Izugarrikeri hau gelditzea badugu!! AHTrik ez!!

Gaur, irailak 22, Ana Pastor, Sustapen Ministroa, Ana Oregi Lurralde Politikako sailburuarekin eta Donostia, Bilbo eta Gasteizeko alkateekin bildu egingo da. EAEko hiriburuen AHTrako sarbideen inguruan hitz egingo dute. Oregiren esanetan, sarbide hauek garrantzitsuak dira euskal trenbide sarearentzat eta abiadura handiko europar korridorearentzat.

AHT Elkarretaratzea 22-09-2015

AHTa hiriburuen arteko garraioak egiteko bakarrik dago diseinatua, herri eta herrixkak baztertuz. Edonola ere, egokia al da hiriburuak komunikatzeko? Ez horixe. Lehenik eta behin, dauden bidaien artean kopuru oso txiki bat da hirien artekoa, gehienak eskualde barnekoak dira. Gainera, hirien arteko garraio beharrizanak bermatuta daude bai garraiobide aldetik baita azpiegitura aldetik. EAEko hirien arteko bidaietan, AHTak, autobusak eta autoak bidaia-denbora berdintsuak dituzte. AHTak distantzia luzeetan txikitzen du bidaia-denbora, baina momentuz eta 2030 urterarte gutxienez, Euskal Y-a ez dauka loturarik inguruko trenbide-sareetara.

Bestetik, gero eta ageriago da AHTak ez duela bideragarritasun ekonomikorik. Ekonomialari ugarik diote hori, baita AHTaren alde egondakoak. Egitea gastu itzela dakar, 6000 milioi euro baino gehiago, eta inoiz martxan jartzekotan, urtero-urtero 50 eta 60 milioi euro arteko galerak izango lituzke. Pentsa, dirutza hori mordo hori oinarrizko zerbitzuetan edo beste garapen ekonomiko eredu bat sustatzeko erabiliko balitz. AHTa egiteko obrek sekulako triskantza ekologikoak eragin dituzte, besteak beste: iturburuak idortu, errekak kutsatu, lurjausi itzelak sortarazi. Oraindik asko falta da obrak amaitzeko eta oraindik kalte ekologiko ugari eragingo lituzke. AHTa elektrizitatearekin ibili bai, baina elektrizitate hori erregai fosilen bitartez lortzen da.

Hau guzti hau kontutan hartuta, garbi dago AHTa alferrikako azpiegitura erraldoia dela eta, denok dakigu zeintzuk diren horrelako azpiegiturak egiteko benetako arrazoiak: eraikuntza enpresei (FCC, Sacyr Vallehermoso, Ferrovial, ACS) negozioa bermatzea, higiezinen espekulazioa sustatzea eta horri lotutako komisioak jasotzea. AHTa ez da tren huts bat eredu sozio-ekonomiko bat da eta eredu horri boterea eta kapitala baino ez zaio inporta eta denok pairatu ditugu eredu horrek dituen ondorio latzak.

Gaur Madrilen bilduko direnek AHTa geldiezina dela esaten digute, baina obren erdi baino ez dute egin. Ekonomian adituek diote, ekonomikoki hobe dela zorakeria hau geratzea eta orain arte gastatutakoa galdutzat eman, egiten jarraitzea baino. Gauza bera esan dezakegu ikuspegi ekologiko eta sozial aldetik. Horregatik guztiagatik, ozen esan behar diegu agintariei eta enpresari handiei ez zaigula euren jostailutxo madarikatu hori nahi eta gure esku dagoen guztia egingo dugula zorakeri hau gelditzeko.

AHT Gelditu! Elkarlana