Albistea

  • Donostialdea-Bidasoa beheko zatikako lurralde planari (ZLP-PTP) aurkeztutako alegazioak

    2015-11-14
    Partekatu - Compartelo

    ptp kontzentra 2015 azaroa1.-Donostialdea-Bidasoa Beheko Zatikako Lurralde Plana (ZLP-PTP) Gipuzkoako eskualde honen premiak kontutan hartu eta egungo errealitateari lotuta aurkezten diguten arren, guztiz kontrakotzat jotzen dugu: PTPak jasotzen dituen egitasmoek beren osotasunean lurraldearekiko eraso larria eragiteaz gain, zalantzan dagoen garapen eredu bati bultzada berria eman nahi dio Plan honek. Halaber, gogor salatzen dugu udalerriek lurraldearen kudeaketan dituzten eskumenak larriki murriztea dakarrela, herritarren partehartzea sustatu gabe onartu nahi dutelarik bestalde.

    Donostialdean honezkero iada, eta are datozen urteetan ere, bai azpiegitura handien proiektuekin zein lurralde antolaketa planekin lotutako arazoei aurre egin behar diegu. ZLP-PTP hau burutzeak oso inpaktu gogorra eragingo luke. Lurraren erabilera oso erasokorrak gure etorkizun guztia hipotekatuko luke. PTPa izaera desarrollista nabarmeneko plan bat da eta hazkundekeriaz jotako ikuspegitik datoz egitasmoak, Donostia inguruko lurralde guztia bere menpean hartzera. Herritarrengandik oposizio garrantzitsua piztu duten egitasmoak daude tartean: hala Lezo-Gaintzurizketan eta Zubietan aurrikusitako poligono erraldoiak, nola errauskailua, AHT, Auditz-Akularreko egitasmo urbanistikoa, Donostiako hiri-erdialdetik Metroa, Andoaindik N-1 trazaketa berria, edota Irunen eta Urumea bailaran hirigintza arloko eraldakuntza latzak, beste adibide askoren artean. Guztira 1.300 hektarea baino gehiago suntsitzea planifikatzen du LZP-PTP honek. Etxe berriak eraikitzeko, garraio azpiegitura erraldoiak egiteko, jarduera ekonomiko kutsatzaileak indartzeko.

    2.-Donostialdearako inposatu nahi zaigun lurralde eredua auzitan jartzen dugu. Adibide gisa, Gaintxurizketan aurrikusitako poligono logistikoak ingurugiroari eragindako kalteez beren ebaluazio txostenek diote hitzez hitz: eragin zuzena eta larria, handia, iraunkorra, atzeraezina eta sendaezina izango duela baliabide natural eta kulturaletan, ingurune ahuletan, paisaian, nekazal ekoizpenean eta gizakion osasunean. Argi dago, beraz, iraunkortasunaz eta aurrerabideaz darabilten diskurtsoa propaganda hutsa dela.

    3.-Era berean, PTPak oinarri juridikorik ez duen “izaera estrategikoko gune” gisa izendatzen dituela ohartarazten dugu eremu zabalak, lurraldearen okupazio handiak ahalbidetzeko. Honi dagokionean, gogor salatzen dugu inongo oinarri legalik ez duen duen xedapen honen bidez PTPak Udalerriei orain arte lurraldea antolatzeko aitortu zaizkien eskumenak ezabatu nahi dituela. Izendapen horren pean, gune horiek zehaztu gabeko ekintzerako erreserbatzen dira, bertan zer egingo den zehaztu gabe. Horrela eskuak libre izango dituzte Pasaia bezalako gune garrantzitsuetan nahi dutena egiteko. Herritarren interesen alde ari direla esaten dute, baina egiazki, “izaera estrategikoko gune” horietan dituzten benetazko interesak ezkutatzen dituzte, hain zuzen ere legezkanpokoa den indefinizio horren atzean beraien interes desarrollista eta espekulatzaileak gordetzen dituztelarik.

    ptp kontzentra2 2015 azaroa

    4.-Halaber, kezkagarria iruditzen zaigu PTPak Jaizkibelgo kanpo portuari buruz darabilen argitasun falta, aldi baterako gelditik dagoen egitasmo honen inguruan egiten dituen aipamenak laburrak bezain nahasgarriak direlako.

    5.-ZLP-PTPren tramitazioan herritarron parte hartzeari bide eman behar zaiola esaten dute, “informazioa zabalduz eta iritzi desberdinen alderaketa ahalbideratuaz gizarte taldeekin”. Baina PTPari 2011 urtean herritarrek aurkeztutako milaka alegazioei (osotara 20.000 alegazio baino gehiago) Jaurlaritzak ez die erantzunik ere eman; eta hori, Arartekoak argi eta garbi ebatzi duenean Administrazioa behartuta dagoela hala egitea.

    6.-Orain da unea herritarrei, mugimendu sozialei eta bizilagunen elkarteei hitza emateko. Plan honek herritarron bizimoduei gogor eragiten die eta gure etorkizuna erabakitzeko aukeraren jabe izan behar dugu. Gure ustez ekonomia jendearen zerbitzuan jartzeko eta eskualdean sustraitutako egitasmoetan lantzeko garaia da. Lurra ondare nagusia dugu, eta horri lotuta marraztu beharra dago geroa, elikadura subirautza bermatze aldera. Mugikortasun eroan harrapatuta ez dago bizi kalitaterik. Zenbaki makro-ekonomikoen hazkundeak ez dakar ongizaterik, langabezia tasarik handienak pairatzea, lanpostu askoren galera industrian eta komertzio txikian, baserritarren jarduera itotzea, prekaritatea eta lan baldintzen degradazio larria baizik.

    7.-Hori denagatik, alegazio honekin bat egiten dugun taldeek eta erakundeek Donostialdeko ZLP-PTP honi gure ezezko borobila adierazten diogu ta Plan hori bertan behera uztea eskatzen dugu. Lurraldearen antolaketa eta etorkizun sozio-ekonomikoa daude jokoan. Herritar guztion bizimolde duin eta askea, hitz batez.

     Donostian, 2015ko azaroaren 13an.

    Alegazio honekin bat egiten duten taldeak eta erakundeak:

    La Herrera Herrira Herritar Ekimena (Pasaia) – Lezoko PTPren aurkako Herri Ekimena – Ekologistak Martxan Gipuzkoa – Asoc. medioambiental Jaizkibel Geonature – Eguzki Talde ekologista – Oiartzun Arriskuan – Errausketaren aurkako Plataforma / Plataforma contra la incineración – Usurbilgo Alkatea (Xabier Arregi) – EH Bildu Pasaia – EH Bildu Oiartzun – EH Bildu Orereta – Grupo municipal Puede Pasaia(k) Ahal Du – Podemos Errenteria Ahal Dugu – Concejales del grupo municipal Lasarte-Oriak Ahal Du udal taldeko zinegotziak – Grupo municipal Sí Se Puede Irun –Podemos Ahal Dugu Euskadi – EH Bildu – Ezker Anitza/IU – Alternatiba – Irabazi – EQUO – Oarsoaldea Taldea (GOT) – Oreretako PTParen aurkako taldea – Donostia Bizirik – ESK sindikatua – Stop Desahucios de Bidasoa – Stop Desahucios Donostialdea – Trintxer Elkartea (Pasaia) – Txerrimuño Kolektiboa (Lezo) – AHTren Aurkako Oreretako taldea – Donostiako Metroa gelditzeko bizilagunen batzarreko partaideak /participantes en la el grupo de vecino/as y asociaciones de Donostia por la paralización del Metro – AHTren aurkako Donostiako Taldea – Asoc. Cuarto Mundo – Apaiziartza baserria – Lezoko Oroitzene AEK – Unai Fernandez de Betoño (EHUko irakaslea) – Arantza Baratza Ekologikoa (Altza) – Distribuidora Alternativa RUTIDISTRI (Altza) – Goizalde Larraza Gaminde – Paki Perez, Nerea garro, Zigor Garro, Nere Alberdi (Orereta) ETA GEHIAGO…


    Partekatu - Compartelo