PPk Txernobil eta Fukushima gertatu izan ez balira bezala jarraitzen du
2016-01-21
Partekatu - Compartelo
Funtziotan den gobernu batek datozen 17 urteetako politika baldintzatu nahi du, oso arriskutsua, kutsakorra, erregai garesti eta urria erabiltzen duena eta batez ere, bat ere segurua ez den zentral bat berriro zabaldu nahian.
Hau erabat onartezina da, kontuan hartuta, gainera, Garoñan Fukushima moduko istripua gertatuz gero (modelo berekoak direnez) Japoniako Gobernuak istripuaren kalteei aurre egiteko gastatu dituen 500.000.000.000 euroak ez dituela inoiz izango, ez Gobernu Zentralak, ezta Eusko Jaurlaritzak ere,
eta etorkizunean Japoniak gastatu beharko dituenak…
Txernobilen eta Fukushiman gertatutako istripuengatik hildako 200.000 pertsonak ahaztu ditugula dirudi. Eta gainera, Alemaniako erradiologo elkarteak egindako azken ikerketen arabera, datozen urteetan minbizi kasu
askoz gehiago agertuko dira, dirudienez.
Hasiera batean nuklearren alde zeuden gobernu askok beraien jarrera aldatu dute bi istripu larri hauek gertatu eta gero, euren politika aldatu eta zentral nuklearrak ixteko erabakia hartuz, Alemania kasu. Ikusten denez,
herri horietan zentzumena eta ingurumenaren eta herritarren segurtasunak garaitu du eta ez gutxi batzuek patrikak batetzeko duten epe laburreko
interesak.
PPri astakeri hori ez egiteko esijitzen diogun moduan, herritarrei ere deialdia egiten diegu Iberdrola, Endesa eta zentral nuklearretan parte hartzen duten gainerako enpresekin duten harremana mozteko eskatuz. Haiei hilero dirua txintxo-txintxo ordaintzen jarraitzen diegun bitartean, energia nuklear arriskutsua eta kutsakorra erabiltzen jarraituko dute. Dagoeneko Euskal Herrian 5.000 familia, enpresa eta erakundek egin dugu ospa Iberdrolatik, baina askoz gehiago izan gaitezke, Garoña bultzatzen jarraitzen badute kalte ekonomikoa eragin ahal izateko.
Ez itxaron gehiago eta egin portabilitatea energia alternatiboak eskaintzen dituzten enpresetara ahalik eta lasterren, Iberdrolak eta Endesak merezi duten zaplaztekoa jaso dezaten.
Geldirik ez egoteko unea da. Begira ditugunei edo konpromisoa hartu nahi ez dutenei, ozen esan behar diegu, gure seme-alaben etorkizuna jokoan dugula eta zerbait gertatuko balitz, hirugarren istripu nuklearra noizbat gertatuko delako, horren erantzukizuna gurea izango dela une garrantzitsu honetan ezer egin ez izanagatik.