Albistea

  • Lekarozeko aroztegiko proiektuarekin aurrera egitea kritikatu dute

    2016-01-05
    Partekatu - Compartelo

    nafarroako aroztegia 2016 urtarrilaIturria: Berria.

    «Espekulazio interesak» herritarren nahien gainetik jarri izana egotzi diote Nafarroako Gobernuari proiektuaren aurkako eragileek. EH Bilduk gaia jarraipen batzordean lantzeko eskatu du.

    Nafarroako Gobernuak Lekarozko (Nafarroa) Aroztegiko udalez gaindiko sektore planarekin aurrera egitea erabaki du azkenean, nahiz eta gobernua osatzen duten alderdietako batzuk aurka egon. Polemika iturri izan da azken urteotan Aroztegia, eta, epaileek bi aldiz atzera bota ondoren, UPNren gobernuak udalez gaindiko sektore plan gisa onartu zuen. Aldaketaren gobernua eratu zenetik, ordea, proiektua kolokan egon da, ez baita adostasunik lortu lau alderdien artean; Geroa Bai alde dago, eta EH Bildu, Ezkerra eta Ahal Dugu, aurka. Azkenik, abenduaren 30ean hartu zuen erabakia Geroa Baik: aitzinera jarraituko du planak.

    Berehala iritsi dira kritikak. «UPNren gobernuak abiatu zuen arren, Geroa Bairen gobernuak bidegabekeria hau babestea erabaki du», salatu zuten atzo Aroztegia… eta gero zer?plataformako eta Sustrai Erakuntza fundazioko kideek. Proiektua bertan behera utzi ezean, haren arduradun politikoen «berehalako dimisioa» galdegin dute eragileek: Isabel Elizalde Ingurumen kontseilariarena eta Manu Aierdi presidenteordearena.

    Lekarozek 359 biztanle soilik dituen arren, proiektuaren sustatzaileek lau izarreko hotel bat, spa gune bat, golf zelai bat eta luxuzko 228 etxebizitza eraiki nahi dituzte, 45 hektareatan. «Horrek ez du inongo justifikazio sozialik», arbuiatu du Jon Elizetxe plataformako kideak. «Geroa Bairen gobernuak hartutako erabakiak zoritxarrez erregimenaren jarraipenaren aitzinean gaudela ziurtatzen du», gogor jarraitu du Elizetxek. Bakartxo Ruiz EH Bilduko bozeramailea ere aurka agertu da: «Baztanen ezin da Marina d’Or bat inolaz ere egin».

    Abenduaren 30ean 2015eko errepasoa egin zuen EH Bilduk, eta Ruizek zuzenean eskatu zion gobernuari «korrika eta presaka» erabakirik ez hartzeko Aroztegiaren inguruan. Gobernuko lau alderdien artean adostasunik ez dagoenez, akordio programatikoaren jarraipen batzordean landu beharreko gaia dela iritzi zion. «Argi dago gure eskakizuna ez dutela hartu. Erabaki horrek etxe agentzien burbuilari egiten dio mesede, herritarren behar errealak kontutan hartu gabe». Gaia jarraipen batzordean jorratzeko eskaera berretsi du.

    Baztango batzar nagusiak eta Lekarozko herri batzarrak plana bertan behera uzteko eskatu zioten gobernuari, baina eskaera ez da harago iritsi. Izan ere, Geroa Baiko Koldo Martinezek ohartarazi du proiektua «teknikoki justifikatuta» dagoela, eta horrenbestez, ezin dela helegiterik onartu. Uxue Barkos Nafarroako Gobernuko lehendakariak ere erabakia guztiz teknikoa izan dela jakinarazi du, «sakonago jo gabe». Halere, Martinezek esan du jarraipen batzordean bilduko direla, eta irtenbide bat bilatzen saiatuko direla.

    Teknikotik politikora

    Aroztegiko egitasmoaren aurkako eragileei, baina, ez die balio presidentearen argudioak: «Harria bota eta eskua gorde nahi du Geroa Baik, erabaki teknikoa izan dela erranez. Erabaki teknikoa izan al da hauteskundeak pasatu arte itxarotea? Urtezahar bezperan erabakia hartzea? Txosten tekniko guztiak bukatu gabe erabakia hartzea? Ez, erabaki politikoak izan dira, iruzur hori bultzatzen duen gobernua izatea erabaki politikoa den modura».

    Aroztegia… eta gero zer? plataformak 900 sinadura bildu ditu astebetez udalez gaindiko sektore plana geldi dezaten, eta gogorarazi du epaitegietara jo duela Nafarroako Gobernuaren erabakiaren aurka. Azkenik, jakinarazi du lan egiten jarraituko duela «Nafarroan inposatzen ari diren makroproiektu espekulatzaile guztiak gelditzeko, eta erregimenaren jokabide guztiak salatzeko».


    Partekatu - Compartelo