Albistea

  • Lurralde Planak Lasarte-Oria eta Andoain bitarteko bidegorri bat proposatzen du errepide nagusitik barrena

    2015-12-11
    Partekatu - Compartelo

    ptp DonostiEguzkiren iritziz, proposamenak berak agerian uzten du Buruntzaldean aurreikusitako lotura peatonal eta ziklistak motz geratzen direla.

    Donostialdeko Zatikako Lurralde Planak Lasarte-Oria eta Andoain bitarteko bidegorri berri bat aurreikusten du. Bidegorri berriak A-1 errepide nagusiak egiten duen bide bera egingo luke, Buruntzako maldara arrimatuta (1). Bidegorri hori Plazaolako bidegorritik independente izango litzateke. Izan ere, Planak Plazaolako bidegorriari ere eusten dio. (Gogora dezagun, bide batez, Plazaolako bidegorria aspaldi-aspalditik barrengorrien edo txanpinoien tunelean blokeatuta dagoela.)

    Bada, Lurralde Planak zirriborratzen duen bidegorri hau guztiz bat dator Eguzkitik behin baino gehiagotan adierazi dugun honako kezka honekin: Buruntzaldeko herrien arteko lotura peatonal eta ziklistak ez dira behar bezalakoak, eta askotan esistitu ere ez dira esistitzen. Are gehiago, egoera arintzeko gaur egun dauden proiektuak gauzatuko balira ere, motz geratuko lirateke. Bestela esanda: gure ustez, gaur egun dauden proiektuak ez dira nahikoa gabeziak behar bezala konpontzeko. Eta Lurralde Plana egin dutenak iritzi berekoak direla ondorioztatu daiteke. Izan ere, proposatzen duten bidegorri berriak nabarmen zuzentzen du Foru Aldundiak 2013an onartu zuen Gipuzkoako Bizikleta Bideen Plana (2).

    Orain dela hilabete batzuk, Errekalde eta Lasarte bitarteko bidegorria inauguratu zenean ere, aurrerapen handia zela esan genuen, Donostia eta Lasarteren arteko urtetako blokeo anormal eta ulertezin bati amaiera ematen ziolako, baina ez zela inolaz ere nahikoa. Ez soilik Usurbil edota Andoainekiko loturek konpondu gabe jarraitzen dutelako, baizik eta, gure ustez, Lasartek

    Donostiarekin behar duen lotura peatonal eta ziklista asetzeko bidegorri bat motz geratzen delako.

    Donostialdeko Zatikako Lurralde Planak Lasarte-Oria eta Andoain bitartean aurreikusten duen bidegorri berrirako ez dago eperik, ezta aurrekonturik ere. Beraz, gaur gaurkoz, proiektua mapa baten gainean egindako marra bat baino ez da. Hala ere, guk dakigula, bidegorri berri bat errepide nagusiko zati honetatik barrena egitea egokia dela adierazten duen lehen dokumentu ofiziala da. Eta, gainera, dokumentu honen maila ez da nolanahikoa, teorian behintzat. Gure ustez, Lurralde Planak bidegorri horren aukera aipatzea bera gure eskaera egokia dela berrestera dator. Are gehiago kontuan izanda Plana ezin dela inolaz ere “ekologistatzat” jo (3).

    Gauzak horrela, Lurralde Planak egiten duen bidegorri berriaren proposamena helduleku bat izan daiteke Foru Aldundiak eta udalek gaiari gure ustez merezi duen bezala heltzeko.

    (1) Donostialdeko Zatikako Lurralde Planetik ateratako planoak. Bidegorri berria zirriborratuta ikus daiteke.

    lasarte andoain ptp 2015 abendua1

    (2)  Foru Aldundiaren Bizikleta Bideen Planak gure inguruan bi ardatz nagusi aurreikusten ditu: batetik, DONOSTIA-Andoain-BEASAIN, Urumea bailaratik barrena; bestetik, DONOSTIA-Usurbil-MUTRIKU, gutxi gorabehera kostako bidetik barrena. Bi ardatz hauen arteko lotura soil-soilik Lasartetik eta Plazaolako bidegorritik egingo litzateke. Bistan da Lurralde Plana egin dutenentzat lotura hori ez dela nahikoa; ez lukete errepide nagusitik barreneko bidegorri berririk proposatuko, bestela.

    (3)  Porlanzalea eta ingurumen aldetik iraunkorra ez dela iritzita, hamaika izan dira Donostialdeko Zatikako Lurralde Planaren kontra aurkeztutako alegazioak, tartean, Eguzkirenak. Interesa duenak esteka honetan aurkituko ditu: http://eguzki.org/es/2015/11/15/eguzkik-donostialdeko-eta-bidasoa-beheko-eskualdeetako-zlp-planari-alegazioak-jarri-dizkio/ 

    EGUZKI, 2015eko abendua


    Partekatu - Compartelo