Bidegorri-sarea geldirik dagoela ezkutatu ezin duen argazki bat, bizikletan ateratakoa bada ere
2016-12-13
Partekatu - Compartelo
Garmendia eta, atzean, Lasarte-Oriako alkate eta alderdikide Jesus Zaballos. Usurbilgo alkatea, berriz, ez da ageri, zergatik ez dakigula. Izan ere, bidegorri-zati berria % 100ean Usurbilgo udalerrian eraikia da. Argazkia: Lasarte-Oriako Udala
Luzuriaga eta Lasarte-Oria bitartean pendiente geratzen zen bidegorri-zatiaren inaugurazioa zela eta, argazki bat atera zioten Marisol Garmendia Mugikortasuneko diputatuari, bizikletan ari zela, Jesus Zaballos Lasarte-Oriako alkaterarekin batera. Garmendiak aukera aprobetxatu zuen datorren urtean zati berri txiki bat egingo dutela iragartzeko eta, oro har, haren departamentuak bizikletaren erabileraren alde egiten dituen ahaleginak publizitatzeko. Alabaina, argazkiak nahiz hitzek ezin dute ezkutatu bidegorri-sarea ia zeharo geldirik dagoela, Foru Aldundiak horretarako aurrekontuak izugarri murriztea erabaki duelako.
2013an, Batzar Nagusietako talde guztiek aho batez onartu zuten Gipuzkoako Bizikleta Bideen Lurralde Plan Sektoriala. Horren arabera, zortzi urtetan, urtero 14,5 milioi euro inbertituta, oinarrizko bidegorri-sarea osatu behar zen Gipuzkoan. Baina 2016an inbertsioa 2,3 milioikoa baino ez da izan; eta 2017ri begira aurreikusitakoa, berriz, are txikiagoa da: 1,8 milioikoa. Kalkulua buruz ere lasai asko egin daiteke: horrela jarraituz gero, 8 urte ez, 50etik gora beharko dira “oinarrizko” sarea osatzeko. Sare horri dagozkio gure inguruan pendiente dauden Errekalde-Usurbil, Lore Toki-Hernani eta Lasarte-Andoain bidegorri-proiektuak (gogoan izan aipatutako azkenak, Plazaolakoak, urteak daramatzala bernagorri edo txanpinoien tunelean blokeatuta).
Garbi dago kasu honetan zenbakiak askoz adierazgarriagoak direla hitzak baino, baita argazki bat baino, bizikletan ateratako argazkia bada ere.
Eguzki, 2016ko abenduan
Usurbilgoa da geldirik dauden bidegorrietako bat. Bizikleta Bideen Planak aurreikusten dituen ardatzetako baten zati da, zehatz-mehatz, Donostia-Mutriku ardatzetakoa. Luzuriaga/Urbil inguruan bada kartel bat; bidegorria bera falta da, ordea.