Uliako “oihanean” barreneko mendi-bueltak, harrera ona

Ulia mendi martxa 2015 uztailaHarrera ona izan du Uliako “oihanean” barreneko mendi-bueltak, Eguzkik Ulia-Jaizkibelgo kostan itsas babesgune bat sortzeko proposamenari buruz prestatu duen erakusketaren osagarri moduan antolatu duena. Jesus Mari Alquezar mendizale ezagunak gidatuta, parte-hartzaileek Uliako parajerik ikusgarrienak zein txokorik berezienak ezagutu ahal izan dituzte. Izan ere, harrigarria da Uliak, hiriak inguratuta egon arren, gordetzen dituen natura altxorrak.

Bide batez, parte-hartzaileek Uliako Interpretazio Gunean paratuta dagoen erakusketa ere ikusi ahal izan dute. Ozeana Fundazioak eta Euskadiko Biologoen Elkargo Ofizialak Jaizkibel-Ulia itsas babesgunea deklaratzeko proposamen zientifikoa egin zuten, eta proposamen hauxe du ardatz Eguzkiren erakusketak. Proposamenak aurreikusten du 13.000 hektarea inguruko itsas babesgune bat deklaratzea Jaizkibel eta Ulia ondoan. Gobernu frantsesak Lapurdiko kostaldean dagoeneko hainbat itsas babesgune deklaratu dituela kontuan izanda, Donostia eta Biarritz bitartean Atlantiko europarreko itsas korridore babesturik garrantzitsuenetakoa izango litzateke.

Erakusketa abuztuaren 30era arte bisitatu ahal izango da Interpretazio Gunean (Uliako mendi-tontorrean), astearte eta igande bitartean, biak barne, 11etatik 14ak arte eta 17etatik 20ak arte.