Lekaroz: Larunbata 21ean, bertze aldi batez Aroztegiako proiektu urbanistiko espekulatzailearen kontra bildu gara
2015-03-24
Partekatu - Compartelo
Iturria: Aroztegia eta gero zer.
Enpresa promotoreak Lekarozen 230 etxebizitzako luxuko eremua, golf belaia eta hotela egiteko proiektua herritarren iritziaren gainetik eta Lekaroz eta Baztango udalaren gainetik egin nahi du; PSIS bidez tramitatu nahi du. Gure herriari buruz erabakitzeko eskubidea kendu nahi digute. Ia 1000 pertsonako herri berria egin nahi dute eta ez dute guk deus erraterik nahi, ez dute guk deus erabakitzerik nahi.
Bide horretan Nafarroako Gobernuaren laguntza ezin hobea harpatu dute. Zeren Nafarroako Gobernuak proiektua PSIS bidez tramitatzeko enpresaren eskaria onartu baitu. Eta hori eskandalagarria da.
Eskandalagarria da orain jakin dugunez 2007an enpresak orduko proiektua PSIS bezala tramitatzeko egindako eskariari Nafarroako Gobernuak ezetz erran ziolako.
Eskandalagarria da 2009an Lekarozen herri galdeketa egin zelarik herritarren gehiengoa proiektuaren kontra agertu zelako.
Eskandalagarria da aitzineko proiektua Baztango udalaren aitzinean gainerako herritarrek bezala tramitatu eta gero, orain, udalaren gainetik tramitatu nahi dutelako.
Eskandalagarria da, aitzineko proiektua 2014. urtean Nafarroako auzitegi nagusiak geldiarazi eta gibelerat bota zuelako.
Iduri duenez, Nafarroako Gobernuaren aitzinean bi neurri daude: herritar arruntena; zorrotz bete beharrekoa eta, txantxulloetan ibiltzen direnena. Hauendako dena da erraztasuna. Hauendako, arazo bat duten tokian legea bihurrituz beti ageri da konponbidea. Horrela usteldu da Nafarroa, erro eta muinetaraino. Horrela desagertarazi dute CAN eta horrela utzi dute Osasuna. Aroztegiako proieku espekulatzaile honi horrela ireki diote atea, gibeleko atea.
Argi eta garbi, lekaroztarrek eta baztandarrek proiektu honekin ez dugu deus onik izanen. Aroztegiako 1000 biztanleko herri berri horren proiektua oraingo krisirat ekarri gaituen burbujen modukoa da, txantxulloa eta tratularitza bertzerik ez.
Gaurko elkarretaratze honetan bildu garenok Baztango aferak baztandarrek erabaki nahi dugula oihukatu nahi dugu, Aroztegia geldi dezatela. Bide horretan segituko dugu gure herrietako afera guztiei buruz erabakitzeko eskubidea eskatuz, erabakitzeko eskubidea aplikatuz eta herritarrendako kaltegarriak diren proiektuak geldiaraziz.