Albistea

  • Abuztuak 28, Donostian, 11etan AHTren aurkako protesta martxa

    2015-08-26

    Abuztuak 28 ostiralean, Mugitu! mugimenduak AHTren proiektuaren zulo beltza salatzeko protesta-martxa deitu du Donostian, egun horretan Eusko Jaurlaritzak Miramar Jauregian ospatuko duen ikasturteko lehen gobernu-kontseilua dela eta. Helburu hori aurrean, “euskal Y-aren zulo beltz” beldurgarria eramango dugu Miramarrera, hain zuzen ere azpiegitura-lan handi hori aurrekontuak, natur-ondareak eta jendartearen premiak asetzeko ezinbestekoak diren baliabideak amaigabe irensten dituen zulo beltzik handiena bilakatu dela salatzeko. Beraz, goizeko 11etan bulebarreko kioskotik abiatuko den martxa honetan parte hartzeko dei egiten dugu, egitasmo xahutzaile eta suntsitzaile horren kontrako oposizioa adierazteko.

    Mugitu, mobilizazioa 08-28-2015

    Susmoak daude, gainera, oporraldi turistiko azeleratu baten itzuleran, Eusko Jaurlaritzak AHTren zulo beltza azken mugaraino handitzearekin batera (600M euro xahutuko dituzte 2016 urtean “euskal Y”-aren obretan), Lezo-Gaintxurizketan Plataforma Logistikoa eta Kontxaren azpitik Metroa eraikitzeko egitasmoak berehala inposatzea erabaki duela, horrelako “zulo beltz txikiagoak” masiboki sortuz lurraldean atzeraezineko katea-erreakzio bat eragiteko asmoz. Jadanik, agintari politikoen eta sare enpresarial nahiz finantzarien arteko fusioak tenperatura izugarria hartu du, eta Jaurlaritzak proiektu horiekin daraman abiadura ikusita, bistakoa da herritarren arteko edonolako eztabaidari eta erabakietan partehartze publikoari ateak itxi nahi dizkiela. Horrenbestez, behar-beharrezkoa da denok berriro martxan jartzea eta azpigitura-lan handi horiek zalantzan jartzen dituzten herri-ekimenekin bat egitea.

    Hori denagatik, Miramarreko martxan parte hartzeko dei egiten dugu, Einsteinek zioenez, arazoak ezin direlako konpondu beroriek sortu zituzten pentsamolde eta ariketa berdinekin tematuta, aldaketa sakon bati ekinez baizik. Eta horrek, Jaurlaritzaren kasuan, beti gehiago formula galgarriaren ordez, nahikotasun printzipioari begira jartzea derrigortzen du: alegia, AHT eta gisa bereko proiektu txikitzaileak  gelditzea eta oinarrizko beharrizan sozialei –pobreziaren eta desberdinkeria sozialen aurkako borrokari, kasu– lehentasuna ematea. Nahikoa da AHTren zulo beltzarekin!

    Mugitu! Mugimendua

    (Tlfnoa654480589)

    Mugitu.blogspot.com

KANPAINAK

BIDEOAK

EGUTEGIA

August 2015
M T W T F S S
 12
3456789
10111213141516
17181920212223
24252627282930
31  

LIBURUAK

liburuak