Albistea

  • Arrakalak Irun-Brinkola tren-linearen geltokietan

    2017-04-30
    Partekatu - Compartelo

     

    Gipuzkoa Hitzaren azalean bertan hasten da erreportaia. Argazkia Tolosa erdialdeko geltokian ateratakoa da. Erreparatu nasa eta trena bitartean dagoen tarteari (argazkia: Juan Carlos Ruiz/Argazki Press).

    Gipuzkoa Hitzaren azalean bertan hasten da erreportaia. Argazkia Tolosa erdialdeko geltokian ateratakoa da. Erreparatu nasa eta trena bitartean dagoen tarteari (argazkia: Juan Carlos Ruiz/Argazki Press).

    Gipuzkoako Hitzak oso erreportaia gomendagarria argitaratu du Irun-Brinkola tren-linearen geltokietan dauden hainbat gabeziari buruz. Eider Goenaga Lizasok idatzitako erreportaia horren iturri nagusietako bat Eguzkik azken hamar urteotan egin duen segimendu-lana izan da, egunkariak honako infografia eder honetan laburbildu duena: 

    Geltoki-egoera

    Baina kazetariak erabili duen iturri nagusi-nagusia, ezbairik gabe, errealitate bera izan da, begi-bistakoa baita oinarrizko garraio-azpiegitura honek pairatzen duen hamarkadatako utzikeria.

    Jatorrizko erreportaia nahi duenak honako esteka honetan aurkituko du pdf formatuan: 

    https://datu-basea.wikispaces.com/file/view/2017-04-14_GIPUZKOA_HITZA.pdf 

    Dena dela, hemen ere kopiatzen dugu osorik edo ia osorik. 

    JOAN DEN MENDEAN GELDITUTA

    Renfe konpainiaren aldiriko trenek 30 geltokitan egiten dute geldialdia Gipuzkoan. Horietako askotan, Eguzki talde ekologistak salatu duenez, “egoera oso eskasa” da. Salaketa ez da berria. 2008an egin zuen gai horri buruzko txostena Eguzkik. Ia hamar urte geroago, txostena berritu dute, eta, Jesus Mari Beldarrain Eguzkiko kideak dioenez, “hobekuntza gutxi batzuk kenduta, egoera apenas aldatu den”. “Renfeko geltokiek joan den mendekoak dirudite, edo orain dela bi mendekoak”, esan du.

    Garraio publikoa sustatu behar bada, kalitatezko zerbitzua eskaini behar zaio erabiltzaileari, eta horregatik egiten du neurketa Eguzkik. Hainbat faktore hartzen dituzte kontuan horretarako. “Guretzat, arazo larriena irisgarritasun falta da. Bai geltokira iristeko, eta bai trenera igotzeko. Erabiltzaileak garraio publikoa erabili behar badu, lehenik aukera eman behar zaio, eta, egungo egoeran, jende askorentzat trenean bidaiatzea ez da aukera bat”.

    Irisgarritasuna

    Geltokirako irisgarritasunari dagokionez, 2008an zeuden 29 geltokietatik —Intxaurrondokoa berria da— hamahirutan egoera “txarra” zela salatu zuen Eguzkik. Hamabitan eskailerak igo behar ziren nasara heltzeko. “Denbora honetan, Hernani erdialdeko geltokian jarri dute igogailu bat [95 eskailera igo behar ziren lehen], eta egoera ona da orain. Dena den, nabarmendu behar da hobekuntza hori ez duela Renfek edo Adifek egin, obraren zati handiena Hernaniko Udalak ordaindu duela, beheko auzoetako herritarrentzako zerbitzua ere badelako”. Andoaingo erdigunean ere jarri dute beheko pasabidea eta geltokira iristeko igogailua. Gainerakoetan, egoera 2008ko bera da.

    Trenera igotzeko oztopoak ere kezka iturri dira. “Noski, garrantzitsuena geltokira iristea da, geltokira iritsi ezin dena ezin baita trenera igo. Baina, hainbat tokitan, eta batez ere Tolosa erdialdeko geltokian, izugarria da trenetik nasara gelditzen den zuloa; edozeinek ezin du hori gainditu, eta arriskutsua da”. Eguzkiko kidea Renfeko erabiltzailea ere bada: egunero hartzen du trena Donostiatik Tolosara. “Nik zulora eroritako bi gizoni lagundu behar izan diet ateratzen. Eskerrak gidariak egoeraren jakitun diren eta irten aurretik begiratzen duten. Adi ibiltzen dira”. Jende gehien igarotzen den Gipuzkoako seigarren geltokia dela dio Eguzkiko kideak: egunean mila bidaiari inguru igarotzen direla.

    Beldarrainen arabera, Renfeko geltokien egoera txarrari buruzko kezka ez da Eguzkirena bakarrik. “Jende guztiak daki hau nola dagoen; eztabaidaezina da egoera penagarria dela, eta kezka orokorra da”. Horren erakusle, orain dela hilabete Gipuzkoako Batzar Nagusietan aho batez onartutako mozioa, Renferi exijitzen ziona Tolosako geltokian berehalako konponketak egiteko. “Eta 2010ean, Arartekoak txosten potolo batean jaso zituen EAEko tren zerbitzuen gabeziak; bertan esan zuen Renfeko Gipuzkoako linean muturrekoa zela irisgarritasun falta”.

    2008tik egindako berrikuntzetako bat tren egokituak jartzea izan dela dio Beldarrainek. “Tren berriak zirela esan zuten, baina ez dira tren berriak, egokitutakoak baizik; eta ez dira tren guztiak, tren bakar batzuk baizik. Tren horietan, bagoi bakar bateko ate batean, arrapala mekaniko bat zabaltzen da, gurpil aulkiak igotzeko. Baina zertarako, gurpil aulkiak 25 eskailera igo behar baditu geltokira iristeko? Zertarako, arrapala irekitzen denean nasaren mailan gelditzen ez bada?”.

    Segurtasuna

    Irisgarritasunari bezala, bidaiarien segurtasunari erreparatzen dio Eguzkik. 2008an, hemezortzi geltokitan ez zegoen errailak gurutzatzeko pasabide alternatiborik; 2017an, hamazazpitan jarraitzen dute bidaiariek trenbidea gurutzatzen beste nasara igarotzeko. Hainbat geltoki, gainera, ikuseremu txikiko bihurguneetan daude, eta bereziki arriskutsua da trenbidea gurutzatzea. Martutene, Urnieta, Alegia, Itsasondo eta Ormaiztegi dira Eguzkik arriskutsu gisa jotakoak, eta bost horietan ez da ezer egin egoera konpontzeko. “Hor paradoxa bat dago, gainera. Pasabidea duten geltokietan, megafoniatik ohartarazten dute debekatua dagoela trenbidea gurutzatzea; besteetan, berriz, derrigor pasatu behar duzu trenbidea. Eta ez ahaztu urtean bizpahiru pertsona hiltzen direla horrelako tokietan trenak harrapatuta”.

    Alegiako tren geltokia bihurgune itxi batean dago, eta trenbidea gurutzatu behar da nasaz aldatzeko (argazkia: Juan Carlos Ruiz/Argazki Press).

    Alegiako tren geltokia bihurgune itxi batean dago, eta trenbidea gurutzatu behar da nasaz aldatzeko (argazkia: Juan Carlos Ruiz/Argazki Press).

    Geltokien egoera

    Talde ekologistaren txostenean, geltokien egoera orokorra ere aztertzen da: bidaiarientzako estalpeak, komuna badagoen edo ez, txartelak saltzeko leihatilarik badagoen, euskararen erabilera… “Geltoki batzuetan penagarria da jendeak non itxaron behar duen; markesina batzuetan, euria ari badu, toki guztietatik bustitzen zara”. Legorretako egoera bereziki larritzat jo du, nasa batean ez estalperik ez aulkirik dagoelako.

    Geltoki nagusiak kenduta —Irun, Intxaurrondo, Donostia, Tolosa, Beasain eta Zumarraga— Renfeko geltokiak “abandonu egoeran” daudela esan du Beldarrainek, eta 2008tik egin den inbertsio bakarrenetako bat txartelak erosteko makinak jartzea izan dela. “Eta, hain justu ere, inbertsio hori ez da bezeroari begirako inbertsio bat, Renfek diru gehiago eskuratzeko inbertsioa baizik”.

    Euskararen erabilerari dagokionez, aurrez grabatutako mezuak euskaraz eta gazteleraz zabaltzen dituztela dio Eguzkiren txostenak; baina, momentuko gertakari edo atzerapen baten berri emateko bada, mezua gaztelera hutsez zabaltzen dutela. “Eta bezeroari begira lan egiten duten guztien artean, kontrolatzaileak zein txarteldegietan daudenak, bakar batek egiten du euskaraz”.

    2008tik egindako hobekuntzak hutsaren hurrena dira, Eguzkiko kidearen aburuz. “Eta niri ez dit balio Adifek eta Renfek esatea ez dagoela dirurik; AHTa eraikitzeko munduko diru guztia dute, ezin dute horren zati txiki bat erabili hainbeste jendek [eguneko, batez beste 25.000 lagun] erabiltzen duen tren zerbitzua hobetzeko?”. Beldarrainen arabera, AHTa egiteko erabiltzen ari diren diruaren hamarren batekin urtebetean amaituko lirateke Irun-Brinkola linean egin beharreko obra guztiak.

    Adifen proiektuak

    Renfek eta Adifek Hitza-ri adierazi diote etengabea dela trenbide eta geltokien hobekuntza. Adifek emandako informazioaren arabera, irisgarritasuna hobetzeko lau proiektu idazteko enkargua eman zuen iaz; Andoain, Urnieta, Errenteria eta Ordiziako geltokietan, trenbide azpiko pasabidea eta nasara igotzeko igogailuak jarri asmo dituzte. Obra horiek gauzatzeko datarik, ordea, ez du eman Adifek.

    “ZERBAIT PASATU ARTE…”

    Tolosa erdiguneko tren geltokiak irisgarritasun aldetik dituen hutsuneek kezka eragiten dute; ez bakarrik Eguzkiri, baita Tolosako Udalari eta Batzar Nagusietan ordezkaritza duten alderdi guztiei ere —Renferi eskaera egin berri diote aho batez, behar diren egokitzapenak egin ditzan—. Nasara iristeko eskailera mordoa igo behar da, baina arazoa, batik bat, trenera igo eta trenetik jaisteko garaian sortzen da. Brinkolarako norabidean, trenaren eskailera nasatik 60 zentimetrora gelditzen da, eta 20 zentimetro baino gehiagoko altuera hartzen du.

    “Urteak daramatza horrela. Zerbait pasatu arte… Eta horrela jarraitzen badu, pasatuko da”, esan dio Hitza-ri Enkarni Ahedok, Zumarragarako trena hartu aurretik. Berak zailtasunik ez duela dio, baina jende askorentzat trena ez erabiltzeko arrazoia dela. Laida Etxenagusiak egunero hartzen du trena, eta esan du ez dela erraza geltoki horretan jende nagusia topatzea. “Ni gaztea naiz, eta halere kosta egiten zait: igotzeko, eutsi egin behar zaio heldulekuari, eta jaisteko, salto egin behar da. Adineko jendea ia bere burua bota beharrean ikusten duzu maiz, nasara iristeko. Eta umeen orgarekin igo behar baduzu, ahaztu; bakarrik ezinezkoa da”. Etxenagusiak dioenez, adinekoak edo zailtasunak dituzten asko Tolosako beste geltokira joan ohi dira trena hartzera. “Hemen ezin dute hartu. Geltoki honen egoera penagarria da”.

    Legorretako geltokia. Donostialderako trena hartzeko nasan ez dago ez eserlekurik eta ez estalperik (argazkia: Hitza).

    Legorretako geltokia. Donostialderako trena hartzeko nasan ez dago ez eserlekurik eta ez estalperik (argazkia: Hitza).

    Alegian, Brinkolarako bidean, beste hainbeste gertatzen da. Geltokira iristeko eskailerarik ez dago, baina, trena bihurgune batean gelditzen denez, nasatik trenera tarte oso handia gelditzen da. Jesus Mari Zabalak Donostia aldera hartu du trena. Zulo handirik ez dago, eta erraz igo du bizikleta. Arazo gehiago izango du itzuleran, trenetik jaisteko. Zabalak dioenez, ikusi izan du jendea trenaren eta nasaren arteko zulora erortzen. Arriskutsuena, ordea, trenbidea gainetik igaro beharra iruditzen zaio. “Hemen gertatu dira istripuak; duela ez asko, 50 urte inguruko gizon bat harrapatu zuen. Egunero ibiltzen zen, eta, ez dakit zer gertatu zen, konfiantza gehiegi edo despiste bat edo ez dakit, baina trenak harrapatu egin zuen. Gainera, hemen gelditzen ez diren trenak abiadura handian pasatzen dira”.

    Tolosatik iritsi berri da beste tren bat, eta Malen Mujika jaitsi da bertatik, makulua eskuan duela. Alegian ditu alaba eta biloba, eta haiek ikustera joateko hartzen du trena. “Astean behin etortzen naiz Tolosatik, baina ez erdiguneko geltokitik, hor ere oso gaizki baitago trenera igotzeko. Hemen ezin da saihestu, ordea. Derrigor jaitsi behar”. Poliki-poliki eman ditu pausoak, trenetik ez baita beste inor jaitsi hari laguntzeko. “Bi aldiz pentsatu behar duzu hanka non jarri; argi ibili behar da, eta kontu handiz. Jendeak laguntzen badizu, ondo: norbaiti eskutik eutsita jaisten zara; baina inor ez badago…”.

    Trenetik jaisteko ez ezik, itzuleran trenbidea zeharkatzeko ere argi ibili beharra izaten duela adierazi du Mujikak. “Trenbidea gainetik pasatu behar da, baina, geltokia bihurgune itxi batean dagoenez, ia ez du astirik ematen trena datorrela ikusteko: berehala duzu gainean. Arriskutsua da oso, eta jendea hil da hemen trenak harrapatuta”. Mujikak “utzikeriari” egozten dio Renfeko geltokien egoera kaskarra: “Ikusi besterik ez dago nola dagoen geltoki hau: ez dute mantentze lanik edo egokitzapenik txikiena egiten”.

    Estalperik gabe

    “Utzia”, horrelaxe ikusten du Elena Rodriguezek Legorretako geltokia ere. Pisukidea eta biak trenaren zain daude, Andoainera joateko. Kontrako norabideko nasan zergatik dauden galdetuta, behatzarekin egin diote keinua kazetariari beste aldeko nasara begiratzeko. “Ikusten duzu nola dagoen: ezta eserleku triste bat ere. Zain egon behar baduzu, hobe zaude alde honetan; babesean eta eserita. Gu hementxe egoten gara, eta pare bat minutu falta direnean igarotzen dugu trenbidea, beste nasara joateko. Korrika igarotzen gara, badaezpada, arriskutsua baita; baina geltokia zuzengune batean dagoenez, behintzat nahiko ondo ikusten da trenik badatorren”.

    Bost minutu falta direla, trenbidea gurutzatzeko esan dio batak besteari. “Ez, nik gehiago itxarongo dut alde honetan; lunbalgiak ez dit uzten hainbeste denboran zutik egoten”, erantzun dio Alicia Sayagok. Esan dute Legorretan ez dagoela arazorik trenera igotzeko, baina Sayago kezkatuta dago, laster Tolosara bizitzera joango delako. “Erdiguneko geltokiak beldurra ematen dit; sekulako zuloa gelditzen da; arriskutsua da. Pentsatzen dut beste geltokira joango naizela”. Trenean maiz ibiltzen direla esan du Rodriguezek, eta hainbat geltoki ezagutzen dituztela. “Eta, salbuespenak salbuespen, uste dut egoera txarra dela geltoki gehienetan”.


    Partekatu - Compartelo