Durango: Proiektu Handi Inposatu eta Inutilen Aurkako Eguna. Parodia ibiltaria eta elkarretaratzea
2015-12-07
Partekatu - Compartelo
Abenduaren 8a Proiektu Handi Inposatu eta Inutilen aurkako eguna da Europan eta hori dela eta, Euskal Herriko proiektu handien aurkako talde desberdinen ekimenez abenduaren 8an 11:30etan Azokatik abiatuta parodia ibiltaria eta 12:30ean Durangoko Azoka kanpoaldean elkarretaratzea burutuko dira. Bertan, Euskal Herriko megaproiektuen aurkako taldeak, hala nola, AHTren aurkakoa, Fracking Ezekoak… zein parte hartu nahi duen oro bilduko gara. Honezaz gain, Klima Aldaketaren Gailurra dugu Parisen eta makillaje hutsa dela esatearekin batera, gobernuen axolagabekeria ere salatu nahi dugu. Esaterako, Ana Oregi Ingurumen Kontseilaria bertan izango da Euskal Herriko hainbat proiektu zein garapen eredu erasokor bultzatzen dituen bitartean.
Europa mailako proiektu handien aurkaritzakoek bat egiten dugu:
-Proiektu hauek hondamendi ekologiko, sozio ekonomiko eta pertsonala dakarkie: natura-gune eta nekazal lurrak deuseztatzen dituzte, efektu kaltegarriak dakartzan hesi berri bat eta ingurugiroaren degradazioa sortzearekin batera, bizilagunei inpaktu negatibo garrantzitsuak eraginez.
-Proiektu hauen erabakitzeko prozesua herritarren parte hartzerik gabe bideratzen dira praktikan. Proiektu handi hauen eztabaida sozial garrantzitsuaren aurrean gobernuek eta administrazioek duten opakutasun jarrera salatzen dugu. Era berean, herritarrok etengabe ditugun argudio eta proposamenen aurrean gobernuen eta administrazioen etengabeko mespretxu jarrera salatzen dugu. Beraz, makro-proiektu hauek geratzearekin batera, herritarren parte hartzeko eskubidea errespetatzea eskatzen dugu, hauek izanik inposaturiko garapen ereduaren aurrean benetako demokrazia eta autonomia lokalaren oinarria. Honekin batera, momentu honetan eztabaidagai dagoen TTIP merkatu libreko hitzarmenaren gure ezezko borobila argi eta garbi utzi nahi dugu. Hitzarmen hau onartuz gero, herritarren erabakitzeko eskubidea larriki erasotzea dakarrela salatzen dugu. Hau guztiarekin, hitzarmen honen geratzea ere eskatzen dugu.
Nondik dator egun hau?
2010eko urtarrilaren 23an, Hendaian bildurik, Abiadura Handiko linea eta merkatal garraio azkarretara bideratutako gaitasun handiko linea berrien eraikuntzaren aurka borrokan diharduten Europar Batasuneko estatu desberdinetako (Frantzia, Espainia, Italia) elkarte eta mugimendu desberdinek adierazpena burutu zuten (http://declaracion-hendaia.blogspot.com.es/). Adierazpen hau, Euskal Herritik Iparraldeko CADEk, Hegoaldeko Jaizkibel Birikek eta AHT Gelditu! Elkarlanak sinatu zuten. Jarraian, abenduaren 8a Proiektu Handi Inposatu eta Ezdeusen eguna izendatu zen. Europan zehar ekintza desberdinak antolatzen dira. Gainera, abenduaren 8az gain, makro proiektu hauen aurkaritzen artean, esaterako, Foro Internazionala bezalako jardunaldiak antolatzen dira elkar elikatuz eta txoko guztietan lehenbailehen “elefante zuria” deitzen zaienen kanporaketa bultzatuz.
—————————————————————–
1. “Elefante zuriaren” esanahia: mantentze kostua, ematen dituen onurak baino handiagoa duten jabetzei esleitu zaie izena. Kasu honetan, proiektu handiak elefante zuriaren irudiz sinbolizatzen dira Proiektu Handi Inposatu eta Inutilik EZ!