Albistea

  • Bidaurreta proiektua stop!

    2015-11-06
    Partekatu - Compartelo

    bidaurreta[1]

    Testu hau sinatzen dugun erakundeak arduratuta gaude Lea-Artibaiko eskualdean ingurumenari kalte egiten dioten hirigintza-proiektuak  direla eta. Horregatik Markina-Xemeingo udaletxe honi ondorengo hau adierazi nahi diogu:

    Gure ustez, Bidaurretako hirigintza-proiektua, non 48 txalet eraikitzeko asmoa dagoen, garapen eta hiri-antolamenduaren ikuspuntutik onartezina da.

    Udaletxeak, proiektu honen urbanizazio-lanak has zitezen, lizentzia eman zuen. Honekin batera lanen egutegia ezarri zuen, lau urteko epean bukatzeko asmoarekin (bat hasteko eta hiru gauzatzeko). Epea 2016. urteko martxoan bukatzen dela gogorarazi nahi dugu.

    Agerikoa da sustatzaileak, ezarritakoa betetzeko interesik ez daukala. Hortaz, ondorengo galderak egin behar ditugu: ez betetze honen aurrean zein izango da udaletxearen jarrera? Lurrak birkalifikatzeko neurri legalak hartuko dira? Eraikitzaileak egokia dela uste duen arte luzatuko dira bere espekulazio-eskubideak?

    Bidaurretako urbanizazio-proiektua 90. hamarkadan hasi zen, lurren birkalifikazioarekin. 20 urte baino gehiago igaro dira eta egin den lur-mugimendu bakarra, obra minimo bat hasteko eta eskubideak finkatzeko izan da. Etorkizunean, ahal denean, jarraitzeko asmoa omen dago, baina momentu honetan ez dakigu noiz bukatuko diren lanak, bukatzen baldin badira.

    Guk, hirigintza-proiektuaren iraunaldia amaigabea ote den eta egoera honek honela jarratitzea onartuko den ala ez jakin nahi dugu. Pantomima honekin jarraitzeak eraikitzailearen interesesei egiten die mesede bakarrik, denen interesak albo batera utziz.

    Ez da hirigintzaren ikuspuntutik eta ingurumenaren aldetik eragingo lituzkeen kalteak eztabaidatzeko eta gogorarazteko momentua. Uste dugu azken urte hauetan nahikoa argudiatu eta eztabaidatu dela. Orain, honako hau erabaki behar da: zer egingo da, ekimen pribatuak bere proiektuaren ez betetze edo haustean daukan jarrera honen aurrean?

    Uste dugu Lea-Artibaiko udaletxeak egitasmoak legeztatzeko presioak jasaten ari direla. Egitasmo hauek ez diete biztanleriaren benetako beharrizanei erantzuten eta ingurumenarentzako kaltegarriak dira. Lehenago 500 etxebizitza egin ziren Ondarruko paduran, berdina Mendexan landa-lurren okupazioarekin eta orain Markina-Xemeinen 48 txalet-en proiektuarekin.

    Udaletxeek beraien lurrak etxebizitza familiabakarren eraikuntzara bideratzeko jasaten duten presioaren jakitun gara. Hala ere, kontuan izan behar da eskakizun guztiak betetzea ez dela derrigorrezkoa, horietako asko hiri-eredu jasanezin batera bideratuta baitaude. Honelako eskaerei erantzuteak ondorio desberdinak dakartza: lurraren zatikatzea, ondare naturala galtzea, ibilgailuen mugimendua areagotzea, zerbitzu, sarbide, argi eta ur-garraioaren gastuak handitzea…

    Uste dugu funtzio publikoaren betebeharra dela lurraren erabilpen jasangarria ziurtatzea. Horretarako zentzuzko hazkunde trinkoa da egokiena, ondorengo belaunaldiei ondare natural, osasuntsu eta orekatu bat uzteko.

    Guzti honengatik, udaletxe honi zera eskatu nahi diogu: momentua heltzen denean bere entzutea erabil dezala eta beharrezkoak diren neurri legalak har ditzala, lurrak landa-lur bezala birkalifikatzeko eta proiektuaren eraikuntza ekiditeko.

    EKOZAIN, Mutriku N.T., S.O.S.Karraspio eta Lea Artibaiko EGUZKI

     

     


    Partekatu - Compartelo