Satorralaia bizilagunen mugimenduak deituta, 3.000 lagunetik gora manifestatu dira gaur arratsaldean Antiguatik Alderdi Ederrera Donostian Metroaren obrak hasteko Eusko Jaurlaritzak duen asmoa arbuiatzeko eta jendartean desadostasun zabala pizten duen proiektu hori geldiaraztea exijitzeko.
Manifestazioa arratsaldeko 5etan Antiguako elizatik abiatu da, “STOP METROARI, INPOSAKETARIK EZ!” zioen pankarta buruan, eta Artzai Onaren Plazan eta hiri-erdialdeko kaleetan jende gehiago bildu da, bulebarrera iristean 3000 lagun inguru elkartu dituen mobilizaziora. Eskuetan “STOP Metroari” zioten ehundaka kartel hartuta eta Metroaren aurkako oihu eta kanta ugarirekin lagunduta egin dugu Metroaren inposaketaren aurkako aldarria. Aldi berean, talde batek txalupa batekin egin du protesta, Kontxako badian barrena Metroaren aurkako pankarta eta banderolak erakutsiz.
Gaurko manifestazio jendetsuaren ondoren, Satorralaia bizilagunen mugimenduak datozen egunetan Antiguan Metroaren eraikuntza lanen hastapena eragozteko egingo diren mobilizazio eta ekintzetan partehartzera dei egiten du: honi dagokionean, denon artean Metroa gelditzea badagoela adierazi nahi dugu eta lanak hasiko balira horiek geldiarazteko obraren hastapen-gunera mobilizatzeko urjentziazko deialdia egingo da. Halaber, datorren ostegunean arratsaldeko 5etan Zarautz Etorbideko eremu kaltetuan egingo den asanbladara biltzeko dei egiten diogu jende guztiari (Zarautz etorbidearen 60 zenbakiaren ondoan).