Albistea

  • Donostiako Metroaren tramitazioa bertan behera uzteko eskatu du Eguzkik

    2015-07-07
    Partekatu - Compartelo

    metroa 2015 uztailaDonostiako Metroaren tramitazioa bertan behera uzteko eskatu du Eguzkik, Oregi sailburuak agindu zuen eztabaida sakona egin arte.

    Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak Donostialdeko Metroko Lugaritz-Easo Tartearen Informazio-azterlana jendaurrean atera du. Eguzkik alegazioak aurkeztu eta Metroaren tramitazioa bertan behera uzteko eskatu du, Ana Oregi sailburuak berak legealdiaren hasieran proiektu honi buruz errebindikatu zuen “eztabaida sakona” egiten ez den bitartean.

    Gogoratu Patxi Lopezen Gobernua Metroko bi tarte esleitzera iritsi zela. Are gehiago, 2012ko abenduan, ordurako hauteskundeak galduak zituen arren, Zarautz Hiribidea seinaleztatu zuen, lanak hastear baleude bezala. Urukulluren Gobernuak, berriz, lan haiek berehala bertan behera utzi zituen. Ana Oregik arrazoi ekonomikoak aipatu zituen: “Krisia dela eta, ez gaude proiektu faraonikoetan hasteko moduan”. Baina gauza gehiago ere esan zituen: “Gobernuak ezin du proiektu bat indarraren indarrez ezarri; Gobernuak Udalarekin, Foru Aldundiarekin eta herritarrekin mahai baten bueltan eseri behar du, eta pentsatu zein den Donostialderako garraio-sistemarik egokiena”. Metroak ikuspegi tekniko, finantziero zein “kontzeptualetik” Donostiarentzat, inguruarentzat zein herritarrentzat zer suposatuko lukeen aztertzeko lan-taldeak eratzeaz ere mintzatu zen sailburua.

    Eguzkikooi hura guztia oso arrazoizkoa iruditu zitzaigun. Orain, baina, ikusi dugu Gobernuak proiektuaren tramitazioa jarraitzen duela eta iskin egin diola sailburuak hain kartsu defendatu zuen eztabaida hari. Esaterako:

    – Ez da eztabaidatu Metroak beste alternatiben aldean dituen ustezko abantaileei buruz; are gehiago, azken urteotan instituzioek berek mahai gainean jarri dituzten alternatiba horiek (tranbia arina edo Tren-Trama) azalpenik eman gabe baztertu dira.

    – Ez da inpaktuei buruz eztabaidatu, nahiz eta Metroak lan handiak eskatzen dituen (gutxienez lau urte iraungo dutenak) eta ez leku errazean. Datu bat: 300 eraikin baino gehiago egongo lirateke tunelen gain-gainean edo oso gertu.

    – Ondorio fintantzieroei buruz ere ez da eztabaidatu, eta inork ez du azaldu zergatik duela bi urte sailburuak berak “faraonikotzat” jo zuen proiektu bat orain, berriz, ekonomikoki egingarria den (esleipen-aurrekontua, BEZa barne, 172 milioi eurokoa da, trenak aparte); halaber, orain trenean inbertitzeko dirua ba omen dagoen honetan, ez da eztabaidatu pasanteak edo Gipuzkoako aldiriko tren-sarean egon litezkeen beste gabeziek duten lehentasunik.

    Ez gaizki ulertu. Eguzkik garraio publikoa defendatzen du, eta bereziki aldiriko tren-zerbitzua. Izan ere, AHT ez bezala, hau da herritar multzo handi batek egunero erabiltzen duen trena. Alde horretatik, guri ez zaigu inolaz ere arbuiagarria iruditzen trena orain iristen ez den lekuetara iristea, baita Donostiako zentro-zentrora ere. Hori bai, baldin eta onura sozialak, inpaktuak eta koste ekonomikoa orekan badaude. Baina oreka hori ote dagoen jakiteko ezinbestekoa da Oregik orain dela bi urte hainbesteko fundamentuarekin errebindikatu zuen eztabaida.

    Gobernuak eztabaida horri iskin egiten badio, dena mugatuko da “Metroari bai, Metroari ez” konfrontazio manikeo deitoragarrira.

     Eguzki talde ekologista eta antinuklearra, 2015eko uztailaren 6an.


    Partekatu - Compartelo