Albistea

  • Berriz ere iragarri dute Renfek Mugi txartelarekin bat egingo duela

    2018-05-18
    Partekatu - Compartelo

    mugi-renfe1[1]Egunotan berriz ere iragarri dute Renfek Mugi txartelarekin bat egingo duela. Badirudi Sustapen Minesterioa eta Gipuzkoako Foru Aldundia behingoz ados jarri direla Renfeko aldiriko zerbitzua urtean zehar erabiltzen duten 6 milioi bidaiariek Mugi txartelaren onurak izan ditzaten.

    Albiste ona da, berandu badator ere.

    Izan ere, hamarkada oso bat daramagu entzuten Renfek, “laster”, Mugirekin bat egingo duela. Gogoratu 2017ko urrian Mugikortasun diputatu Marisol Garmendiak akordioa urtea bukatu baino lehen gauzatuko zela iragarri zuela. Urtea bukatu zen, ordea, eta Renfek Mugitik kanpo jarraitu zuen. Diputatuak epe berri bat iragarri zuen, “kontratuaren letra txikia baino ez zela falta” argudiatuta. Baina epe berria ere agortu egin zen.

    Prentsa-albiste hau iazkoa da.

    Prentsa-albiste hau iazkoa da.

    Oraingoan bai, oraingoan ematen du akordioa adostu dutela, baina, hala ere, 6 bat hilabete itxoin beharko da benetan gauzatu arte.

    Renfek bere planak sarri atzerapen handiarekin betetzen dituela kontuan izanik (horra hor geltokietako segurtasuna eta irisgarritasuna hobetzeko proiektuak edota Gaintxurizketako tunela), ez litzateke harritzeko izango baldin eta 2018 bukatu eta Mugi txartelatik kanpo jarraituko balu.

    Gauzak horrela, Eguzkitik gai honen inguruan itxoiten dugun albiste bakarra da Renfen Mugi txartelaren deskontuak aplikatzen hasiko diren egunekoa.

    Akordioaren “letra txikia” ezagutzea ere falta da, hau da, zehatz-mehatz nolako deskontuak aplikatuko diren.

    Ez da begi-bistatik galdu behar Mugi sistemaren helburua herritar apalenen bidaiak merkatzea dela, baina baita herritarrak, oro har, garraio pribatu motordunetik garraio publikora erakartzea ere. Eta horretarako tarifa erakargarriak ezartzea ezinbestekoa da.

    Beraz, zain jarraitzen dugu, ea Renfen noiz mugitu gaitezkeen Mugirekin.

    EGUZKI


    Partekatu - Compartelo