Albistea

  • Trident Juncture edo Bardeetan hasten diren krisi humanitarioak.

    2015-10-16
    Partekatu - Compartelo

    PanLemo 001

    Cuervo Ingenuok zioskun: “Tú decir que si te votan/ tú sacarnos de la OTAN.// Y hoy decir que esa alianza/ ser de toda confianza,/ incluso muy conveniente.// Hombre blanco hablar con lengua de serpiente”.

    Alferrik saiatuko gara Javier Kraheren kanta hartan baino hobeto laburbiltzen zer izan zen NATOri buruzko erreferenduma, Trantsizioaren iruzurrik lotsagarrienetako bat, alegia.

    Orain dela hogeita hamar urte (erreferendum hark hogeita hamar urte egingo ditu datorren martxoan, bakarren bati gezurra irudituko zaion arren), Euskal Herrian eta Katalunian, Kanariar Uharteetan bezala, ez genion amuari heldu, eta argi eta garbi bozkatu genuen NATOren kontra. Gure herriak subiranotasuna falta du, ordea, eta ezezko biribil hura ez zuten inolaz ere kontuan izan. Esan dezaten, gero, erabakitzeko eskubidea ez dela hil ala biziko kontua.

    Azken hiru hamarkadotan gertatu da espero zitekeena: Estatu espainolaren esku-hartze militarra gero eta handiagoa izan da nazioarteko gatazketan.

    Espainiako gerra-balentrien kontura barre egiteko joera izaten dugu, eta, egia esan, bakar batzuek horretarako bide eman dute, esaterako, Perejilgoak. Baina gogoratu Aznar Azoresen Bush-en eta Blair-en pare agertu nahian ikusi genuenean ere, gogotik egin genuela barre, harik eta ederki damutu zitzaigun arte. Beraz, barre-gogo sanoak ez gaitu Estatu espainolak alor militarrean ere jokatzen duen rola gutxiestera eraman behar. Izan ere, egia da Espainia menpeko potentzia dela, nagusien esanetara dagoena, modurik serbilenean egon ere, gainera. Baina egia da ere munduan barrena azken hiru hamarkadotan izan diren eraso askotan, gehienetan, ezinbesteko pieza izan dela.

    Irakera edota Afganistanera soldadu gehiago edo gutxiago bidali ditu, baina, horretaz aparte, ez da begi-bistatik galdu behar munduko zazpigarren arma-esportatzailerik handiena dela. Arma espainolen berezeroen artean, Saudi Arabia, Irak, Egipto, Libia, Maroko, Israel… Eta horiek bezero legezkoak baino ez dira. Esan gabe doa arma horietatik asko Euskal Herrian bertan ekoizten direla.

    Estatu espainolak logistika aldetik ematen duen laguntza ere ez da makala. Horren lekukorik adierazgarriena, Euskal Herrian, Bardeetako Tiro Eremua da. Izan ere, orain dela gutxi Game of Throneseko Daenerys Targaryen printzesari bere glamourra beste behin erakusteko aukera eman dion agertoki zoragarri/harrigarri horren atzean edo, hobeto esan, ondoan, gerra-hegazkinak benetako munizioarekin trebatzeko Europan erabiltzen den eremu bakarra dago. Bardeetan trebatu ziren Golkoko Gerran, Libian edota Balkanetan erabilitako hegazkinak. Azkenaldion Estatu Islamiarraren aitzakian kurduei eraso egin dieten Turkiako hegazkinak ere Bardeetan trebatu dira.

    Izan ere, potentzia nagusiak horrelako erasoak egiteko prestatzen ari diren bakoitzean, aktibitatea izugarri areagotzen da Bardeetako Tiro Eremuan. Horra Trident Juncture, NATOk Gerra Hotzetik egin duen ariketarik handiena. Urriaren 3tik martxan den ariketa horretan, hamar herrialdeko 30.000 militar ari dira parte hartzen, horietatik 8.000 Estatu espainolekoak. Operazio horren barruan, datorren astean, urriaren 21ean, bonbardatze latzak hasiko dira Bardeetan. Ofizialki hasi; praktikan, aspalditxo sumatu baita ezohiko mugimendua Tiro Eremuan.

    Trident Juncturen “interbentzio” bat simulatzen ari dira herrialde hipotetikoren batean. Hori bai, herrialde hipotetiko hori Egiptoko hegoalde eta Afrikako Adarraren artean dago kokatuta. Ezingo dugu esan beraien asmoak gardentasunez erakusten ez dituztenik, behintzat.

    Gauzak horrela, honako hau ondorioztatu daiteke: estatu nagusiek sustatzen dituzten bonbardatze humanitario askok Bardeetan dute abiapuntu. Hauxe da sekuentzia: esku-hartze militar humanitarioek -betiere herritarren beraien hobebeharrez, baina haiekin kontatu gabe, jakina- krisi humanitarioak sortzen dituzte; Europako herrialdeek krisi humanitario horiek “konpontzen” dituzte Melillako, Eurotuneleko edo Hungariako hesien bitartez, edo besterik gabe Mediterranioaren laguntzaz; baina egoerak gain hartzen dienean, orain gertatzen ari den bezala, krokodilo-malkoak isuri eta solidario-plantak egiten dituzte, alde batetik, baina, bestetik, berriro bonbardatze humanitarioei ekiteko prest daude, Bardeetatik hasita.

    Estatu espainolak joko zital horretan bete-betean hartzen du parte.

    Beraz, hogeita hamar urte pasatu diren arren, Cuervo Ingenuoren salaketak indarrean dirau: azalzurikoak suge-mihiarekin mintzatzen jarraitzen du.

    P.S. Trident Junctureko bonbak Bardeetan jaurtiko dituzten egunetan, Askapenako bost kideren eta Askapenaren beraren kontrako epaiketa egiten ariko dira Madrilen. Horra paradoxa: interbentzio militarretan izan duen eta duen parte-hartzeagatik epaile baten aurrean azalpen ugari eman beharko lukeenak erakunde internazionalista bat epaitzen du, erakunde horrek herrien eta herrialdeen arteko bestelako harremana aldarrikatzen duelako. Askapenako kideei, besarkada bana.


    Partekatu - Compartelo