. Kezgarria da, eta, nahitaez ikusten dugu martxan jartzea gizarte zati hori.

    Zehazki, zer lortu nahi duzue mahai-inguru honekin?
    J.B. 2007an publikoki adierazi zen 2009rako Gipuzkoa osoan bosgarren edukiontzia ezarriko zela. Baina gaur da eguna Andoainen oraindik ez dela materia organikoa era bereiztuan, birziklatzeko eran biltzen. Gure proposamena arazoaren erroetara doa. Aipatu dugun bezala, ez da nahikoa bosgarren edukiontzia jartzearekin besteen ondoan. Bostgarren edukiontzia proiektu oso baten barruan ezarri beharko litzateke; errefusa txiparekin jartzeak garrantzi handia behar luke eduki proiektu horretan.
    Sistema berbera da duela hilabete gutxi Tolosan martxan jarri dutena eta berehalakoak izan dira emaitzak: %70 baino gehiagoko birziklatze tasa lortu dute. Gauzak horrela, Andoainen guztien artean adostu genuen 2016an %60eko birziklapen tasa lortzea. Egingarria iruditzen zaigu helburu hori, eta horretara bideratuko ditugu geure ahaleginak.
    Andoaingo herriari begira, egingo al zenukete hondakinen bilketaren gaineko diagnostikoa?
    J.B. Orain arte eskualde edo mankomunitate mailan biltzen ziren hondakin eta zaborrak; eskualde guztiko hondakinak nahastu egiten zirela, alegia. Hori dela eta, Andoainek zenbateko birziklatze tasa zeukan adieraziko zigun datu zehatzik ez genuen. Eskualde mailan sistema desberdinak ezarri dira eta Andoain sistema zaharkitu honetan bakarrik geratu da. Datuei erreparatuta, 2014ko abenduan birziklapen tasa %29koa zen. Portzentaia negargarria da, gure ustez.
    Ez dugu ahaztu behar Europar Batasunetik datorren araudiak 2016rako %60ko gaikako bilketa egitera derrigortzen gaituela. Hortaz, asko dago egiteko.
    Andoaingo EAJk Udalak sortu zuen hondakinen mahaia utzi zuen iazko ekainean.
    J.B. Jarrera hori arduragabekeria galanta dela iruditzen zaigu. Gure asmoa, mahaian parte hartu dugunetik, eztabaida eta argudioak erabiliz neurri eraginkorrak modu adostuan lortzea izan da. Ez da ona bertako parte hartzaile bat mahaitik altxa izana.

    Eajko hautagai Markel Olanok adierazi berri du Gipuzkoan garaile ateratzen bada, beste neurrien artean, errauskailua eraikiko duela. Zer deritzozue?
    J.B. Albistea benetan txarra da. Ezin dugu iraganerako bidea hartu, gure ustez. Errauskailua Zubietan eraikitzeak Andoaini zuzenki eragiten dio. Erdigunetik 3 kilometrora geratzen da, hortaz kalteei begira eragin handiko eremuan geundeke. Beti esan dugu horrelako azpiegitura baten atzean, interes orokorra baino, interes partikular eta ekonomikoak daudela.
    Gainera, zaborra erretzearekin ez da arazoa konpontzen, beste gauzen artean, sortzen diren errauts toxikoak zabortegi berezietara eraman behar baitira. Hobe dugu Gipuzkoan abian dauden esperientzia desberdinetan begirada jartzea, zeinetan %60-90 bitarteko birziklatze tasak ematen ari diren. Lorpen horietara iristea  izan behar du gure erronka, eta ziur gaude neurri eraginkorrak hartu ezkero lortuko dugula. Geure aldetik, martxoaren 25eko mahai-inguruarekin gure aletxoa jarri nahiko genuke.

    Aurkezpen ekitaldia
    Martxoak 25. 19:00. Urigain.

    Bideoa:

    Txostena irakurtzeko sakatu hemen


    Partekatu - Compartelo