Leitzako trikuharri baten gainean eraikitako ehiza-postuak hautsak harrotzen jarraitzen du
2018-05-28
Partekatu - Compartelo
Ehiza-postua trikuharriaren gain-gainean. Beheko partean, ezkerrean, argi eta garbi ikus daiteke monumentuaren seinalea.
Leitzako trikuharri baten gainean eraikitako ehiza-postuak hautsak harrotzen jarraitzen du.
Joan den astean sare sozialetan eginiko kritiken ondorioz, erreakzio bat izan da, batez ere Udalaren partetik, eta astebururako postua eraitsita zegoen.
Ehiza-postua, dagoeneko eraitsita.
Halaber, megalitoetan eskarmentu handia duten pertsonek trikuharria igandean bisitatu eta, espero zitekeen bezala, ehiza-postuak kalte handiak eragin dizkiola nabarmendu dute. Ikus:
Ehiza-postuak trikuharrian egindako kalteak nabarmenak dira.
Ehitzarien Elkarteak ohar bat plazaratu eta, bertan, bere burua zuritu nahian, ehiza-postua “plan ofizialak markatutako tokian” zegoela adierazi zuen. Baina informazio berriak bildu ahala, nahiko garbi iruditzen zaigu ez dela “zehatz-mehatz” horrela.
Nolanahi ere, jarraitzen dugu guztiz beharrezkoa ikusten Nafarroako Gobernuak, Ingurumen zein Kultura sailetatik, azalpenak ematea. Zer gertatu den argitu, kalteak aztertu, ahal den neurrian konpondu eta, jakina, erantzukizunak eskatu ditzala. Eta eskaera hauek guztiak laburbiltzen dituen idatzi bat erregistratu dugu gaur bertan.
Ehiztariak asko dira eta horien artean denetarik dago. Alabaina, kolektibo gisa, beti kexaka ari dira zeren eta, haiek berek aitortzen duten bezala, gizartearen aurrean irudi txarra baitute. Gizarteak ez omen ditu “ulertzen”. Errepasatu, bestela, joan den apirileko manifestazioetan egin zituzten adierazpenak. Eta nor dira irudi txar horren erantzuleak? Ekologistak, animalistak, mendizaleak… eta, egia esan, ehiztari ez den ia edonor. Baina behar bezala seinalizatuta zegoen trikuharri baten gainean ehiza-postu bat eraiki dutela ez du inork asmatu. Horrelako gauzak gertatzen dira errealitateari eskopetaren kanoi-zuloetatik bakarrik begiratzen zaionean.
EGUZKI
PS.- Hona hemen joan den astean gai honi buruz plazaratu genuen albistea: