Donostia eta Bidasoa aldeko PTP-ari buruzko adierazpena kaleratu dute zenbait kolektibok eta norbanakok

Argazkia PTP 2015 azaroaDonostialdea-Bidasoa Beheko Zatikako Lurralde Planak (ZLP-PTP) eragindako  udalerrietako hainbat taldek Plan hori bertan behera uztea eskatzen dugu. Gipuzkoako eskualde honen premiak kontutan hartu eta egungo errealitateari lotuta aurkezten diguten arren, guztiz kontrakotzat jotzen dugu: PTPak jasotzen dituen egitasmoek beren osotasunean lurraldearekiko eraso larria eragiteaz gain, zalantzan dagoen garapen eredu bati bultzada berria eman nahi dio Plan honek. Halaber, gogor salatzen dugu udalerriek lurraldearen kudeaketan dituzten eskumenak larriki murriztea dakarrela, herritarren partehartzea sustatu gabe onartu nahi dutelarik bestalde.
Donostialdean honezkero iada, eta are datozen urteetan ere, bai azpiegitura handien proiektuekin zein lurralde antolaketa planekin lotutako arazoei aurre egin behar diegu. ZLP-PTP honek oso inpaktu gogorra eragingo luke. Lurraren erabilera oso erasokorrak gure etorkizun guztia hipotekatuko luke. PTPa izaera desarrollista nabarmeneko plan bat da eta hazkundekeriaz jotako ikuspegitik datoz egitasmoak,Donostia inguruko lurralde guztia bere menpean hartzera. Herritarrengandik oposizio garrantzitsua piztu duten egitasmoak daude tartean:hala Lezo-Gaintzurizketan eta Zubietan aurrikusitako poligono erraldoiak, nola errauskailua, AHT, Auditz-Akularreko egitasmo urbanistikoa, Donostiako hiri-erdialdetik Metroa, Andoaindik N-1 trazaketa berria, edota Irunen eta Urumea bailaran hirigintza arloko eraldakuntza latzak, beste adibide askoren artean.Guztira 1.300 hektarea baino gehiago suntsitzea planifikatzen du LZP-PTP honek. Etxe berriak eraikitzeko, garraio azpiegitura erraldoiak egiteko, jarduera ekonomiko kutsatzaileak indartzeko.
Donostialdearako inposatu nahi zaigun lurralde eredua auzitan jartzen dugu. Adibide gisa, Gaintxurizketan aurrikusitako poligono logistikoak ingurugiroari eragindako kalteez beren ebaluazio txostenek diote hitzez hitz: eragin zuzena eta larria, handia, iraunkorra, atzeraezina eta sendaezina izango duela baliabide natural eta kulturaletan, ingurune ahuletan, paisaian, nekazal ekoizpenean eta gizakion osasunean. Argi dago, beraz, iraunkortasunaz eta aurrerabideaz darabilten diskurtsoa propaganda hutsa dela.
Era berean, PTPak oinarri juridikorik ez duen “izaera estrategikoko gune” gisa izendatzen dituela ohartarazten dugu eremu zabalak, lurraldearen okupazio handiak ahalbidetzeko. Honi dagokionean, gogor salatzen dugu inongo oinarri legalik ez  duen xedapen honen bidez PTPak Udalerriei orain arte lurraldea antolatzeko aitortu zaizkien eskumenak ezabatu nahi dituela. Izendapen horren pean, gune horiek zehaztu gabeko ekintzerako erreserbatzen dira, bertan zer egingo den zehaztu gabe. Horrela eskuak libre izango dituzte Pasaia bezalako gune garrantzitsuetan nahi dutena egiteko. Herritarren interesen alde ari direla esaten dute, baina egiazki,  “izaera estrategikoko gune” horietan dituzten benetazko interesak ezkutatzen dituzte, hain zuzen ere legezkanpokoa den indefinizio horren atzean beraien interes desarrollista eta espekulatzaileak gordetzen dituztelarik.
Halaber, kezkagarria iruditzen zaigu PTPak Jaizkibelgo kanpo portuari buruz darabilen argitasun falta, aldi baterako gelditik dagoen egitasmo honen inguruan egiten dituen aipamenak laburrak bezain nahasgarriak direlako.
Argazkia PTP2 2015 azaroa
ZLP-PTPren tramitazioan herritarron parte hartzeari bide eman behar zaiola esaten dute, “informazioa zabalduz eta iritzi desberdinen alderaketa ahalbideratuaz gizarte taldeekin”.  Baina PTPari 2011 urtean herritarrek aurkeztutako milaka alegazioei (osotara 20.000 alegazio baino gehiago) Jaurlaritzak ez die erantzunik ere eman; eta hori, Arartekoak argi eta garbi ebatzi duenean Administrazioa behartuta dagoela hala egitea.
Orain da unea herritarrei, mugimendu sozialei eta bizilagunen elkarteei hitza emateko. Plan honek herritarron bizimoduei gogor eragiten die eta gure etorkizuna erabakitzeko aukeraren jabe izan behar dugu. Gure ustez ekonomia jendearen zerbitzuan jartzeko eta eskualdean sustraitutako egitasmoetan lantzeko garaia da. Lurra ondare nagusia dugu, eta horri lotuta marraztu beharra dago geroa, elikadura subirautza bermatze aldera. Mugikortasun eroan harrapatuta ez dago bizi kalitaterik. Zenbaki makro-ekonomikoen hazkundeak ez dakar ongizaterik, langabezia tasarik handienak pairatzea, lanpostu askoren galera industrian eta komertzio txikian, baserritarren jarduera itotzea, prekaritatea eta lan baldintzen degradazio larria baizik.
Hori denagatik, adierazpen hau sinatzen dugun taldeek eta erakundeek Donostialdeko ZLP-PTP honi gure ezezko borobila adierazten diogu. Lurraldearen antolaketa eta etorkizun sozio-ekonomikoa daude jokoan. Herritar guztion bizimolde duin eta askea, hitz batez.
PTP-ZLP HONI EZ! LURRALDE ANTOLAKETA  ETA ETORKIZUN SOZIO-EKONOMIKOARI BURUZKO ERABAKIA DENON ESKU! DONOSTIALDEKO UDALERRIAK ETA AUZOAK BIZIRIK!

Sinatzaileak: 

La Herrera Herrira Herritar Ekimena (Pasaia)
Lezoko PTPren aurkako Herri Ekimena
Ekologistak Martxan Gipuzkoa
Asoc. medioambiental Jaizkibel Geonature
Eguzki Talde ekologista
Errausketaren aurkako Plataforma / Plataforma contra la incineración
Usurbilgo Alkatea (Xabier Arregi)
Gipuzkoako Batzar Nagusietako Podemos Ahal Dugu Batzarkide Taldea /grupo juntero Podemos de Gipuzkoa
Jon Albizu, EH Bilduko Batzarkidea
EH Bildu Pasaia
EH Bildu Oiartzun
Grupo municipal Puede Pasaia(k) Ahal Du
Podemos Errenteria  Ahal Dugu
Concejales del grupo municipal Lasarte-Oriak Ahal Du udal taldeko zinegotziak
Grupo municipal Sí Se Puede Irun
Ezker Anitza-IU
Alternatiba
Irabazi
EQUO
Oarsoaldea Taldea (GOT)
Oreretako PTParen aurkako taldea
Donostia Bizirik
 ESK sindikatua
Stop Desahucios de Bidasoa
Stop Desahucios Donostialdea
Trintxer Elkartea (Pasaia)
Txerrimuño Kolektiboa (Lezo)
AHTren Aurkako Oreretako taldea
Donostiako  Metroa gelditzeko bizilagunen batzarreko partaideak /participantes en la el grupo de vecino/as y asociaciones de Donostia por la paralización del Metro
Asoc. Cuarto Mundo
Apaiziartza baserria
Arantza Baratza Ekologikoa (Altza)
AHTren aurkako Donostiako Taldea
Distribuidora Alternativa RUTI-DISTRI (Altza)
Goizalde Larraza Gaminde
Paki Perez, Nerea garro, Zigor Garro, Nere Alberdi (Orereta)
ETA GEHIAGO…