Albistea

  • Garoñaren Kontrako Foroak berrirekitzeko arrisku larriaz ohartarazi eta herri aktibazioa aldarrikatzen du

    2015-11-25
    Partekatu - Compartelo

     Garoña ITXI ORAIN, fondo beltzarekin

    Garoñaren Kontrako Foroak gogor salatu nahi ditu Garoñako zentral nuklearra berrirekitzeko saiakera berriak eta hondakin erradioaktiboetarako biltegia eraikitzeko asmoa. PP-ren esku dagoen espainiar gobernuak Iberdrola eta Endesaren mesedetara hartutako azken erabakiak direla eta, ASKI DA esateko ordua hedu da. Herritarrok hitza, erabakia eta konpromisoa hartzeko unea heldu da.

    Azken asteotako informazio ezberdinek ahotsa altxa eta alarma deia luzatzera garamatzate, are gehiago ikusirik hauteskunde orokorren aurretik “dena lotuta, eta ondo lotuta” uzteko mugimendu zitalak izaten ari direla:

    –      Nuklenorren jabea den Nuclenorren (Iberdrola eta Endesa) kapitalaren zabalpenaren inguruko informazioek.

    –      Espainiar gobernuak hondakin erradioaktiboen biltegia eraikitzeari emandako zilegitasuna.

    –      Zentralaren erreaktorearen ontzian ustez egindako hobekuntza teknikoei CSN-ek emandako oneritzia, susmatu daitekeen berrirekitzerako eta bere bizitzaren luzapenerako erabakiaren urrats prebio gisa. (CSN-k hobekuntzarako proposamenak aurkeztu zizkion Nuclenor-i, ustiapen lizentzia berri baterako baldintza gisa, eta inbertsio ekonomiko itzela suposatzen duten hobekuntzak ez lituzkete egingo etekina ateratzeko asmorik ezean)

    Garoñaren Kontrako Foroak aldarrikatzen du Garoña berrirekitzeko baimenik ez eman eta bere eraispena lehenbailehen martxan jarri dadila. Ez da bidezkoa herritarrak, inguruko eskualdeak eta langileak holako ziurgabetasun egoeran izatea, ilusio faltsuen eta arrisku larrien eszenatoki batean iraunkortu nahi izatea, are gutxiago atzerabueltarik ez duten erabakiak legegintzaldiaren azken egunetan  hartuz.

    Hainbat ingurumen eragile, kolektibo sozial, sindikal, eta indar politiko zein banakako herritarrak biltzen dituen Garoñaren Kontrako Forotik, deialdi argia egin nahi diogu jendarteari:

    –      Garoñaren ber-irekitzeari era zabal eta eraginkor batean aurre egiteko  gehiengo sozialak indartu, ekimenak bultzatu eta konpromiso sozial eta politikoak biderkatzeko ordua da, berrirekitzearen arduradunak, PP, Iberdrola eta Endesa, presio herritarra jasan dezaten.

    –      Zentzu horretan, GKF-ak Azaroaren 28an, 12:30tan Andra Mari Zurian hainbat eragilek deituta egingo den mobilizaziora bere atxikimendua azaldu eta bertan parte hartzeko deia luzatzen du.

    –      Azaroaren 28an, GKF-ak Garoñaren behin betiko itxiera eskatuko du 11:00tan Foru Aldundiaren aurrean, 12:30tan aldaketa klimatikoaren eta Garoñaren berrirekitzearen kontrako kontzentraziora batuz.

    Garoñaren Kontrako Foroa


    Partekatu - Compartelo