Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak eta Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako TTIP eta CETAren aurkako kanpainek CETA hitzarmenaren aurkako mobilizazioak iragarri dituzte Gasteizen egindako agerraldi publikoan. Mobilizazioak Europar Batasunaren eta Kanadaren arteko merkataritza libreko itunaren (CETA) aurka Atlantikoaren bi aldeetan sortu den mugimenduaren testuinguruan kokatzen dira.
Hauek dira aurkeztu diren ekintzak:
1) CETA CHECK: CETAren aurkako kanpainak eta Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta CETA itunaren aurka borrokatzen aritu izan gara, eta CETA CHECK on-line tresna jarri dugu gizartearentzat eskuragarri (http://www.ttipez.eus/ceta/), cetariez.eus web-orriaren bidez. Tresna horrekin, nahi duen edonork bere desadostasunaren berri eman diezaieke itun horien alde dauden alderdietako Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako parlamentariei. Hilabete eskas batean, milaka e-mail bidali dira web-orri horretatik parlamentari horien postontzietara. Jarraitu horrela!
2) Ekainaren 3rako mobilizazioak deitzen ditugu Euskal Herrian, estatuko mobilizazio-deialdiarekin bat eginez:
• Mobilizazioen esparruan, zenbait deialdi gauzatuko dira Donostian:
-Elkarretaratzea eta horma-irudi kolektiboa 11:30ean Alderdi Ederren.
-Elkarretaratzea 13:00ean Gipuzkoa plazan.
• Bilbon: 12:30ean kalejira irtengo da Jesusen Bihotzetik.
• Iruñean: 12:30ean elkarretaratzea Karlos III.a etorbidean, Merindadeen plazarekin gurutzatzen den puntuan (gobernu zibilaren
parean).
3) Ekainaren 5ean, Europako Gaietako eta Kanpo Ekintzako Batzordea Eusko Jaurlaritzaren egoitzan bilduko da 11:30ean (1. aretoa). Valoniako parlamentuko ahaldun den Hélène Ryckmans andreak agerraldia egingo du bertan batzordeak hala eskatuta, EH Bildu legebiltzar-taldeko Mikel Otero Gabirondo jaunak eta Elkarrekin Podemos legebiltzar-taldeko Iñigo Martínez Zatón jaunak egindako eskaerarekin bat, merkataritza-itunen gaineko parlamentu-kontrolari buruzko azalpenak eman ditzan. Agerraldi horren xedea da Valoniako parlamentariak azaltzea zergatik agertu zen Valoniako Parlamentua CETA izenpetzearen aurka hasiera batean, eta zer baldintza adostu zituzten Belgikako gobernuarekin azkenean akordioa izenpetzeko, oraindik berresteko badago ere.
Aldi berean, elkarretaratzea deitzen dugu 11:00etan Gasteizko Legebiltzarrean.
Eta egun berean, ekainaren 5ean, 19:30ean, hitzaldia antolatu dugu Aldabeko zentro zibikoan, Hélène Ryckmans (Valoniako parlamentaria), Gorka Martija (Euskal Herriak TTIP-CETAri ez) eta Nora Onaindia (Eskubide Sozialen Karta) parte hartuko dutelarik bertan.