Albistea

  • Metroa gelditzeko Kontxara Martxa deitu du Satorralaiak larunbatean

    2017-07-11
    Partekatu - Compartelo

    metrom.pngSatorralaia bizilagunen mugimenduak Kontxara Martxa deitu du uztailak 15 larunbatean Donostiako Metroaren pasantea gelditzea aldarrikatzeko. Hori dela eta, eguerdiko 12etan Easoko tren geltokitik abiatuta egingo den mobilizazio honetan partehartzeko deialdia egiten dugu; martxa Kontxako Erlojuetan amaituko da, non hondartzan ekintza sinboliko bat egingo den, hain zuzen ere Eusko Jaurlaritzak Metroa Kontxako hondartzaren azpian eraikitzeko proiektuarekin aurrera segitzen duela salatzeko.

    Satorralaiak Metroaren pasantea Kontxako hondartzaren azpian eraikitzeko Madrilgo gobernuak eman berri duen Kosten baimena  astakeria bat dela salatzen du.

    Joan den ekainaren 14ean Espainiako Itsasertzetako Zuzendaritzak obra hau Kontxako hondartzaren azpian eraikitzeko baimena eman duela salatzen dugu, astakeria bat delako. Erabaki horren erabateko gardentasun falta nabarmendu behar da gainera, Itsasertzetako Zuzendaritzak ez baitie alegazioak egin zituzten 156 pertonei erantzunik emango, eta Kosten txostenaren kopiarik ere ezin baita eskuratu. Berriro ere Administrazioaren jarduera opako batekin egiten dugu topo, eta Espainiako Gobernuak arrazoibide guztien gainetik igaro den bultzada politiko bati erantzunez eman diola susmatzen dugu Jaurlaritzari obra hori egiteko baimena. Zapalgailu politikoa jarri da abian, inongo eztabaidarik onartzen ez duen hertsikeriarekin. Kontxako hondartzako itsas-lurren azpian proiektuak 375 metroko luzera eta 33-35 metroko sakoneran duen afekzioa handia izango da. Kosten txostenari buruz informazio zabalagoa emango dugu uztailak 13 ostegunean goizeko 11’30etan Kontxako Erlojuetan egingo den prentsaurrekoan.

    metro3.jpg

    Jaurlaritzak “Mirakontxa-Easo” zatia erakitzeko hiri-erdialdean eta Amaran desjabetzak abian jarri ditu

    Halaber, Eusko Jaurlaritzak “Mirakontxa-Easo” zatia eraikitzeko asmoz hiri-erdialdean eta Amaran desjabetzak egiteko abian jarri duen prozedura salatzen dugu. Metroaren tarte honen eraikuntza-lanek hirigunean arazo larriak eragingo lituzkete eta San Martin, Easo, San Bartolome eta Loiola kaleetan, nahiz Zubiri Plazan (Londres Hotelaren parean) eremu publiko zabalak okupatzea dakarte berekin. Udalaren ediktuen taulan argitaraturiko iragarkiaren arabera informazio publikoaren epea uztailaren 27an amaituko da eta bertan desjabetzen planoak daude:

    http://www.donostia.eus/info/ayuntamiento/edictos.nsf/vAnexos/8DC666224DA362F1C1258154004101C0/$File/RESOLUCION%2022-06-2017-2%20INFORMACION%20PUBLICA.pdf

    Hori dela eta, herritarren erantzuna bultzatzeko asanblada informatiboa batera deitzen duguuztailak 20 ostegunean, arratsaldeko 7etan Amarako Eskoletan (sarrera Larramendi kaletik).

    Metroaren pasasanteak inposizioaren bidetik egiten du aurrera. Gehiegikeria eta zentzugabekeria da 200 milioi euro gutxienez xahutzea bisitariak hiri-erdialderantz 400 metro hurbiltzeko: horren ordainetan, Kontxako hondartzako jabari publikoko itsas-lurretan eragindako afekzioaz gain, azpiegituraren inpaktu fisikoak eragin handiak eta arriskugarriak izango lituzke hirigunean eta trazadutik hurbil dauden eraikinetan (kalteak nozitu ditzaketen 311 eraikin zerrendatu direla gogora dezagun). Halaber, Metroak hiriko Dbus autobusen zerbitzuetan izango lituzkeen ondorioak aipagarriak dira, hirigintzaren arloan ekarriko lituzken eraldakuntzak bezalaxe. Azpiegitura faraoniko honen onura publikoa kasik ezdeusa da ordea Donostiako eta Gipuzkoako herritarrentzat. Soilik Donostiako erdialdean jada neurriz kanpo hedatu diren merkatal denda handien sektorea eta hiriak nozitzen duen turistifikazio hazkorra indartuko lituzke; eredu horrek Donostiako bizitza sozialean dituen eraginak nabariak dira, etxebizitzen garestitzea, prekarietatea eta masifikazioaren areagotzearekin. Azkenik, benetazko interesa Obran, faraonikoan, eta agintaldiak utzi beharreko arrastoan eta oroimenean datzala antzematen dugu. Gogoratuko dugu bai, alajainkoa!

    Hori denagatik, uztailak 15 larunbatean Kontxara egingo den martxara biltzeko dei egiten dugu, Metroaren pasantearen proiektua gelditu eta herritarren parte-hartze betea eta zuzena bermatu behar duen eztabaida eta erabaki prozesu bat ireki dadin aldarrikatzeko.

    Metroaren pasantea gelditzeko Satorralaia bizilagunen mugimendua

    Informazio gehiagosatorralaia.wordpress.com


    Partekatu - Compartelo