Gladys del Estal hil zuteneko 37. urtemuga dela eta, oroitze-ekitaldia antolatu du Eguzkik igandean
2016-06-02
Partekatu - Compartelo
Datorren ostiralean, ekainak 3, Gladys del Estal hil zuteneko 37 urte beteko dira. Egun hartan, ekologista donostiarra Tuterara joan zen, Energia Nuklearraren kontrako Nazioarteko Eguneko ekitaldietan parte hartzera, eta hantxe hil zuten, Jose Martinez Salas guardia zibilak buruan tiro bat jota. EGUZKIk ez du inolaz ere data oharkabean pasatzen uzteko asmorik. Horregatik, urtero bezala, omenaldia antolatu du. Hona hemen hitzordua:
ekainaren 5ean, 12etan, Gladys Enean.
Parkeko ate nagusian bilduko gara, ohi bezala, eta hortik erromeria-giroan igoko gara Gladysen omenezko oroitarriraino. Han, aurreskua, lore-eskaintza, lagunen oroitzapen emozionatua eta kantak ez dira falta izango. Halaber, aktualitatearen irakurketa bat ere ez da falta izango. Izan ere, EGUZKItik behin baino gehiagotan nabarmendu dugunez, guk Gladys oroitzen dugu gure laguna zelako eta zigorrik gabe geratu zen bidegabekeria hura ahazterik ez dugulako, baina baita ere Gladys zorigaiztoko egun hartan Tuterara eraman zuten arrazoiak bizirik daudelako gaur egungo borroka ekologistetan. Horregatik aipatuko dugu Garoñako zentrala, hilik dagoela oraindik onartu nahi ez duen zonbi arriskutsu hori. Eta erraustegia, zeinean EAJ eta PSE tematuta dauden, ERRE KE ERRE. Eta Metroa: Gobernuak geratu zuen sailburuaren hitzetan “faraonikoa” zelako eta, bat-batean, hil ala biziko, “estrategiko”, bihurtu da. Mercadonako obren aitzakian Añorgan egiten ari diren triskantza edota nonahi (baita parkean bertan) botatzen dituzten edo bota nahi dituzten zuhaitzak ere hizpide izango dugu.
Gladys eta Biktimak Aitortzeko Legea
Gladys ofizialki biktima bezala aitortzeko aukeraz ere nahitaez hitz egingo dugu parkean bilduko garenon artean.
Izan ere, Eusko Jaurlaritzak 1978 eta 1999 artean “legez kanpoko kontraterrorismoek” eragindako biktimei ordaina emateko legearen izapidetzea abiatu du. Bakegintzako eta Bizikidetzako idazkari nagusi Jonan Fernandezek berak esan duenearen arabera, lege horren bidez orain arte ukatutako aitortza jaso zezaketen biktimetako bat Gladys izan zitekeen.
Horrela balitz, primeran. Baina eszeptikoak izatea beste erremediorik ez dugu, eta uste dugu aitortzak, kasurik onenean, luze joko duela. Izan ere, 2012an antzeko lege bat onartu zen 1960 eta 1978 arteko biktimak aitortzeko, eta orduan logikoa zirudien 1978 eta 1999 artekoak aitortzekoa berehala aprobatzea. Lau urte pasatu dira, ordea, eta lege hori orain hasi da tramitatzen edo izapidetzen.
Beraz, aitortza ofiziala noizbait iristen bada, ondo; baina, bitartean, egongo da Gladys gogoratu eta aitortuko duenik.
Bideo honetan gertaeraren “kokapena” ikusi dezakezue: