Atsobakarren eraikitzen ari den bidegorri-zatia, pauso berri bat bide onean, Eguzki eta Ekologistak Martxan-en ustez
2015-08-18
Partekatu - Compartelo
Atsobakarren eraikitzen ari den bidegorri-zatia, pauso berri bat bide onean, Eguzki eta Ekologistak Martxan-en ustez
Zati honek Lasarte-Errekalde foru bidegorria eta Lasarte-Oriako udal bidegorria elkarren artean hurbilduko ditu, nahiz eta oraindik ez dituen guztiz lotuko
Atsobakarreko parkeko ertzean, Lasarte-Oriako udal bidegorria Garaikoetxeatik Urbil aldera luzatzeko lanak hasi dira. Eguzkiko eta Ekologistak Martxaneko kideon ustez, bidegorri-zati hau bide onean emandako pauso berri bat da. Egia da oso zati txikia dela, metro batzuk baino ez, baina garraintzitsua, zati honek laster ahalbidetuko duelako (hala espero dugu, behintzat) udal bidegorria eta Foru Aldundiaren Lasarte-Errekalde bidegorria elkarren artean lotzea.
Foru Aldundiaren bidegorria maiatzean ireki zen. Geroztik Lasarte-Oriatik Errekaldera (eta, ondorioz, Donostiara) oinez eta bizikletaz behar bezala joateko aukera dago. Eta alderantziz, jakina. Espero zitekeen bezala, herritarron aldetik harrera bikaina izan du. Hala ere, foru eta udal bidegorriak oraindik lotuta ez daudenez, txirrindulariek ezin dute Lasarteko zentrora eto Lasarteko zentrotik bidegorrira joan modu eroso eta garbian.
Arazo benetan latza da Donostiatik datozen txirrindularientzat, are gehiago ingurua ondo ezagutzen ez badute. Izan ere, bidegorriaren muturrera iritsi eta noraezean geratzen dira. Antzeko zerbait gertatu zaie (eta oraindik gertatzen zaie, nahiz eta gero eta gutxiago, noski), Lasartetik Errekaldera iritsi eta bidegorria Lore Tokiko biribilgunean bukatzen dela ikusten duten erabiltzaileei, baldin eta aldez aurretik ez badakite Eusko Treneko eskaileretan edo igogailuan gora joanda bidegorri-zati berri bat topatuko dutela. Alde horretatik, gure ustez komeniko litzateke udalak eta Foru Aldundia ados jartzea seinalizazioa hobetzeko, bidegorri-zatiak elkarren artean behar bezala lotu bitartean.
Nolanahi ere, berriro diogu: Eguzkiko eta Ekologistak Martxaneko kideon ustez, Atsobakarrekoa bide onean emandako pauso berria da; udal bidegorria foru bidegorriarekin lotzeko oraindik falta den zatiari lehenbailehen heltzea espero dugu, eta, bitartean, seinalizazioa hobetzea edo indartzea komeni dela iradokitzen dugu.
2015eko abuztuaren 11n
P.S. Argazkietan, Atsobakarreko lanak. Orain dela astebete hasi ziren eta abuztua bukatu baino lehen amaituko dira.