Albistea

  • Donostian Metroa gelditzeko manifestazioa abenduaren 12an

    2015-12-02
    Partekatu - Compartelo

    Donostiako metroa 2015 abenduaMetroa gelditzeko Donostiako “satorralaiak” bizilagunen eta elkarteen batzarrak hiriko auzo guztietan buzoneo informatiboa egin du eta abenduaren 12an manifestaziorako deialdia zabaldu du. Bizilagunen mugimendu honek Metroaren igarobideraren proiektua gelditzeko galdegiten du, hiri ereduari buruz eta Donostialdearako garraio publikoaren inguruan irtenbiderik onena izan daitekeenari buruz eztabaida eta erabaki prozesu partehartzaile bat irekitzeko.

    Joan den asteburuan 130 lagun baino gehiagok parte hartu du Donostiako etxebizitza guztietara egitasmo honekiko ikuspegi kritikoa helarazteko asmoz egindako buzoneo informatiboan. “Donostiako Metroaren Berriak” izenburuko periodiko orria udalerriko 85.000 etxebizitzetako postontzietan buzoneatu da. Ekimen honen bidez, proiektuaren bultzatzaileek kaleratu ohi dituzten albiste propagantistikoetan ezkutatu ohi den informazioa zabaldu dugu, hiritar guztiei Metroaren egitasmoa ezbaian jartzen duten hainbat galdera eta arrazoien berri emanez.

    Bizilagunen mugimendu honek eztabaida zabala irekitzearen eta mobilizatzearen alde egiten du Metroaren egitasmoa gelditzeko. Izan ere, Metroaren aferan Eusko Jaurlaritzak, Diputazioak eta Udaletxeak agertzen duten itxikeria berriro salatzen dugu, egitasmo honek ilunkeria eta sekretismo kezkagarriarekin aurrera segitzen baitu. Hala, hirian Metroa eraikitzeko behin-betiko proiektuen idazketa esleitu berri du Eusko Jaurlaitzak, Euskal Trenbide Sarea (ETS) erakundearen bidez, herritarrek egindako alegazioei erantzunik ere eman ez dien bitartean. Halako ihardunbide prepotenteak alde batera uzteko eskatzen diegu, hiritarren iritziak eta proposamenak mesprezatzen dituztelako.

    Gure ustez, Metroaren gaia hirian eta auzoetan zabal eztabaidatu behar da. Ildo honetan hainbat asanblada informatibo egin dugu auzoetan, eta esan dezakegu herritar askoren iritzia argia dela: Donostian Metro bat eraikitzea zentzugabekeria da, hiriaren tamainagatik eta eskaera sozialagatik justifika ezin daitekeena. Askotarikoak dira planteatzen diren kritikak: Metroak Dbus-en zerbitzuetan izango lukeen eragin kaltegarria, hainbat autobus linearen eta zerbitzuren galera ekarriko lukeelako ziurrenik, hirian autoen trafikoa ez lukeelarik gutxituko ordea; azpiegitura-lan handi horren eraikuntzak hiriko Erdialdetik Amararaino hedatzen diren hareatza lurren gainean zimendutako eraikinetan sortuko lituzkeen arrisku nabarmenak; Metroaren obra eta mantenimendu kostu altuek berekin dakarten baliabide publikoen xahuketa; ustez geltoki berri bakoitzean eguneko 40.000 bidaiariren joan-etorriak emango direla esanez zabaldu duten gezur potoloa; Metroarekin sustatzen den hiri eredua, Erdialde/Kontxa inguruan egiten duen ibilbidea hiriaren “bihotz turistikoaren garapen komertzial indartsuei euskarri” emateko diseinatu baita; azkenik, garraio publikoa sustatzeko aukera logikoagoak eta orekatuagoak daudela azpimarratzen da: funtsean, egungo garraio publikoko sare osoaren aprobetxamenduan oinarriturik, Topoaren eta hiriko autobus linea nagusien arteko osagarritasuna bilatu behar da, tren-bus sistemen artean aldatzeko puntuak sortuz lurralde osorako iriskortasuna handituko litzatekeelarik.

    Hori denagatik, ekintza informatiboak egiten jarraituko dugu Donostiarako nahi dugun hiri eta garraio ereduari buruz eztabaida publikoa sustatze aldera, eta abenduaren 12an Metroaren proiektua gelditzeko egingo den manifestazioan ahalik eta herritar gehien biltzeko dei egiten dugu, eguerdiko 12:00etan Easo Plazatik abiatuta, “Beharrezkoa ez delako, Metroari ez!” lemapean.

    Helburu hori aurrean, talde sozial eta elkarte guztiei manifestazio deialdiarekiko atxikimendua adieraz dezaten eskatzen diegu bestalde.

    Zuen partehartzea espero dugu beraz, baita zuek informatu eta animatuko dituzuen lagunena ere. Manifestazioaren kartela eta buzoneaturiko periodiko-orria bidaltzen dizkizuegu (ikus lotuneak azpian). Gure webgunea bisitatu dezakezue (satorralaia.wordpress.com), eta bertan informazio zabala aurkituko duzue, eta harremanetan jartzeko helbide hau: e-posta: satorralaia@gmail.com / Tw@satorralaia

    Metroa gelditzeko Donostiako bizilagunen eta elkarteen batzarra

     

    2015eko abenduaren 1ean

     

     


    Partekatu - Compartelo