Albistea

  • EOIT mediku taldeak Osasunaren Martxan esandakoak

    2016-03-14
    Partekatu - Compartelo

    manifa errauskailua 2016 martxoa 1

    Hau da EOIT ( Errausketa eta Osasuna Ikerketa Taldea) mediku elkartearen izenean, kide batek irakurri zuen idatzia Andoaingo Osasunaren Aldeko Martxan. Interesgarria da eskeintzen dituen datuengatik eta duela egun batzuk Noticias de Gipuzkoan argitaratutako artikuluaren edukia ( linka behean duzue) hankaz gora jartzen duelako, non errausketak zenbait gaitzengan ez duela eragiten baieztatzen zen.

    Arratsalde on denoi.

    Orain egun batzuk, prentsan argitaratu da amonaren kutxatik ateratako Sanidadearen ikerketa bat. 2004koa, ez sendagile ez osasungokoa ez den pertsona batek egina, argi ta garbi enkarguz errausketa justifikatzeko, eta ikerketen interpretazio makurrak egiten dituena. Ondorioak hitz anbiguoekin expresatzen ditu: “ez dago arrisku erantsi signifikatiborik legedia errespetatzen duten planta modernoetan”. Zenbat eritasun edo zenbat hildako dira eurentzat “arrisku signifikatiboa”? Bestalde, sobran dakigu industria honek ez duela legea errespetatzen (legea biguinegia izanda ere), eta horregatik egin dira non-nahi hainbat epaiketa, azkena orain gutxi Madrilen. Bada ezpada ere, orduko Osasun Publikoko buruzagiak esan zuen arriskua “minimoa” zela eta analisak egingo zitzaizkiela errauskailuaren ondoan bizi zirenei. Ez ziren hain lasai egongo.

    Gure taldeak, Osasuna eta Errausketa Ikerketa Taldeak, sendotasun eta metodologiaren kalitateagatik gai honi buruzko ikerketa zientifiko serioenak aukeratu ditu, eta hortan oinarrituz, baieztatzen ahal dugu, 2004ko gure Manifestuan plazaratu genuen moduan, datu tinko eta sendoak daudela esateko hondakinen erretzea asoziatzen dela minbizi kasuen eta hilkortasunaren handitzearekin, sortzetiko malformazioekin, eta eritasun kardiobaskular eta arnasbidekoekin errauskailu batetik 10 km-ko inguruan bizi den populazioan. Baita ere errauskailu modernoen kasuan.

    Ez aspertzeko, zertzelada batzuk bakarrik.

    Sortzetiko malformazioetan aurkitu da %30eko erbi ezpainaren eta %55eko giltzurrun malformazioen handitzea; minbizietan %29ko gibel minbiziaren eta %14ko biriketako minbiziaren igoera; ez bakarrik minbizi kasu gehiago, baizik eta hilkortasun gehiago ere.

    Hurbiltasuna eta kalitateagatik aipatu behar da Madrilgo Carlos III Institutoak egindako ikerketa. Hau da Estatuko erakunderik prestigiodunena holako ikerketan, eta 2012an eta Estatuko orduko errauskailu, beraz, moderno askoren datuekin, aurkitu du beren inguruneko 5 km-etan minbiziaren hilkortasunaren handiagotzea: esaterako, pleurakoa, %84koa, besikulakoa %24koa eta leuzemietan %21koa, besteak beste.

    Hona ezagutza zientifikoak irakasten diguna, eta osasun-langile moduan gure betebeharra zabaltzea dela uste dugu, eta beraz arreta edo prekauzio printzipio aldarrikatzea, biztanleria ez kaltetzeko, hori behar du izan eta, irizpide funtsezkoena gai honetan erabakiak hartzeko.

    Ez dugu nahi Gipuzkoako herritarrak eta, bereziki, gure familiak errauskailuek sortutako minbiziaren eta beste patologia batzuen ikerketetan erreferentzia izaterik etorkizuneko beste zientzialarientzat.

    Eta bukatzeko, gombita luzatu nahi dizuegu astelehenean, arratsaldeko 7etan, Donostiako Koldo Mitxelena aretoan gure taldeak eman behar duen hitzaldira inguratzeko. Han askoz hobeto azalduko ditzute gai guzti hauek. Eskerrik asko.

    Noticias de Gipuzkoa egunkarian argitaratutako hasieran aipatutako artikulua irakurtzeko sakatu hemen


    Partekatu - Compartelo