Albistea

  • GHKren zorra Gipuzkoako Aldundiaren gain gera liteke

    2015-11-07
    Partekatu - Compartelo

    errauskailua 2015 azaroaIturria: Argia.

    Espainiako Gobernuak arautegian egindako aldaketa batek Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoaren izaera publikoa berretsi du.

    Madrilek abuztuan egin zuen arau aldaketa, baina GHK-ko kontu hartzaileak orain idatzitako txosten bati esker egin da publiko, aldaketa horren berri “kasualitatez” jakin eta gero, Gara eta Berria egunkariek argitaratu dutenez.

    Partzuergoaren izaera publikoa berretsi eta Gipuzkoako Aldundiari loturiko erakundea dela dio Espainiako Gobernuko Ogasun Ministerioak, eta ondorioz,  haren zorra Aldundiak hartu behar duela bere gain. Era berean, sozietateak defizitaren arazoari aurre egiteko erabakiak hartu beharko ditu epe laburrean, legeak dioena betetzeko.

    Kudeatzaileek finantza plan bat aurkeztu beharko dute, baina kontu hartzaileak berak ohartarazi du egoera larrian dagoela GHK, 50 milioi eurotik gorako zuloa baitu momentu honetan. Zulo hori zuzenean lotu du 2011n Zubietako errauskailua finantzatzeko sinaturiko swap edo kreditu espekulatiboekin. Teknikariaren ustez GHK-k ezin izango dio horri buelta eman eta desegitea da irtenbide bakarra. Hala, Zubietako errauskailua eraikitzeko arduradun den erakundea desagertu eta bere zorraren zama Gipuzkoako Aldundiaren gain geratuko litzateke.


    Partekatu - Compartelo