Pariseko klima aldaketaren gailurreko atariko egoera
2015-10-23
Partekatu - Compartelo
Iturria: Argia.
Sistema aldatu, ez klima. 2009an Kopenhagen egindako klimaren gailurrean gizarte zibileko mugimenduek plazaratutako leloa indar biziz dator atzera, abenduan Parisen egitekoa den bilkura historikoaren atarian. Zientzialariei jaramon egitera, agortzear da beroketa globalarekiko epelkeriaz jokatzeko garaia. Ez da falta, hala ere, Parisko COP21en porrota dagoeneko iragarri duenik, egoera honetara ekarri gaituzten planteamenduak berriro mahai gainean ikusita.
1995etik urtero egin da klima aldaketari buruzko NBEren goi-bilera, ingelesezko COP siglekin ezaguna. Aurtengo azaroaren 30etik abenduaren 11ra bitartean egingo da hogeita batgarrena (COP21) Parisen, eta honezkero nonahi entzun eta irakurriko zenuenez, inoiz egindako garrantzitsuena izan daiteke. Horren zergatia labur azaltzen da: urte askoan luzamendutan ibili ostean, iritsi da garaia munduko estatuek behingoz klima aldaketari aurre egingo dion akordio zabal eta eraginkorra adosteko, erabateko klima-hondamendia saihestu ezingo dugun unea gertu dugu eta.
Hala diote zientzialariek, eta ia mundu guztia bat dator ondorioei dagokienez. Baina gauza bat da diagnostikoa onartzea, eta beste bat, askoz zailagoa, zientzialariek gomendatzen dituzten neurriak politika errealetan txertatzea. Hori da klimaren gailurren historia laburrak orain arte eman digun irakaspenetako bat.
COP21en gailurraren helburua Kyotoko Protokoloa ordezkatuko duen nazioarteko akordio globala hitzartzea da, hura 2012an agortu baitzen –2020ra arte luzatzea erabaki zen–, eta oraingoz ez baita lortu maila bereko itunik adostea. Kyotokoak ez bezala, Parisko hitzarmenak munduko herrialde guztiei eragingo die; hala, bilkura hasi orduko denek aurkeztu behar dituzte euren asmoak berotegi efektuko gasen (BEG) emisioak murrizteko.
Ekarpen guztiak batuta, ondorioa izan behar da planetaren batez besteko tenperatura globalaren igoera ez dadila izan 2 ºC-tik gorakoa 2100. urterako, erreferentziatzat industrializazioaren aurreko garaia hartuta –orain 0,8 ºC-koa da igoera hori–. Hortik gora oso zaila izango da klima aldaketaren ondorioei egokitzea, IPCCk, 1998an sortutako nazioarteko adituen lantaldeak, honezkero argi utzi duenez. Izan ere, nahikoa lan izango da dagoeneko saihestu ezin izango dugunera egokitzea.
Beste gauza garrantzitsu pare bat ere esan zuen IPCCk iaz emandako txostenean –bosgarrena, erakundea sortu zenetik–: batetik, klima uste genuena baino azkarrago aldatzen ari dela, eta horren ondorioak aurreikusitakoak baino latzagoak direla; bestetik, zalantzarik gabe giza jardueraren ondoriozko gas isurketa dela egoera horren eragile nagusia. Mende amaierarako karbonorik gabeko ekonomiarantz jo beharko genuke, mehatxua saihesteko. Eta neurriak lehenbailehen hartzen hasi beharra dago.
2,7 gradutan gaude momentuz
Iaz Liman egindako COP20 goi-bileran adostu zenez, munduko herrialde guztiek beren murrizketa asmoak –INDC ingelesezko siglekin ezagunak– aurkeztu behar zituzten aurtengo urriaren 1a baino lehen. Horren ostean, NBEk azaroaren 1era arteko epea izango du INDC guztien sintesia egiteko, eta sintesi hori da COP21ean negoziatuko den dokumentu garrantzitsuenetako bat.
Lerro hauek idazteko unean, urriaren erdi-erdian, 70en bat herrialdek ez dituzte oraindik euren asmoak agertu, bai ordea gehien igortzen dutenek (ia emisioen erdia AEB, Txina eta Europar Batasunari zor zaie).
Climate Action Tracker webgunean ageri denez, aurkeztutako helburuak aintzat hartuta aurreikus daiteke beroketa 2,7 ºC-koa izango dela; beste iturri batzuen arabera, hiru graduraino ere irits liteke. Balio beza erreferentziatzat Ibon Galarraga Basque Centre for Climate Change-ko (BC3) ikerlariak emandako datu honek: emisioen ikuspuntutik ezertxo ere egingo ez bagenu, 3,6 eta 4,2 ºC bitarteko beroketara joko genuke.
Zientzialariei zaila suertatzen zaie horrek zer ondorio zehatz ekarriko lukeen aurreikustea, baina ohartarazi dute gaur ezagutzen dugun zibilizazioa bateraezina litzatekeela hain tenperatura igoera handiarekin.
Kyotoren porrota…
Galarraga ingurumen-ekonomialaria da, eta hurbiletik jarraitu ditu azken urteetako klimaren goi-bilerak. Aurrekariez mintzatu zaigu lehenik, hots, Kyotoko Protokolo honezkero agortuaz: “Balorazioak bi alde ditu. Alde instituzionalari begira akordioa interesgarria izan zen, ingurumen arloan inoiz lortu den handiena baita”. Ez du funtzionatu, baina.
Kyotoren helburua, askoren ustez xumeegia, 2012rako BEG emisioak 1990. urtekoak baino %5 txikiagoak izatea zen. Porrota begien bistakoa da: jaitsi beharrean, CO2 eta enparauen isurketak igo egin dira. 2013koak %61 handiagoak izan ziren 1990ekoak baino.
Hainbat arrazoik azaltzen dute, Galarragaren esanetan, protokoloak huts egin izana. Batetik, BEG igorle historiko handiena, AEB, akordioa indarrean sartu aurretik irten zen bertatik. Bestetik, Kyotok 40 herrialde baino gutxiagori ezarri zien emisioak gutxitzeko –edo, zenbait kasutan, langa batetik gora ez igotzeko– beharra; 90eko hamarkadan industrializatuenak zirenei, hain zuzen.
Hala, akordioak ez dakarkio inolako betebeharrik gaur egungo isurle handiena den Txinari, ez eta azken urteetan nabarmen hazi diren beste batzuei: India, Brasil… Gainera, 2012an hitzarmenetik irten ziren Kanada, Errusia eta Japonia, besteak beste. Gaur egun protokoloan geratzen diren herrialdeek munduko emisioen %15 baizik ez dute eragiten.
… eta Kopenhagerena
Tresna herren horren ordezkoa 2009an Kopenhagen egindako goi-bileran adostu behar zen, baina gailur hura porrot handia izan zen; hala iritzi zioten parte hartu zuten gobernu askok eta talde ekologista guztiek. Aurreikusita zegoen hitzarmen loteslearen ordez, azken unean Txinak eta AEBek inposatutako akordio politiko bat onartu zen, borondatearen araberakoa. Besteak beste, beroketa globala bi gradutik gorakoa ez izateko helburua adostu zen Kopenhagen.
“Kopenhage porrota izan zen, bai, baina ez hainbestekoa”, uste du Ibon Galarragak; “itxaropenak oso handiak ziren, bai, baina ez ziren errealistak, argi zegoen AEB eta Txina ez zeudela akordio loteslera iristeko prest”. Bilera hartatik atera ziren gauza onen artean, Klimaren Funts Berdearen sorrera aipatu du BC3ko ikerlariak: klima aldaketaren ondorioei aurre egiteko herrialde pobreenetarako diru-laguntza, herrialde garatuetako gobernuek eta sektore pribatuak elikatu beharrekoa.
2020tik aurrera urtero 100.000 milioi dolar jartzea da asmoa –oraingoz kopuru horren hamarrena bildu da–, baina sei urte igaro dira eta oraindik ez dago argi funtsak nola funtzionatuko duen, ekologistek kritikatu dutenez. Greenpeaceko Tatiana Nuñoren berbetan, egiteke dago oraindik horri buruzko bide-orri argi bat, herrialde bakoitzak zenbat diru eta zer irizpideren arabera ipiniko duen, eta diru hori nork eta nola kudeatuko duen zehaztuko duena; momentuz, Munduko Bankua ari da administratzaile lanetan. Parisen ebatzi beharreko puntu garrantzitsuenetako bat izango da.
Akordioa loteslea izango da?
COP21en webguneak dio bileraren helburua dela klimari buruzko hitzarmen unibertsal eta loteslea lortzea, historian lehenbiziko aldiz. Zalantza gutxi dago gobernu guztiek –edo ia– sinatutako akordioren bat izango dela, gauden-gaudenean iritzi publikoak nekez onartuko lukeelako besterik, baina ikusteko dago loteslea izango den.
Ibon Galarragak, esaterako, ez du hala uste: “Bakoitzaren zeregina jasoko duen dokumentu motaren bat adostuko da, eta hurrengo urteetan lan handia egin beharko da horren inguruan”. Nolanahi, baikor azaldu da BC3koa, uste baitu Parisen aurrerapauso esanguratsuak emateko osagaiak egon badaudela, besteak beste AEB eta Txinaren jarrera inoizko zabalena izatea.
Galarragak bezala, Parisen egosiko den hitzarmena loteslea izango ez dela pentsatzen du Txetx Etxeberri Bizi!-ko kideak, baina haren kasuan gailurrak eman dezakeenaz ezkor egoteko arrazoia da hori. “Kyoton ez bezala, orain estatu bakoitzak erabakiko du zein konpromiso hartu, eta gainera ez zaio zigorrik ezarriko betetzen ez duenari”, adierazi zuen Etxeberrik irailean, Alternatiba Itzulia amaitzear zela Gara egunkariari emandako elkarrizketa batean.
COP21 porrota izango dela iragartzeko beste arrazoi batzuk ere azaldu zituen Bizi!-ko kideak: “Eztabaidagai nagusietako batzuk alboan utziko dituzte, hala nola energia fosilen ustiaketari dagokiona”. Etxeberrik bere egiten du klima hondamena saiheste aldera erregai erreserben bi heren –batzuek diote %80– lurpean uzteko aldarrikapena.
Eskari horrekin bat dator, halaber, Ekologistak Martxaneko Javier Andaluz: “Klima aldaketaren erronkari behar bezala aurre egiteko, erregai fosilen kontsumoan oinarritutako eredua alboratu eta pertsonengan, hurbiltasunezko kontsumoan eta energia berriztagarrietan oinarritutako beste batera jo behar dugu”.
Bi graduko muga benetan da segurua?
COP21 ez da parametro horietan jokatuko, bistan dena. Naomi Kleinek This changes everything (Honek dena aldatzen du) liburuan dio ez ditugula egin emisioak benetan murrizteko egin behar ziren gauzak, araurik gabeko kapitalismoarekin bateragarriak ez direlako. Bide batez, arrisku-mugatzat 2 ºC-ko beroketa aukeratu izana erabaki politikotzat jotzen du Quebeceko idazleak –eta ez da hala uste duen bakarra–, “ahalik eta pertsona gehien babestearekin baino, gaur egungo sisteman ahalik eta buruhauste ekonomiko gutxien sorraraztearekin du zerikusia”.
Ildo beretik doa talde ekologista gehienek munduko gobernuei egiten dieten eskaera: ahalegindu daitezela segurtasun langa 1,5 ºC-ra jaisten. “1,5 ºC? Dagoeneko ez dago hori lortzerik”, esan digu Ibon Galarragak, “eta 2 ºC-ak ez gainditzea ere ez da erraza izango”.
Kapitalismoa gainditzeko akuilu ezin hobea
Naomi Kleinek ondo egina du bere liburuaren izenbururako hautua. Haren tesia da klima aldaketa ez dela krisi soila, sistema sakonki eraldatzera behartzen gaituen mehatxua baizik. Bestela esanda, kapitalismoa gainditzera. Hala, mehatxua aukera bihurtzen da: gas isurketak nahitaez murriztu beharra mundu justuagoa lortzeko aitzakia ezin hobea da, Kleinen ustez.
Egoera larrian gaude klima aldaketaren aurkako borrokan alferrik galdu ditugulako bi hamarkada, dio Montrealeko idazleak, eta dagoeneko ez dago erdibiderik. Galdera da ea planeta hoztu ahal izango den merkatuen eta hazkunde ekonomikoaren logikaren barruan mantenduz. Batzuek baietz uste dute. “Orain arteko diseinuak huts egin du, baina merkatuak soluzioaren parte izan behar du merkatu ekonomia batean bizi garelako”, Ibon Galarragaren hitzetan.
Orain arte soluziotzat proposatu diren mekanismo guztiak egongo dira Parisko negoziazio mahaian. Soluzio faltsuak, sistema aldatu gura dutenen iritziz. Beste hamarkada baterako eskuak lotuta utziko gaituen akordio hutsal bat baino, batzuen ustez hobe litzateke COP21etik esku hutsik baina aukera guztiak zabalik ateratzea. Arazoa da ez dela egongo planak berregiteko beste hamarkadarik. Berandu gabiltza, eta hori IPCCk dio, ez ekologistek. Izan ere, Kyotokoa ordezkatuko duen akordioa indarrean jartzeko 2020ra itxarotea luzeegi itxarotea dela uste duenik ez da falta. Historiak epaituko gaitu.