Animalien sufrimendurik gabeko Aste Nagusiaren aldeko manifestu bateratua

Hona hemen hainbat alderdik, elkartek eta konpartsek gaur prentsaurrean aurkeztu dugun manifestua, animaliadun ikuskizunik gabeko jaien alde.

Jakinarazpen hau izenpetzen dugun erakunde eta taldeok, Aste Nagusia 2015 dela eta Bilbon ospatuko diren ikuskizunetan erabiliko diren animalien egoera larria publikoki salatu nahi dugu.

Zezenketen Kontrako prentsaurrekoa 2015

Alde batetik, zirkuetako animaliak ditugu; beraien habitatetik bahituak, esklabo bihurtuak eta trukuak egitera behartuak, ikusleak entretenitzeko. Sufrimenduzko bizitza oso bat, pare bat orduko ikuskizunaren ordainetan. Makilekin, kakoekin edo arpoiekin jipoitzen dituzte, elektrokutatu eta janaririk gabe uzten dituzte, beraien izakera menderatzeko. Animalia hauek bakardade osoan pasatzen dute beraien bizitza, kideengandik urrunduta eta lotuta edo kaiola txikietan giltzaperatuta. Gehiegikeria hauen ondorioz, gehienek tratu txarrek eta askatasun-ezak eragindako oinaze fisikoez gain, gaixotasun mental larriak ere jasaten dituzte.

Bestalde, Vista Alegre zezen-plazan torturatutako animaliak daude. Ganadutegitik atera eta plazako heriotza arte, zezenek beldurra eta estresa sufritzen dute, bakarrik, familiako kideengandik urrun eta etsai-giro batean egoteagatik. Behin plazan daudela, eztenen eraginaren biktima dira; giharrak, tendoiak, lotailuak eta hainbat hezur eta nerbio egitura txikitzen dizkiete, eta odol bolumen handiak galduarazi. Ondoren, banderillek min eta odol galtze gehiago eragiten diete. Ezpatak toraxa zeharkatzen die, barne-odoljario batek asfixia motela eragiten dielarik; ondoren, ia beti, deskabelloa dator, bizkar-muina moztuz tetraplegiko uzten dituela. Azkenik, labana bat sartzen diete (puntilla). Bere krudeltasunagatik Europar Batasuneko hiltegietan debekatuta dagoen hiltze-sistema da. Honek garun-enborra hondatu eta bihotz-biriketako geldialdiaren ondorioz, heriotza agoniko bat eragiten die.

Jakinarazpen hau izenpetzen dugun erakunde eta taldeok agintariei exijitzen diegu ez ditzatela modu honetako jaiak onartu eta bilbotarren jaiak odolez eta sufrimenduz zikindu ez daitezen neurriak hartzeko eskatzen diegu.  Inolako eraso sexistarik, homofoborik, arrazistarik… gabeko Aste Nagusiaz gozatu nahi dugu. Eta baita animalien sufrimendurik gabeko Aste Nagusiaz ere.

Bai zirkua, bai zezenketak, gizarte moderno eta garatu batean lekurik ez duten jarduerak dira. Badira animaliak esklabu bihurtu, zapaldu eta hiltzeko beharrik gabe, ikusleak entretenitzeko eta ondo pasarazteko gai diren benetako profesionalak. Bilboko gizartea, errespetua, berdintasuna eta integrazioan aurrerapausu handiak emateko gai da eta bada ordua hori ekiditen diguten jarduerekin amaitzeko.

Ez dugu nahi gure jaiak zirkuan eta Vista Alegreko zezen-plazan behin eta berriz esplotatzen diren animalien tortura eta minaren kontura ospatzerik.

Sinatuta:

  • Konpartsak: Piztiak Konpartsa Animalista, Komantxe, Zaratas, Eguzkizaleak, Bizizaleak, Kobeta Mendi.
  • Alderdi eta talde politikoak: Udalberri-Bilbao en común, EH Bildu Udal Taldea, Ganemos-Goazen Bilbao, Partido Animalista PACMA, Ezker Anitza-Izquierda Unida, Equo Euskadi, Podemos Bilbao, PCE-EPK Bilbo, Gazte Komunistak Bilbo, Alternativa Republicana.
  • Elkarte eta Kolektiboak: Sare Antifaxista, Asociación Segunda Oportunidad, Asociación Protectora de Animales SOS Bilbao, Colectivo Antitaurino y Animalista de Bizkaia, BEZALA-Animalia Kontzientzia, Asistencia Animales sin Hogar, AYRA Bizkaia, Eguzki, Sagarrak, Alma Animal, Amnistía Animal, AVATMA (Asociación de Veterinarios Abolicionistas de la Tauromaquía y del Maltrato Animal), Animalex, FAPAM (Federación de Asociaciones Protectoras y de Defensa Animal de la Comunidad de Madrid), Fundación Altarriba, Fundación de Ayuda a los Animales, Gladiadores por la paz, Justicia Animal, Libera!, Oinatz Elkarte Animalista, Askekintza-Liberacción, Plataforma Defensa Animal Extremeña, Plataforma La Tortura No Es Cultura, Plataforma por la Dignidad Animal, Talde Animalista Bilbao.