Andoaingo udala: PSE eta EAJ osasun publikoa eta ingurumenaren aurka
2015-12-02
Partekatu - Compartelo
Fracking-aren aurkako mozioa onartu ez eta errauskailuaren aldeko mozioa aurrera.
Ostegun arratsalde-gau partean ohiko udal batzarra egin zen Andoainen eta beste gauzen artean bi mozio aurkeztu ziren:
– Bata Eguzkik aurkeztu zuen, fracking izeneko gas erauzketako teknikaren aurka egiten zuena eta Andoain fracking gabeko udalerri izendatzeko helburua zeukana.
– Bestea, berriz, Errauskailuaren Aurkako Plataformen Koordinadorak aurkeztu zuen Zubietako zaborrak errausteko azpiegituraren aurka.
Lehenengo mozioari dagokionez, hiru puntuz osatuta eta ate joka dagoen Pariseko gailurraren ingurumarian aurkeztu denak, non munduko herrialdeetako ordezkariek munduaren beroketa eragiten duten gasen isuriak murrizteko neurriak hartuko dituzte edo hartu beharko lituzketen. Honen aurrean, fracking-ak erregai fosila eskaintzen du (gurean gas naturala hain zuzen ere) etahonekin CO2 gehiago, NOx … eta ez dakigu zenbat gasen isurpena atmosferara. Alderdi guztiek beraien zalantzak agertu zituzten fracking teknikaren aurrean eta osasunean naiz ingurumenean izan ditzakeen eraginetan dagoen ezjakintasun eta berme faltan. EH Bildu ( 6 zinegotzi), Ganemos ( zinegotzi bat) eta Irabazi (Zinegotzi bat) zalantzarik gabe mozioaren aldeko jarrera argia erakutsi zuten. PSEk (5 zinegotzi) eta EAJk (4 zinegotzi),ordea, auziaren mamiari bestelako ikuspegiaz begiratu zioten.
Batetik, ez zetozen bat SESHAk bere jarduera ahalbidetzen duen baimena etetearekin. Izan ere, ohiko gasa ere bilatzen omen dute, PSE eta EAJ alderdietako kideek behitzat hala zioten, udal batzarraren ikusleen artetik baten batek gaia fracking-a da eta ez ibili itzulinguruka gogorazi bazien ere. Kontuak kontu, mozioa ez zen aurrera atera PSEk eta EAJk aurka bozkatu baitzuten, gainerakoek, aldeko bozka eman bazuten ere. Bide batez, SESHA prospekzioekin hastear da Burgoseko iparraldean, USOA izendapenean (honek Bizkaian eta Araban eragina izango luke) eta Eguzkin argi dugu ez dugula besteentzat nahi guretzako kaltegarria dela pentsatzen duguna. Nonbait Andoaingo PSEk eta EAJk ez dute berdin pentsatzen.
Bigarren puntuan, Andoain frackingik gabeko udalerria izendatu nahi zen. Begira gauzak zer diren, PSE izan zen fracking-aren aurka irmotasunez nabarmentzen saiatu zena eta ondoren mozioan atzera egin zuten Andoain fracking-etik babestutako herria dela argudiatuz, horretarako bermea Gasteizko legebiltzarrak ekainean onartutako legea zela adieraziz. EAJak berriz, leunxeago bada ere, PSEren argudio berberak errepikatu zituen. Biek ala biek berriz ere ekimenaren aurka bozkatu zuten eta
gainerakoen aldeko bozkak ez ziren aski izan mozioa aurrera ateratzeko. Nola diren gauzak: EAJak bere argudio babesteko erabiliz zuen lege horren aurka bozkatu zuen berak Gasteizko Legebiltzarrean eta gainera onartu ondoren, PP-ko Rajoyren gobernuak atzera bota zezan saiatu zen.
Andoaingo PSEri gogorazi behar zaio baldin eta ez badira ohartu, Gasteizko parlamentuak onartutako legeak, ez dela frackinga erabat gelditzen duen legea(lehenago aipatutako USOA kontzesioarekin erakusten den bezala), onartutakoak frackingaren inguruan behin betiko erabakia hartzea atzeratzea besterik ez dakarrela, ondorioz babesa nola halakoa da. Gasteizko parlamentuan aurkeztu zen fracking-a geldiarazteko lege egitasmo bakarra Herri Ekimen Legegilearen eskutik heldu zen 103.000 sinaduren babesarekin, horietako ehunka andoaindarrenak izan zirelarik. Baina nola diren gauzak, Andoainen atzo beharrezkoa ez zena nonbait gaur Gasteizen ezinbestekoa da, EAJk eta PSEk frackingaren aurkako mozioa babestu egin duten eta Arabako hiriburuko udaletxean. Andoaingo EAJ eta PSEko kideak ez dira enteratzen edo ez dute enteratu nahi?
Azkenean hirugarren puntuan erabateko adostasuna izan zen eta begi onez ikusi zuten 20-20-20 hitzarmena abian ipintzeari.
Laburbilduz, Andoaingo EAJri eta PSEri, frackingak ardura die baina bozetan etekinik ez eta aurka agertu ere ez.
Zubietako errauskailuaren aurkako mozioa
Beste mozio bat ere aztertu zen, hau Errausketaren Aurkako Plataformen Koordinadorak aurkeztua, non Udalak Zubietako errauskailuaren aurkako jarrera har zezala eskatzen zen. Eskaera hau, guk egin ez arren, bertan azaldutako ikuspuntuak balorazio bat merezi dutela uste dugu.
Andoaingo Udalari halako erabaki bat hartzea eskatzeko arrazoi garrantzitsuenetako bat, errauskailuak Andoainekiko duen gertutasuna da (3km) hala nola, osasuna naiz ingurumenean sortuko dituen kalteak. Noski, ez ziren aparte izan hondakinak erretzeak eragiten duen lehengaien xahuketa… bezalakoak ere.
PSE-k mozio alternatibo bat jarri zuen mahai gainean, argudioak ematerakoan gehienak Bilduk hondakinen inguruan egindako politika kritikatzeko izan ziren eta zeinak edukian, oinarrian egungo GHHKPO babesten zuen, errauskailua beste azpiegituren gainetik jarriaz, eta era berean aurreko legegintzaldian aho batez onartu zen erabakia, materia organikoa biltzeko txipdun edukiontzi marroia jartzeko alegia, berresten zuen.
EAJ bere aldetik behin eta berriz errauskailua segurua dela adierazten saiatu zen, txostenak hor berresten dutela adieraziz. EH Bilduk, Ganemos eta Irabazik Errausketaren Aurkako Plataformen Koordinadorak aurkeztutako mozioaren alde egin bazuten ere, hau atzera botatzeaz gain, PSE-k aurkeztutako mozio alternatiboa onartu zuten PSE eta EAJ-k.
Eguzkikook, PSE eta EAJ, aurreko legegintzaldian Bilduk egindako lana desagertarazten ahalak eta bi egitearen zurrunbiloan sartu direla uste dugu eta ez zaie axola horrek andoaindarrei eragin diezaieken kaltea, ezta beraien osasunari edo/eta ingurumenari ere. Izan ere, ez da hori izan Lasarte Oriako PSEren jarrera zeinak bere herritik ahalik eta urrutien ikusi nahi duen errauskailua. Edo agian ahaztu egiten zaie Zbalgarbi ( Bizkaia) edo Valdemingomez ( Madril) dezalako errauskailauk kutsatzeagatik isunak jaso dituztela?¿Enpresa berak (ingenieritzakoak, konsultorak…) ote dira hango txostenak eta Zubietakoak abalatzen dituztenak? Bide batez, dirudienez txosten horiei izugarrizko garrantzia ematen dioten bezala, dirudienez bost axola zaie Europar Batasunean bilketa bereiztua, berrerabilpen eta birziklapenaren alde erabakitzen diren zuzentarau ( nahi ta naiez betetzekoak) naiz irizpideak, neurri berean errausketari mugak jartzen ari direnak.
Biak ala biak (PSE eta EAJ) mentalki iragandako hamarkadan jarraitzen dute, oraindik ez dira jabetu Gipuzkoan gauzak asko aldatu direla hondakinei dagokionean eta horren adierazgarri nabarmenetako bat da, eraiki nahi duten errauskailua handiegia dela egun sortzen dugun zabor kopururako eta zer esanik ez etorkizunean sortuko dugunerako.
Ondorioz, guretzako Black Thursday-a izan zen 26koa, andoaindarron osasuna eta ingurumena ia musutruk saldu baitzituzten EAJ-k eta PSE-k.
Eguzki talde ekologista eta antinuklearra, 2015eko azaroan.