Albistea

  • 2000 lagunetik gora manifestatu dira Donostian metroa gelditzea eskatzeko

    2015-12-13
    Partekatu - Compartelo

    Donostiako metroa 2015 abendua2000 lagunetik gora bildu dira gaur Donostian Metroaren egitasmoa gelditzearen alde egindako manifestazioan.  Donostiako “Satorralaia” bizilagunen batzarrak deituta, Easo plazatik abiatu da manifestazioa, buruan “BEHARREZKOA EZ DELAKO:  METROARI EZ!” zioen pankartarekin. Mobilizazio honek Donostiako metroaren igarobidearen proiektua gelditzea eskatu du, Donostialdearako garraio publikoaren soluzioen inguruan eta hiri ereduaren inguruan eztabaida eta erabaki partehartzaile bat irekitzeko. “Metroa  gelditu, herriari galdetu!”,  “El despilfarro viaja en el Metro”,  “Donostiak ez du Metrorik behar” eta antzeko aldarrikapenak zituzten kartelak eraman ditu eskuetan martxan parte hartu duen herritar ugarik. Adin guztietako jendea bildu da, pertsona nagusien partehartzea nabarmena izan delarik. Manifestariekin batera “Gasco-Metro” izeneko bagoi parodiko batek  egin du manifestazioaren bidea, azpiegitura-lan handi honen bultzatzaile sutsua den Gasco alkate-ordea eta garraio sailburu-ordea bagoiaren gainetik agintzen zihoala makinista gisa mozorroturiko Eneko Goia alkatearen atzetik. Manifestazioak geldiune bat egin du San Martingo azoka zaharra zegoen orubean eraikitako hiriko merkatal-gune eta zona komertzialenkontzentraziorik handienaren aurrean. Manifestazioa Diputazioaren aurretik pasa denean  Metroaren dirua gastu sozialetarako bidera daitezen egin da oihu.  Boulebarrera iritsita, Satorralaia batzordeko bi bozeramalek hartu dute hitza Kioskotik, Metroaren proiektua gelditzeko eta jendartean eztabaida ireki dadin egindako manifestazioan partehartu duten lagun guztien inplikazioa eskertuaz. Metroaren egitasmoak ilunkeriaz inguraturik aurrera segitzen duela salatu dute, bizilagunen mugimenduak duela egun batzuk egindako buzoneoa bezalako ekintzekin egindako informazio lanaren garrantzia azpimarratuaz. Halaber, gaurko mobilizazioa hasera baino ez dela ohartarazi dute, aurrera begira egingo diren batzarretan eta ekintzetan jendea biltzeko animatuaz. Satorralaia batzordeak ekintza informatiboak eta mobilizazioak egiten jarraituko du, herritarrengandik desadostasun handia pizten duen Metroaren proiektua gelditzeko eta Donostian garraio publikoaren arloan dauden bestelako irtenbideen inguruan eztabaida eta erabakietan partehartze soziala sustatzeko.

    Donostiako metroa 2015 abendua2


    Partekatu - Compartelo