Albistea

  • Eguzkik Metroaren proiektua gelditzeko manifestazioan parte hartzera deitzen du

    2015-12-09
    Partekatu - Compartelo

    Donostiako metroa 2015 abenduaEguzki bat dator Satorralaia bizilagunen eta elkarteen batzarrak datorren larunbatean egingo duen manifestazioarekin. Eguerdiko 12etan Easo Plazatik abiatuko den manifestazio horren helburua honako hau da: Donostialdeak behar duen garraio publiko motaren inguruko eztabaida- eta erabaki-prozesu parte-hartzailea egiten ez den bitartean, Metro proiektua gelditzeko eskatzea.

    Proiektua gelditzeko arrazoiak asko eta mota askotakoak izan daitezke. Hala ere, beharbada oinarrizkoenak Ana Oregi Ingurumen eta Lurralde Antolaketako sailburuak berak aipatu zituen orain dela hiru bat urte, karguaren jabe egin zenean. Orduan, Patxi Lopezen Gobernuak hasi berriak zituen Metroaren lanak bertan behera uzteko agindu zuen Oregik, honako hau argudiatuz: “Ez gaude proiektu faraonikoetan hasteko garaian. Gobernuak ezin du bere iritzia indarraren indarrez inposatu. Foru Aldundiarekin, Udalarekin eta herritarrekin mahai baten bueltan eseri eta Donostialdeak behar duen garraio modurik onena zein den pentsatu behar du”. Metroak “munta tekniko, ekonomiko eta kontzeptual handiko proiektua” izanik, “Donostiarentzat, Donostialdearentzat eta herritarrentzat dituen ondorioez hausnartzeko lan-taldeak” eratzeko egokitasunaz ere hitz egin zuen sailburuak.

    Gauza hauetatik guztietatik ez da bat bera ere egin, eta, hala ere, Oregiren Departamenduak berriz heldu dio proiektuari, ezer gertatu izan ez balitz bezala. Herritarrei gutxienezko informazioa ematea ere ez zaie beharrezkoa iruditu. Are gehiago, proiektuaren beraren arabera Metroa eraiki bitartean kaltetuta gerta litezkeen etxeetako jabe gehienak horren berri izan dute Satorralaiek egindako lanari esker. Esan dezagun, bide batez, Satorralaiek medio-falta konpromisoz ordezteko gauza izan direla eta lan txalogarria egin dutela.

    Orain herritarroi dagokigu taumainako erantzuna ematea. Hitzordua larunbatean da, 12etan, Easo Plazan.


    Partekatu - Compartelo