Albistea

  • Jaizkibeleko mendi martxa

    2015-03-28
    Partekatu - Compartelo

    jaizkibel mendi martxa 2015 martxoaJaizkibelgo tiro-eremu militarraren kontrako mendi-martxa egin da gaur goizean.

    Hiru guardia zibilek epailearen aurrean deklaratu beharko dute aurki, iaz mendiko inguru babestu bat kixkali zuen sutea dela eta.

    Jaizkibelgo tiro-eremuaren kontrako mendi-ibilaldia egin da gaur goizean.

    Ekimen honen bidez, antolatzaileak, Eguzki talde ekologistak, nabarmendu nahi izan du zentzugabea dela naturgune bat, dituen balioei erreparatuta, Natura 2000 sareko Kontserbazio Bereziko Eremu izendatzea eta, aldi berean, bertan tiro-eremu bat egotea.

    Izan ere, ibilaldiak badu zirikusirik orain dela urtebete, zehatz-mehatz iazko martxoaren 10ean, Guardia Zibilak, material pirotekniko zaharra suntsitzen ari zela, sortu zuen sutearekin. Sute haren ondorioz, hiru guardia zibilek Donostiako epaitegi batean deklaratu beharko dute apirilaren 9an. Fiskaltzaren ustez, sutea eragin izana ingurumenaren kontrako delitua izan daiteke.

    Epaileek edozein erabaki hartuta ere, Eguzkikook garbi ikusten dugu sute hura ez zela arazo puntual bat izan; garbi ikusten dugu naturaren kontserbazioa eta tiro eta leherketak ez direla bateragarriak.

    Egia da tiro-eremua eraistea Jaizkibelgo erabiltzaileon aspaldiko errebindikazioa dela. Baina hori bezain egia da errebindikazioa indarberritu dela Europako Batzordeak Jaizkibel Batasunaren Intereseko Leku, lehenengo, eta, gero, Kontserbazio Bereziko Eremu izendatu zuenetik, eta, batez ere, Eusko Jaurlaritzak 2013an kontserbazio neurri zehatzak onartu zituenetik.

    Eguzki, 2015eko martxoaren 28an


    Partekatu - Compartelo