Legealdiaren bukaeran, ia garaiz kanpo, baina agindutakoa bete du Gipuzkoako Foru Aldundiko Mendiak eta Natura Ingurunea saileko zuzendaritzak: arlo horretan adituak direnekin, eta administrazioetako zein gizarte eragileen parte-hartze zabalarekin mahai teknikoa osatzea (apirilaren 14an Foru Aldundiko Gobernu Kontseiluan).
Legealdia hasi bezain pronto Gipuzkoako Natur Taldeek egindako eskaera izan da hau. Legealdi honetan onartu den ekimenik garrantzitsuena da gure ustez Landa Garapeneko azpisailari dagokionean, eta kargua hartu eta berehala agindu zuten aldaketaren bidean eman den aurrerapausorik handiena, ezbairik gabe.
Izan ere, gure ustez, orain gutxi arte Gipuzkoako Aldundiak zenbait lobbyren (egurzaleak, ehiztariak, kudeaketaren “aditu” diren enpresa zenbait…) mesedetan egituratzen zituen erabakiak hartzeko organoen aurrean, parte-hartzea eta gardentasunean oinarrituko den ordezko tresna (Bioaniztasunaren Kontseilua) sortu da, mahai tekniko hau osatzea ezinbestekoa delarik sail horren kudeaketa arduratsua eta eraginkorra egiteko.
Zuzendaritza horretatik Mendien Araua aldatzeko egindako ahaleginak erakutsi bezala, ondare publikotik irabazi pribatuak lortzea lehenesten diren politikak bultzatu dira gaurdaino, eta horretan onuradun izan diren enpresek eta partikularrek gogor egi(te)n diote politika horiek aldatzeko edozein ekimeni. Egurzaleen lobbya izan da eragilerik ikuskorrena borroka horretan, baina ez da ulergarriagoa EHNE-Gipuzkoa eta ENBA nekazal sindikatuen jarrera. Lehen sektorea gure herrian nola dagoen ikusita, politika horien aldaketak eskatzen ditugunon artean aliatuak bilatzeko ahalegina egin beharko luketelakoan gaude, sektorearen etengabeko gainbehera erakusten duen status quo honen defentsa lotsagabea egiteari utzita.
Natur kontserbazionistak gara, ondare naturalaren kontserbazioa, eta ahal dela berreskurapena da gure helburua. Baina, badakigu hori ezinezkoa dela landa eremuan bizi eta lan egiten dutenen lankidetzarik gabe. Pentsamendu horri erantzuteko sortu zen Europan Natura 2000 sarea 1992ko maiatzaren 21ean ezarritako 92/43/EEE zuzentarauaren agindura. Habitat Naturalen eta Fauna eta Flora Basatiaren Kontserbazioa izena eman zitzaion zuzentarau honen xedea da Europan mehatxatuenak dauden habitat eta espezieen biziraupena bermatzea epe luzera begira, gizakiak eragindako bioaniztasunaren galera gelditu eta ekiditeko. Zuzentarauan argitzen du, bestalde, xede hori garapen jasangarriaren bidetik baino ezin dela gauzatu.
Europar Batasunak natura babesteko garatu duen erremintarik eraginkorrena da Natura 2000 sarea. Tokian tokian behar bezala garatzeko ezinbestekoa da ingurune naturalean eta fauna eta flora basatian adituak direnen iritziak eta ezagutzak kontuan hartzea ez ezik, landa eremuaren kudeaketan txertatzea. Horretarako sortu da Bioaniztasunaren Kontseilua, mahai tekniko horrek izan behar duelako Gipuzkoako bioaniztasunaren kontserbazioaren kudeaketaren ardatza.
Denon ardura da jaso dugun natur ondorea zaintzea; gurea ez ezik, datozen belaunaldien bizimodua kaltetu gabe. Ondorioz, kontseilu hau eraginkorra egiten laguntzea eskatzen diegu datozen egunetan kanpainan sartuko diren ALDERDI POLITIKO GUZTIEI, naturaren eta ingurunearen defentsan hartuko dituzten konpromisoen zerrendan sartuz.