Albistea
-
Foruzaingoak harategi bat eta bi jatetxe salatu ditu oilagorrak saltzeagatik
2017-02-02Foruzaingoaren Ingurumen Brigadak harategi bat eta bi jatetxe salatu ditu berezorei oilagorrak eskaintzen zizkietelako. Kontuan izan behar da hegazti hauen salerosketa espresuki debekatuta dagoela. Aldez aurretik, Eguzkik Foruzaingoari ohartarazi zion harategi eta jatetxe hauek oilagor-eskaintza Interneten bidez eta guzti egiten zutela. Esan gabe doa Eguzkik oso egoki ikusten duela Foruzaingoak kasu honetan egin duen esku-hartzea, oilagorren salerosketak, berez debekatuta egoteaz gainera, lotura estua izan ohi duelako espezie honi kalte handia egiten dion legez kanpoko ehizarekin.
Foruzaingoak salaketa hauek aprobetxatu ditu gogorazteko oilagorrak saltzea guztiz debekatuta dagoela. Nafarroako 2016-2017ko Ehiza Aginduak zehatz-mehaz honako hau dio: “Oilagorren salerosketa debekatuta dago”.
Baina debekua ez da berria, ezta hurrik eman ere, orain dela hogei urte baino gehiago ezarri baitzen. Izan ere, nahiz eta oilagorrak eskaintzen dituzten negozioak oraindik asko diren arren, ezkutuan egin ohi dute, kartatik kanpo, edo “neguko hegaztia” eta antzeko izenez mozorrotuta. Foruzaingoak orain salatutakoek, berriz, ageri-agerian egiten zuten, Interneten bidez eta guzti. Debekua aspaldikoa dela kontuan izanik, nekez argudiatuko dute horren berri ez zutela; beraz, pentsatzekoa da seguru sentitzen zirela eta ez zutela zigorrik espero.
Orain, Igurumen Departamentuak erabaki beharko du isuna ipintzen dien eta zenbateko.
Eguzki, 2017ko otsailean
P.S. Hona hemen Foruzaingoak kasu honi buruz argitaratutako oharra: